Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2010/03/07

Dogmatismoaren kontra

"...gehiengoa arrazoia izatera pasa da. Faxismoa-ren aztarna mentalitatean geratu zaigu. Inkontzientean edo."
Andoni Olariaga. Jon Jimenez.*
BERRIA

Azken urte hauetan arduratzekoa izaten ari da gure artean pentsamolde dogmatikoak zeinen azkar zabaltzen ari diren ikustea. Berdin da liberalak, marxistak, euskaldun abertzaleak zein euskaldun sukurtsalistak; harrigarria da ikustea argumentu eta irizpide dogmatikoak barreiaturik pentsamendu orotan. Mentalitate arazo bat da, kultura dogmatiko batean jaio gara eta. Kontua da, gauza batzuetan (abortua, sexualitatea, familia...) hain ikuspegi zabala daukagun arren, gero, ordea, beste errealitate batzuk ulertu gabe borratu nahiko genituzkeela arrazoimenaren eta Ilustrazioaren izenean.

Honen harira bi adibide ekarriko ditugu hona. Lehenaren ildotik, Jon Sudupek Berrian idatzi du «egia, arrazoia eta objektibotasuna berez [...] defenditzea merezi duten baloreak» direla. Izan ere, «zientzia [...] ez da narrazio bat gehiago». L'art pour l'art. Narrazio nagusia da beraz, hizki larriz. Suduperen ustez, arazoa, askok begirune handiagoa omen diotela erlijioari arrazionalismo modernoari baino, horixe da. Eta, Alan Sokal aipatuz, hark kezkaz ikusten du «nola, azken boladan, arrazionalismoaren ordez, fedea ari den gailentzen». Kezkagarria da bai, gure mentalitateetan fede itsu bat nola gailentzen ari den ikustea. Ikusi beharko ze fede mota den hori ordea. Erlijioarena baino, ez ote da balio kosmopolita formalaren, demokraziaren eta hura sostengatzen duen gehiengoarenganako fede itsua? Izan ere, gehiengoa arrazoia izatera pasa da. Faxismoa-ren aztarna mentalitatean geratu zaigu. Inkontzientean edo.

Bigarren adibidea abertzaletasunaren baitan gertatzen da. Duela urte pare bat Edorta Jimenezek eta Joxe Arregik Jainkorik bai ala ez? liburua argitaratu zuten. Elizaren, kristautasunaren, jainkoen eta abarren inguruko hausnarketa batzuk eztabaida formatuan. Edorta Jimenezek ateismoa, historizismoa eta materialismoa irizpide absolutu bezala (baliagarri bakartzat) defenditu zituen, eta beraz, munduan egoteko beste jarrera posible guztiak ezabatu, gaur egun ezker toleranteak egiten duen bezala. Hori bai, zientziaren izenean. Izan ere, Jainkoa frogatu daiteke? Logikoak al dira sinesmen erlijiosoak? Ez dirudi arrazionalki esplikatu daitezkeenik. Irrazionalak dira, beraz. Greziako mitologia guztia bezala. Eta, beraz, zaborrera, irrazionalak baitira Mari, Olentzero, eta, ze arraio!, maitasuna ere.

Dena den, gaian zentratuz, Jon Sudupek, bere erlatibismoaren kontrako gurutzadan, gogorarazi digu zientzia fedeari gailendu behar zaiola. Zientzia ez da fede batean sostengatzen orduan, arrazoimena ere ez. Hauek berez dira onenak. Zergatik? Ba, amona Bixentaren ipuina, progresoa eta ongizatea bultzatzen dutelako. Giza eskubideen absolutizazioa. Hau da, aurretik aipatu bi autoreek kointziditzen duten ideia handiak daude gibelean: liberté, egalité, fraternité. Edorta Jimenezek aurretik aipatu liburuan dio: «Beste ideologia batzuek ideologia katolikoari lekua kendu zioten. Hau da, prozesu historikoa ez da izan lekua hutsik geratu eta gero beste batek lekua bete. Prozesu historikoa izan da: ideien arteko talka dago ideia berriak sortzen direlako...». Kristautasunak historiaren gainean zeukan ikuspegi edo eskema bera erabili du marxismoak: paradisuan bizi ginen, jatorrizko bekatua jasan behar izan dugu historian zehar, eta berriro ere historiaren azken honetan, paradisua lur gainera etorriko zaigu (klaseen arteko diferentziak bukatuko dira...). Parusia! Ideologia batek bestearen lekua ez ote du hartu? Ez dugu ulertu modernia, ez dugu ulertu sekularizazioa. Arrazoia, estatua, demokrazia... horiek dira, ordena horretan, sekularizatu behar direnak. Ilustrazio frantsesak, Jainkoaren lekuan Arrazoia ipini du. Marxismoak ere. Baina biak ala biak hildako Jainko horren leku absolutu santu hori betetzera etorri dira.

Gure belaunaldia estatu hertsi arrazional dogmatiko kristau baten kontra borrokatzen zen belaunaldiaren oinordeko da. Baina belaunaldi horrekin ere soka eten behar dugu. Belaunaldi hori ere erreakzionarioa izan baita, Estatu eliztar horren errepresio bortitzari (kontzientziaraino sartzen zena) marxismo ortodoxo batekin erantzun izan baitio. Eta ez zeukan beste biderik. Guk orain kontzientziaraino sartzen den Estatu bat dugu, demokrazia sakralizatua eta Giza eskubide santuak. Hori da herriaren opioa.
*Filosofiako lizentziadunak eta 'Modernitatearen auziaz' liburuaren egileak
2010-02-24

Archivo del blog