antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2009/03/23

ETORKINEK ERE HERRIAREN ERAIKUNTZAN DAGOKIEN PAPER AKTIBOA ALDARRIKATZEN DUTE

Xenofobia handiena estatuek ezartzen dute euren lege baztertzaileen bidez. Hala dio Anitzak elkarteak Arrazismoaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Honen aurrean euskaldun eta kanpotarrok bat egin behar dugu, giza eskubideen eta herri eraikuntzaren aldeko borrokak osagarriak direnaren jakitun», aldarrikatu dute.

Xole Aramendi (Gaur8)
Etorkinak, gizarte eta kultur eragileak, sindikatuetako ordezkariak... guztiak bilduko dira datorren larunbatean arrazismoari eta xenofobiari ezetz esateko. Berez gaur ospatzen da mundu osoan Arrazismoaren Aurkako Eguna, baina Anitzak etorkinen elkarteak hilaren 28ra atzeratu ditu aldarrikapena eta festa batuko dituzten ekitaldiak.

Victoria Mendoza eta Marcos Nanclares Anitzak kolektiboko kideekin bildu da GAUR8. Mexikarra lehena eta madrildarra bigarrena, gertutik ezagutzen dute etorkinek gure herrian bizi duten egoera, baita euskal gizarteak aurrean dituen erronkak ere.

Biek azpimarratu dute orain arteko eskema paternalista eta estatalista gainditu eta Euskal Herrian eredu propioa eraikitzearen beharra. «Estatuek, euren politika arrazista eta xenofoboekin, guztion eskubideak zapaltzen dituzte, izan euskaldun ala etorkin -adierazi du Marcos Nanclaresek-. Goazen guztiok elkartu eta elkarrenganako onespena bultzatzen duen eredu berria sortzera».

Herri eraikuntza eta giza eskubideen aldarria ez daude elkarren aurka, are gehiago, osagarriak dira Anitzak elkarteko kideen ustez. «Aliantza politikak bultzatzeak legitimitate plusa ematen dio borrokari. Gure lana da herri eraikuntzan lanean ari direnen artean immigrazioa, prozesu honetan, estrategikoki oso baliagarria dela azaltzea. Batetik, mahai gainean jartzen du subiranotasun politikoaren beharra, immigrazio prozesuak sortzen dituen aldaketetan positiboki eragin dezan, hala nola hiritartasun eskubidean eta nazionalitate eskubidean. Tresna politikoak eskura izatea ezinbestekoa da. Atzerritar Legea aplikatzea estatuei dagokie eta estatuak dira herritarrak zein diren erabakitzen dutenak. Guk diogu garaia dela Euskal Herrian bizi garenok, gure jatorria zein den alde batera utzita, hau guztia erabaki dezagun».

Honen harira, hurrengoa dio Nanclaresek: «Estatu espainiarretik ezker abertzaleari leporatzen zaio arrazismoa sustatu eta bigarren mailako hiritarrak sortzea. Zuek, PPk eta PSOEk, diozue hori Atzerritar Legearekin bigarren mailako hiritarrak ez, baizik laugarren edo auskalo zer mailako hiritarrak sortzen dituzuenean? Hori ere mahai gainean jartzen du. Eta azkenik, maila politikoa etika eta moralari lotzeko joera nabarmena dagoen gizarte honetan, agerian uzten du euren arrazoibide bakarra pribilegio espazioak babestea dela. Kanpotik datozenen beldur dira eta berdin zaie hesi bat eraikitzea, kanpotar asko bidean gelditzen badira ere. Ceutan ikusi genituen irudiak gogoratu besterik ez dago».

Anitzak kolektiboa bake prozesua abian zegoen garaian sortu zen. «Etorkinok, herri honen partaide sentitzen garen neurrian, gure ekarpena egin nahi izan genuen, kanpotik datozen askok esperientzia baitute euren herrialdetako gatazken konponketan -azaldu dute-. Ez zuen ibilbide luzea izan, prozesuaren bilakaerak hala baldintzatuta, baina birtualtasun garrantzitsua izan zuen gure sorrerak. Lehen aldiz, etorkinok, lehen pertsonan, inolako bitartekaritzaren beharrik gabe, nazio perspektibaz, eskubide politikoez hitz egiten hasi ginen. Subjektu politiko bezala gure paper aktiboaren aldarria egin genuen».

Victoria Mendozaren ustez gauzak oker egin dira eta gaur egun nagusi diren kaosa eta nahasketa horren emaitza dira. Euskal gizartean indarrean dauden estereotipo eta aurreiritziak aztertu ditu Anitzak elkarteak eta horien artean bat nabarmentzen da, «kanpotarrak lana kentzera datozenaren ideia», nahiz eta Estatu espainiarreko beste zonalde batzutan bezain zabaldua ez egon uste hau. «Orain arteko migrazio politikek, guztiok, bertakoak eta kanpokoak, batu ordez banatzea dakarte. Jende askoren ustea da laguntza guztiak etorkin eta ijitoentzat direla eta beraiek, aldiz, arrazismoa dagoela pentsatzen dute artean, euskaldunek ez dakitela zer den lan bila ibiltzea eta lan kontraturik ez izatea. Borroka ezin dugu bakarka egin. Ezin ditugu zerbitzuak etorkinentzat edo emakume etorkinentzat soilik ipini bertakoek ere arazoak dituztenean. Etorkinek bertako kultura ere ezagutu egin behar dute eta askotan ez da hori errazten», nabarmendu du Mendozak.

Ezjakintasuna bi aldetakoa da eta ondorioa, beldurra. «Arrazismoa eta xenofobiaren katalizatzaile nagusia ezjakintasuna eta horrek sorten duen beldurra dira. Asko, gainera, hori sustatzen ari dira», argitu du Nanclaresek.

Gaur egun bizi dugun testuinguru ekonomikoan kokatze aldera, krisi garaiotan estatuak langileak elkarren aurka jartzeko egiten ari diren saiakerez ohartarazi dute. «Krisi garai honetan, kontuz ez bagabiltza, arazoak sortuko dira», esan du Victoria Mendozak.

«Ez da kasualitatea. Europar Batasunaz kanpoko etorkinak dagoeneko ari dira ondorioak nozitzen. Kapitalismo globalaren errua da eta beste edozer esatea atentzioa desbideratzen saiatzea da, besterik ez. Gezurra da lan merkatuaren prekarietatea eta langabeziaren igoera etorkinek sortu dutela; beraiek hona etortzea kapitalak bilatu duen baldintza da. Mugak itxi eta eskubiderik gabeko langileak egon daitezen interesatzen zaio kapitalismoari», gaineratu du Nanclaresek.

Honen aurrean, Euskal Herri osora zabalduko duen prozesu partehartzailea jarri du abian Anitzak elkarteak. «Gurea bezalako herri minorizatua eraikitzeko bidean dugun aniztasuna nola kudeatu ikusi behar dugu -azaldu du Nanclaresek- Herritar guztiek elkar ezagutzea, elkarrekin lan egitea, erronken jakitun izatea eta zein konponbide eman ikustea da helburua. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako hainbat herritan martxan dago jada eta pixkanaka hedatuz joatekoak dira. «Herri bakoitzean lehen argazki bat egingo dugu, bertako errealitatea azalduz. Diagnostiko kuantitatiboaren ondoren foroak sortuko ditugu, gizarte eragile eta herritarrek osatuta. Eztabaidaren ondoren, diagnostiko kualitatiboaren garaia izango da, parte hartzaileek gaiaz duten pertzepzioa oinarri hartuta».

Anitzak elkarteak bultzatutako ekimen zabal honek orain arteko uste eta zenbaki asko hankaz gora jarriko ditu. «Estatu espainiarretik iritsitako pertsonak kontuan hartuko ditugu, orain ez bezala, etorkinez hitz egitean soilik Europar Batasunaz kanpokoez ari baitira. Eta errealitateak erakusten du gehienak, hamar etorkinetatik sei, Estatutik datozela; bi bakarrik Europar Batasunaz kanpotik eta beste bi Europar Batasunatik. Honekin batera, Ipar Euskal Herriko biztanleak euskaldun gisa agertuko dira, hainbat azterketetan egin ez den moduan», argitu dute.

Herrietan egingo duten diagonosi azterketa Euskal Herri mailara zabaltzeko asmoa dute eta dagoeneko hasiak dira lehen pausuak ematen.

«Anitzak Hitzak» ikuskizuna
Pantaila erraldoi bat, bost bideo sortzaile, Asier Ercilla (musika programazioak, teklatuak eta trikitixa) eta Dabid Nanclares (gitarra eta ahotsak) musikariak, MC Lahaine hip-hop abeslaria eta Xabier Silveira bertsolaria, guztiak zuzenean. Hauxe da “Anitzak hitzak”, musika, bertsolaritza, hip-hop estiloa eta multimedia nahasten dituen egitasmoa. Migrazioaren fenomenoari eginiko begirada berritzailea.Anitzak kolektiboak Korrika Kulturalerako propio sortu du ikuskizuna eta saio berezia prestatu dute datorren larunbaterako Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, 22.00etatik aurrera. «Egunari amaiera polita emateko aukera da», esan du Marcos Nanclaresek.Durangoko emanaldia berezia izango da, musikari gehiago igoko baitira agertoki gainera. «Gonbidatu bereziak izango ditugu: MC Lahaine hip-hop abeslaria, Angolatik Beto Snay, Marokotik Zhoeir MC eta kitarra flamenkoan Enriquerekin batera Invert dantzaria break dance eginez», azaldu du Eneko Aldai ikuskizunaren ekoizpenaren arduradunak. Bere esanetan, «bat-batekotasunean oinarritutako migrazioaren inguruko hitzaldia plazaratuko dute bertsolariak eta hip-hop abeslariak, benetako bizipenen grabazioekin lagunduta».Ordu eta laurden irauten du ikuskizunak eta badu berezitasunik, musika eta hitzak kuadrafonia sisteman entzungo dira eta. Irudiak, berriz, 9x6 metroko pantailan ikusiko dituzte bertaratzen direnek. Joan den asteburuan Oreretan estreinatu zen «Anitzak hitzak» ikuskizuna eta apirilaren 3an, berriz, Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ondoren, Euskal Herriko beste hainbat agertokitara ere eramango dute.

No hay comentarios:

Archivo del blog