Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/08/28

Berriro ere, faxismoa mehatxuka

"...eraso hauek dakartzaten inplikazioei buruzko hausnarketa ere beharrezkoa dugu, etorkizunean haiek sahiesteko, eta memoria historikoa berrereskuratzeko mugimenduaren helburu nagusienetako bat lortze aldera: Inoiz ez berriro ere faxismorik!"


Memoriaren Bideak eta Bidankozeko Bulgua * E.H

Berriro ere, faxismoaren mehatxuzko presentzia erasokorraren lekuko izan gara. Berriro ere, bere ankerkeriak salatzeko eta bere biktimak omentzeko oroitarriak erasotuak izan dira Nafarroako eskualde ezberdinetan. Iadanik ezaguna denez, Iruñerriko zenbait hilerrietan txikizioak egin dituzte faxistek, baita Ezkaba mendian San Cristobal espetxeko presoen aldeko oroitarrian edota Igari eta Bidankoze tarteko mendatean dagoen eskulturan ere, frankismoaren esklaboen omenezkoa azken hau. Agerian gelditu denez, eraso koordinatua izan da, eta horren barrenean hainbat pertsonei egindako dei anonimoak ere aipatu behar dira.

Gauzak horrela, beharrezkoa da gertakarion salaketa publikoa, eta horregatik ere poztekoa da Nafarroako indar politiko guztiek horrela egitea, Partido Popularraren salbuespen esanguratsuarekin. Hala ere, salaketa publikoak ez ezik, ekimen judizialak ez ezik, eraso hauek dakartzaten inplikazioei buruzko hausnarketa ere beharrezkoa dugu, etorkizunean haiek sahiesteko, eta memoria historikoa berrereskuratzeko mugimenduaren helburu nagusienetako bat lortze aldera: Inoiz ez berriro ere faxismorik!.

Gure ustez, hausnarketa horrek honako aspektak aintzat hartu beharko luke.

1. Eraso hauek agerian uzten dute oraindik ere batzuek onargarriak deritzotela 1936an hasitako hilketa masiboari eta gerrari. Are gehiago, erasook portaera hauek salatzen eta deslegitimatzen jarraitzeko beharra erakusten digute. Zoritxarrez, hauxe ez dugu iraganeko kontua, gure artean batzuek begi onez gogoratzen dute gurutzadetako garai horiek, eta hori, garaiko biktimentzat izan ezik, giza eskubideen defentsa aldarrikatzen dugun guztiontzat kexkagarria izan behar du.

2. Horretaz gain, azpimarratu egin behar da eraso hauek ez direla lehen aldiz gertatzen, eta hala ere oraindik ez da inongo ekimen instituzionalik eman gertaera horiek argitzeko asmoz. Ematen du faxismoaren presentzia eta mehatxuak ez direla lehen mailako kexkak, gure gobernarientzat behintzat. Zergatik horrelako pasibitatea? Kasualitatea al da eraso hauek egiten dituztenak inpunitate giro batean aritzea?

3. Bestalde, pasibitateari ez ezik, salagarria ere deritzogu frankismoa erabat gainditzeko memoria politikak bultzatzeko erakundeen borondate ezari. Ez zen egin trantsizioan zehar, ez zen guztiz burutu Memoria Historikoaren Legearekin, eta oraindik ere, Nafarroan agintean dagoen partiduak, UPNk, ez dio kendu nahi Iruñeko plaza baten izena frankismoaren Justizia Ministroa izan zenari, Rodezno Konteari, hain zuzuen ere, nahiz eta horrela legearen kontra jokatu. Guzti hau pentsaezina litzateke diktaduretatikateratako beste herrialde batzuetan, Alemania, Argentina edota Hego Afrikar Errepublikan, adibidez, herrialde hauetan geurean baino askoz askatzaileagoak izan direlako memoria politika publikoak.

4. Guzti horren ondorioz, beharrezkoa da gizartearen lana eta mobilizazioan jarraitzea, biktimen eskubideak errespetatzeko (egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparazkiorako eskubideak, alegia) eta gizarte eredu bidezkoago bat lortze aldera. Zeregin horretan urteak daramatzate memoria elkarteek, modu publikoan, baketsuan eta irmoan lanean, eta horrela jarraituko dugu faxismoaren presentziari aurre eginez, eraso eta mehatxuen gainetik.

5. Bukatzeko, esanguratsua zaigun zerbait aipatu nahi dugu. Igari eta Bidankoze tartean frankismoaren esklaboen omenezko monolitoan faxistek bakearen usoaren eskultura indarrez kolpatu egin zuten, burua kentzeraino. Gerra eragin zuten, eta harro daude horretaz. Kexkagarria. Lotsagarria.

Archivo del blog