Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/08/18

Gorrotoaren kontrabandistak

"Bereizketa bakoitzean gorroto-haziak ereiten ditugu; izan ere, ezberdinak direnak menderatzeko grina sustatzen dute estatuek eta erlijioek"

Pako Aristi (Hitzerdi patsetan-BERRIA)
Etnia arteko gorrotoak Xinjiang sutan jarri du», zioten duela gutxi egunkarietako izenburuek. Uigurrak eta Han etniakoak bizi dira probintzia horretan, eta eraso odoltsuak izan dira elkarren artean.

Georgiako presidenteak hitz egin du, eta esan du: «Errusia da gure etsai bakarra». Honduraseko estatu kolpeak sortu duen nahaspilaren erdian, Euskadi Irratiko esatariak gerra zibilaren arriskuaz ohartarazi nahi gintuen, esanez: «Hondurasen arma asko dago, izan ere, zibilen eskuetan».

Horra mundua izorratzen duten hiru gauza, gizakiaren hiru asmakizun: etniak, mugak eta armak. Hermann Hesseren hitzak ditut gogoan, nerabezaroan irakurri eta geroztik ahaztu ez ditudanak. Aski izan zitzaizkidan antimilitarista bihurtzeko. Honela zioen: «Gorroto ditut mugak, ez dago gauza ergelagorik. Kanoiak bezalakoak dira, jeneralak bezalakoak. Zentzuz bizi garenean, gizatasunez eta bakean, ez gara ohartzen existitzen direnik ere, eta irribarre egiten dugu haien aurrean. Baina gerra eta eromena datozenean, sakratuak bihurtzen dira».

Bat zena, bat ginena zatitu dugu mila sailkapenetan. Herrialdeak dauzkagu, gobernuak, probintziak, bailarak, arrazak, etniak, azpi-etniak, agintariak, esklaboak, zerua koadrikulatu dugu aireko espazioaren taulan, itsasoa ere miliatan bereizia daukagu; arrainak banderatxo ezberdinekin datoz gure mahaira.

Erlijioek are gehiago zatitu gaituzte. Batzuk kristauak dira, besteak musulmanak, hinduak, juduak, kalbinistak, jainistak, protestanteak, Jehovatarrak, eta arrazoiz dio Wislawa Szymborskak poema batean: «Gizakia bakarrik izan liteke zinez atzerritar». Animaliak ez dira atzerritar inon, ez dutelako mugarik sortu. Grazia egiten dit mesfidatiak galdetzen duenean: «Antxoa hori nongoa da?». Nongoa nahi duzu, Argentinakoa? Marokokoa? Mediterraneokoa? Nongoa izango da, bada? Itsasokoa.

Unibertsoak agertzen duen batasunean salbuespen zikoitzak gara gizakiak. Lurraldeak, itsasoak, espiritualtasuna, jaioberrien azal kolorea, begien forma, dena sailkatu eta zatitzeko gure joerak sortzen ditu gerra guztiak. Bereizketa bakoitzean gorroto-haziak ereiten ditugu; izan ere, ezberdinak direnak menderatzeko grina sustatzen dute estatuek eta erlijioek. Inbasio guztiak diferentziaren izenean burutzen dira, edozein delarik ere diferentzia hori.

Asimilazioa, izua zabaltzea, talde definituen jazarpena eta gerra ohiko mugimenduak dira gure munduan. Ezberdintasuna ereiteko mugak asmatu zituzten; gorrotoa zabaltzeko etniak; armak gure hartu-emanen oinarri.

Eta Hessek sumatu bezala, tamalez sakratu bihurtu dira.

Archivo del blog