Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/05/13

Iruñerriko Ekintza Antifaxista

"... joera eta ideologia desberdinetako pertsonak, fronte antifaxista, antikapitalista eta antiarrazista amankomun bat martxan jartzeko bildu dira eta mugimendu antifaxistaren koordinaziorako eta auto-antolakuntzarako deia luzatu dute."


Iruñerriko Ekintza Antifaxistaren oharra:


Azkenaldian bildutako Iruñerriko asanblada antifaxistak, koordinakunde iraunkor baten martxan jartzearen berri eman nahi du, aurrerantzean Ekintza Antifaxista Iruñerria izena hartuko duena.Nafarroako kaleetan azken hilabeteetan jasotzen ari diren gertaera larrien aurrean, joera eta ideologia desberdinetako pertsonak, fronte antifaxista, antikapitalista eta antiarrazista amankomun bat martxan jartzeko bildu egin gara.


Ekintza Antifaxista Iruñerriak ondoko irakurketa politikoa elarazi nahi dio Nafarroako gizarteari:


1.-Instituzio ofizialak.
Urte asko daramatza Nafarroak egoera politiko larria pairatzen. Hainbat belaunaldi, legitimitate eskaseko alderdi politiko eta instituzioen agindupean, kanpotik inposaturiko eginbeharren kontrolpean izan dira. Haiekin batera, aipatzekoak dira sindikatu ofizialak, uneoro ugazabekin batera akordioak sinatzen jarraitzen dituztenak, langileriaren interes orokorraren aurka; Eliza eta Opus Dei, beren doktrina erradikalak zabaltzeko erraztasun guztiak dituztenak; eta nola ez, kolore guztietako poliziak, aurreko guztiei babesa ematea helburu dutenak.


2.-Oinarriak: Presentzia eta errepresio poliziala.
Nafarroa eta zehazki Iruñerria, estatu espainoleko egitura politiko eta polizialen froga-gune bihurtu da, Europako presentzia polizial handienetako zonalde geografikoa izanda, bai indar polizial eta militarren kopuruagatik, bai hauen prestakuntza altuarengatik. Mehatxuak eta erasoak, salaketak kalea ekintza publikoetarako erabiltzeagatik, kontrol polizialak eta jazarpen sistematikoak auzo eta herrietan egunerokoak dira. Ekintza kulturalen eta ekimen herrikoien gutxiezpena, Euskara, euskal kultura eta ezarritakoaren kanpo burutzen diren proposamenen aurkako jazarpenarekin batera.


3.-Eskuinmutur eta nazi-faxista kutsudun taldeen ugaltzea.
Azken hileotan talde nazi-faxistak ugaltzen hasiak dira gure kaleetan, Iruñeako alde zaharreko toki desberdinetan beren presentzia finkatuz, hala nola, Nafarroako beste hainbat auzo eta herrietan. Eskuinmuturreko erakundeen ekitaldi publikoak nabarmenak dira: faxista izaera duten elizkizunak, abortoaren kontrako kontzentrazioak eta beste hainbat, mezu eta deialdi ezkertiar faltsuetan mozorratzen direnak. Euren propaganda kanpainak, gure auzo eta herrietako toki desberdinetan nabaritu egin dira, egitura polizial eta epaitegien zigorgabetasun nabaria erakutsiz. Soberan badakigu zeintzuek osatzen dituzten gure kaleak zabor faxista eta arrazistaz betetzen duten talde horiek, faxismoaren eta xenofobiaren apologia eginez: beren funtzio publikoa betetzen ez daudenean, barnean daramaten gorrotoaren erakuspena egiten duten horiek.


4.-Eraso eta atentatuak.
Askoz larriagoak dira azken hilabeteetan Iruñeako zenbait gaztek jasandako eraso fisikoak, talde deskontrolatu nazi-faxista desberdinengandik jipoiak jaso dituztenak. Beste hainbatek ere, talde hauen jazarpena jasan dute, zorionez saihestu ahal izan dituztenak. Aipatzekoak dira gizarte mugimenduaren gune eta lokalen kontra burututako atentatu antolatuak. Haien artean Tuterako Herriko taberna eta Argia Ikastola, Argedaseko Zisko Bardenero, Barañaingo edo Zizurko gaztetxeak, edo Iruñeako S.O.S. Arrazakeriaren egoitzaren kontrako erasoa, batzuk aipatzeagatik.


5.-Difusio eta oroimen historikoarekin konpromezua.
Aurrerantzean, eskuinmuturreko taldeen jarrera eta jardueren berri emateko lan egingo dugu, guztiontzat bozgoragailu eginez, gure kaleetan gertatzen dena guztion ahotan egon dadin. Borroka antifaxista, frontearen lehen herronkan ipintzeko konpromezua hartzen dugu Iruñerriko gizarte mugimenduekin, herri mugimendu osoa arrazismoaren, faxismoaren eta kapitalismoaren kontrako borrokarekin partaide izatera bultzatuz. Memoria historiko duin baten aldeko borroka konpromezua ere hartzen dugu, gaur egun oraindik Nafarroako mendi eta bide bazterretan galdutako duintasuna berrezkuratuz, gure aiton-amonek aurrera eramandako borroka antifaxistan sinisten dugulako. XXI mende honetan, haiek aurrera eramandako borrokaren lekukoa hartzen dugu, euren memoria behar bezala duindua izan dadin erreibindikatuz. Intolerantziaren eta arrazismoaren apologia egiten duten alderdi politiko, erakunde, eta taldeak publikoki salatuko ditugu, erantzuleak identifikatuz.


6.-Koordinazio antifaxistari deialdia.
Gure auzo eta herrietan bizitzen ari den egoera larri honen aurrean, Iruñerriko mugimendu antifaxistaren koordinazioari eta auto-antolakuntzari deialdia egiten diogu. Arrazismoaren, faxismoaren eta jarrera xenofoboen aurka. Ohiko komunikabide, alderdi politiko eta instituzio ofizialen isiltasunaren eta axolagabekeriaren aurka, zenbait kasuetan talde hauen jardueren alde argi eta garbi agertzen direnak eta beste kasuetan, beren poltrona eta bulegoetatik kanpo dagoena gutxiarazi, isilarazi eta kriminalizatzen dute. Biolentzia patriarkal eta matxistaren aurka.Koordinazio iraunkor baten alde. Multikulturalitatearen, etorkinen integrazioaren eta elkarbizitzaren alde.


Kontzientzia politiko eta sozialaren alde, borrokazalea eta antifaxista.


Batasun antifaxista: abertzaleak, anarkosindikariak, anarkistak, autonomoak, komunistak, independentistak, okupak, libertarioak, errepublikanoak, sozialistak...Eraso faxistak eta jarrera xenofoboak salatu itzazu, antolatu eta borrokatu faxismoaren kontra.


Gurekin kontaktuan ipintzeko: antifaekintza@gmail.com

Archivo del blog