Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/11/09

Berlingo harresia 20 urte geroago

"...atzoko harresiak erori bezain laster harresi berriak eraiki zituztela badakite langabeek, pentsionistek, eskaleek, ijitoek, gutxitutako nazioek eta langileek"

Cartas del Este
1989ko azaroaren 9a data historikoa da. Egun horretan, ekialdeko alemaniarrak gaueko 12etatik aurrera inolako baimen berezirik gabe mendebaldera pasatu ahal izango zirela iragarri zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak. Segidan, zurrumurrua Berlin erdibituaren bi aldeetan zabaldu zen, eta gauerdia baino lehen, Berlingo harresiaren inguruak jendez gainezka zeuden.

Unea iritsi zenean, Berlin Ekialdeko hiritarrak muga-postuak pasatzen hasi ziren oinez eta automobilez. Hunkipen eszenek hartu zuten protagonismoa: denbora luzez separaturiko familiartekoen eta lagunen besarkadak eta malkoak, xanpain eta garagardoarekin eginiko brindisak, bisitariei egindako ongietorri opariak, muga-postuak zaintzen zituzten soldaduen errifleetan eta frontera zeharkatzen zuten automobiletako haizetakoetan jarritako loreak...

Pozak, zirrarak eta hordigarri zen askatasun sentimenduak gainontzeko guzia egin zuten.

Pixkanaka-pixkanaka, milaka berlindarrek harresia eskalatu, eta kasu askotan soka, mailu, pikotxa eta zizelekin, egia bihurtu zuten urteetako ametsa: Berlingo harresia eraistea. Amaiera iritsi zuen 80ko hamarkadan hasitako prozesuak. Orduan, krisi ekonomiko, politiko eta sozial gogorrak jasan zituzten estatu neoestalinistek. Irtenbideak liberalizazioetan bilatu zituzten gehienek. Baina Polonia eta Hungaria izan ziren aurreratuenak. Biak trantsizio luze batean barneratu ziren, eta oraindik Berlingo harresia erori gabe zegoela, Hungariak Austriarekin zituen muga-postuetako hesiak kendu zituen 1989ko maiatzaren 2an. Altzairuzko Errezelak hantxe izan zuen lehen pitzadura garrantzitsua. Iraila heldu zenerako, 15.000 ekialdeko alemanek mendebaldera ihes egiteko erabili zuten muga-postu hau.Budapesteko gobernuaren aurrean protesta egin zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak, eta ondorioz, Hungarian sartzeko bisatua inposatu zitzaien alemanei. Baina arazoa ez zen konpondu. Aleman askok Pragarako bidea hartu zuten, eta han, Mendebaldeko Alemaniako enbaxadan errefuxiatu ziren. Hori dela eta, Txekoslovakian ere bisatua inposatu zieten ekialdeko alemanei. Alemaniako Errepublika Demokratikoa presondegi bihurtua zen. Ez zegoen irteerarik, eta horregatik, urrian protestek bete zituzten kaleak. Zorionez, Berlingo harresiarenak egin zuen azaroaren 9an. Hurrengo egunetan (eta hilabeteetan) Ekialdeko Europa osoan barreiatu zen demokratizazio olatua. Bulgarian, herritarren mobilizazioek azkartu zuten sistemaren erorketa; Txekoslovakiako Belusezko Iraultzak munduko hedabide guztiak zipriztindu zituen, azaroaren 17an; eta azkenik, Errumanian, Jugoslavian eta Albanian, gehiago kostatu arren, hala-holako sistema aldaketa gatazkatsuak gertatu ziren.

Urte askotako borroken ondoren erori zen Altzairuzko Errezela. Entzutetsuak izan ziren Poloniako langile borrokak, 1956eko Budapesteko herri-altxamendua eta 1968ko Pragako udaberria. Hori bai, denak sobietar inperialismotik askatzeaz gain, helburu sozialez jantziak ageri ziren. Batzuek, langile kontseiluetan oinarrituriko demokrazia sozialista aldarrikatu zuten Budapesten. Besteek, aldiz, aurpegi gizatiarreko sozialismoa sortu nahi izan zuten Txekoslovakian.

Hala bada, gehiengo adierazgarri batek uste izan zuen iraultza sozialista batek amaituko zuela estalinismoa. Inperialismoaren aurkako sentimendua bestelako sozialismo proposamenekin uztartu eta bestelako gizarte bat jaio zitekeela pentsatu zuten. Zoritxarrez, dezente aldatu ziren gauzak urteek aurrera egin hala.

80ko hamarkadak errealismo eta kontserbadorismo politikoaren urteak izan ziren. Krisi ekonomikoak gogorki astindu zituen Europa ekialdeko estatuak, eta horrek 1989ko mobilizazioetan sozialismo hitza baztertzea ekarri zuen. Dena den, jendearen diskurtso eta egintzetan humanismo eta elkartasun sentimenduak nagusitu ziren. Demokraziaren ikuspegi xaloa defendatu zuten. Baina matxinadetako buruzagiak eta erregimeneko politikariak errealistagoak ziren. Sobietar inperialismotik behin libratu zirela. Alemaniakoaz ahalik eta urrunena egoten saiatu ziren. Horretarako bilatu zuten AEBen babesa.

Gizartearen eredu kultural, ekonomiko eta politikoa Washingtonen aurkitu dute herrialde horietan. Lehen, abangoardiari itsuan jarraitu behar zitzaion; orain, ekialdeko herritarrei merkatu libreak paradisua ekarriko diela sinetsarazi nahi diete. AEBetan bezala, umeek egunkariak kaleetan saldu eta agureek lan egiten dute, dituzten pentsio eskasak osatzeko. Edozein izkinatan dago McDonald's bat; hirietan ugariak dira 24 ordu irekirik dauden supermerkatuak; munduko lehen markako dendak edonon daude; eta turistentzat eta kanpo inbertsioentzat dena dago salgai: souvenirrak, alkohola, sexua, etxeak, lurrak, lantegiak, gasolina...

Gizarte eredu horrek, baina, arazo ugari sortu ditu. Egunez egun gehiago dira gizarteak baztertutakoak eta pobretutakoak, birbanaketa politikak alboratu direnetik. Horregatik, demokrazia berriak sortu duen etsipena eta frustrazioa agerikoa da. Pragako irratiak, Belusezko Iraultza ospatzen zuen 2002ko azaroaren 17ko irratsaio berezi batean, txekiar ikasle bati iritzia galdetu zion gertaera historikoari buruz. Mutilak, errealitate gordina islatu zuen bere erantzunean:«Egungo gazte belaunaldiari 1989ko azaroaren 17ak deus gutxi esaten diola uste dut nik ere. Baina ez horiei bakarrik, txekiar gizarte osoari baizik. Iruditzen zait egungo sistemak oso zerikusi gutxi duela orduan aldarrikatu zen benetako demokraziarekin. Kapitalismo basati eta kontrolik gabeak nire belaunaldiari ez dio utzi giza balioen inguruan hausnartzen; aitzitik, araurik gabe eta muga moralik gabe, ardura bakarra dute: nola iraun bizirik lehia gogor eta krudel honetan. Nire gurasoek, era berean, lanari eustea eta alokairu eta produktu gero eta garestiagoei aurre egitea beste ardurarik ez dute. Nik uste jende asko etsita dagoela, guztiz etsita».Eta etsipen hori ez du desagerrarazi Europako Batasunean sartu izanak. Ondotxo ulertu baitute bigarren mailako herri gisa sartu direla. Are gehiago, beldur direnak asko dira. Izan ere, mota guztietako sakrifizio ekonomikoak eskatuko dizkietela ulertu dute. Bitartean, egun hauetan, herrialde hauetako agintarien jauregietan eta atzerritar enpresetako egoitzetan, asko izango dira altxatuko diren xanpain kopak. Harresia erori zeneko 20. urtemuga ospatuko dute. Kalean, ordea, atzoko harresi zapaltzailearen erorketaz gutxik hitz egiten dute. Izan ere, atzoko harresiak erori bezain laster harresi berriak eraiki zituztela badakite langabeek, pentsionistek, eskaleek, ijitoek, gutxitutako nazioek eta langileek. Batzuk, benetako hesi fisikoak dira, ijitoak bakartzeko eginikoak kasu. Eta beste asko, diruak inposaturikoak dira.

Archivo del blog