Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2010/08/22

Gazte eta errebelde. Italiatik Euskal Herrira, munduari bira!. Erroman kartzelatutako gazte independentistak

"Jakina den arren, ondo dator noizbehinka gogoraraztea etsaia Espainia eta Frantzia baino handiagoa dela. Munduko txoko ezberdinetan pertsona oso ezberdin ugari borroka berean dabiltzala"

Zuriñe Gojenola, Fermin Martinez eta Artzai Santesteban
Erroman kartzelatutako gazte independentistak
GARA
Sarri gertatu ohi da Euskal Herrian zein munduko beste leku askotan botere zapaltzailearen kontra eta herriaren alde borrokatu izan diren neska-mutilak sorterritik urrun joatera behartuak izatea. Geuk ere horrelaxe utzi genuen Euskal Herria, geure borroka moduak eta eremuak aldatuko zirela jakinda, baina geunden lekuan geundela, helburu politikoak bere horretan tinko.

Euskal Herriak beti izan ditu hamaikatxo menperatzaile, hamaikatxo handi ustel, euskal lurraldeak bereganatzeko grina eta amorru biziz ahalak eta bi egin dituztenak. Etorri eta eurena lortu gabe joan ere egin dira. Baina bat joan eta beste bat etorri, horixe gure herriaren kondena! Hementxe jarraitzen dugu ba, burugogor, gure izena eta izana berresten, independentista eta sozialista!

Estatu espainola eta frantsesa zoro dabiltza euskal disidentzia politikoari nondik kolpea jo ez dakitela. Euskal Herri gorria amesten duen herritar antolatu oro errepresioaren jo puntuan dago. Jadanik ez dute behar aitzakia moduan antolakunde honek ala besteak armak erabiltzen dituela Estatuak beren kontra egiteko. Boligrafoa eta papera, herri motibazioa zein beste edozein borroka molde errepresio basatiaren jo puntuan dago. Beti jakin duguna orain agerian utzi dute: borroka molde zehatzak bainoago independentzia eta sozialismoa proiektua desagerrarazi nahi dute kosta ahala kosta. Horretarako, momentu bakoitzean gehien komeni zaien norabidean kokatzen dute errepresioa.Grande Marlaska epaileak aginduta, azaroan Segiko kide omen garen berrogeiren bat gazteren aurka egin zuten polizia operazio hartatik ihes egin genuen guk. Gure herrian eta Estatu espainolean borrokan jarraitzeko aukerarik ez, eta kanpora ateratzea erabaki genuen, beste estatu batzuetan lanean jarraitzeko. Zer da, ba, nazioartean aurkitu duguna? Euskal Herriak bizi duen injustiziaren aurka dagoen jende ugari eta, era berean, gure borrokarekin bat egiteaz gain, bakoitzak bere errealitatetik sistema hau aldatzeko borrokatu beharra dagoela konbentzituta dagoen jendea. Baina, zoritxarrez, txanponak bi aurpegi ditu. Nazioarteak ere bai. Estatu frantsesak Estatu espainolaren injustiziarekin bat egin, eta gure aurkako polizia operaziotik ihes egindako bost kide espainiaratu ditu. Frantziaren aldetik, ezker abertzalearen aurkako eraso gehiago, besterik ez. Oraingoan, ostera, Italia ere Espainiaren konplize zuzena bihurtu da. Berlusconi ere Espainiaren injustiziak bere egiteko prest? Etsaia han eta hemen, bat eta bakarra!

Ekainaren 10ean atxilotu gintuzten eta euroagindua erabakitzeko behar omen duten hiru hilabeteko tarterako kartzelan sartu. Eta, hara, hemen ere preso politiko italiarrak! Bakoitza estatu batek atxilotuta. Sarritan, gustuko ez diren gertaerak behar izaten dira begiak irekitzeko. Esperientzia hauxe, esate baterako, burua Euskal Herritik atera eta mundu zabalera begiratzeko pizgarria. Jakina den arren, ondo dator noizbehinka gogoraraztea etsaia Espainia eta Frantzia baino handiagoa dela. Munduko txoko ezberdinetan pertsona oso ezberdin ugari borroka berean dabiltzala. Izen eta aurpegi ezberdinak eduki arren, Espainia, Frantzia, Italia, Alemania, Israel edota AEBak etsai bakarra direla, sistema kapitalista erraldoia.

Lau hormaren artean eta barroteen zaintzapean, ohikoa izan da pareta gris eta hotzak apaintzeko munduko mapa jartzea. Beharbada, norbere sustraiei tira eginez herritik urrunarazi zaituzten sentsazio krudela baretzeko. Beharbada, herririk gabe umezurtz ez sentitzeko, noizbehinka mapan Espainia eta Frantzia artean agertu ere egiten ez den puntu horretara begiratu eta horkoak garela sentitzeko. Mapan estatu guztiak margotu arren, dena gris ikusten da. Kapitalismoak dena gristen du.

Kartzelan behin eta berriro begiratzen dugu munduko mapara, laino gris hori goiz eder batean eguzki zoragarri batek baztertu eta mundua gorrituko duelakoan. Baina hau pentsamendu politen ondoriozko metafora bat baino ez da, eta metaforek ez dute mundua eraldatzen. Borrokak soilik eraldatuko du mundua gorrirantz, sozialismorantz. Euskal Herria estatu espainol eta frantses kapitalisten eskuetatik askatzeko ordua da, eta horretan euskal gazteok aitzindari izan behar dugu. Horrela soilik lortuko baitugu sistema justuago bat eraikitzea. Mapa grisean, Espainia eta Frantzia artean, gazteok antolatuz eta borrokatuz izar gorritxo bat pizten ari gara, hau baita egin dezakegun ekarpenik handiena, bakoitzak bere herria eraldatuz eraldatuko baitugu mundua. Euskal Herrian, Italian ala munduko edozein txokotan borroka da bide bakarra. Euskal gazteok, jo eta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Archivo del blog