Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2010/08/31

Hordago handira, faxismoari eta globalizazioari

"Oso jakintsua da Amalurra eta euskaldunak beragandik ikasten ahalegindu izan gara. Baina aldi berean, faxismoaren minbizia ere barru-barruraino sartuta daukagula dirudi"
Gurutz Garmendia «Azkoitxi» Euskaltzalea
GARA


Kobazulo artean garatutakoa da gure herria. Orain dela 50.000 urte inguru iritsi omen ziren gure Cro-Magnongo arbasoak eurasiar kontinenteko mendebal lur muturrera. Eta bertan bizitzera moldatu hainbat milaka urtetan. Baina orain dela 20.000 urte inguru, beldurtzeko hotzaldia izan omen zen Europa aldeko bazterretan. Horrek andre gizonak babesgune berrien bila jarri zituen eta bi izan omen ziren aukeratutakoak. Bata Europako ekialdekoa eta bestea Baskonia zaharrekoa. Auñamendien bi isurialdeak eta Kantauri itsasaldeko mendi eta itsas bazterrak. Han batu omen zitzaizkien aurretik bizi zirenei Europa guztiko biztanleak eta bertan garatu euskal sinesmenak eta gaur egun ezagutzen dugun euskara.

Gurean kokatzeko arrazoi garrantzitsuenetakoak udan izotza joan egiten zela eta kobazulo asko zeudela izan ziren. Kobazuloetan marraztu zituzten hainbat margo nolabait akabatu behar zituzten piezengatik barkamena eskatzen dutela dirudi. Amalurra zen dena. Bizia eman eta kendu egiten zuena. Amari zen, ari den ama, guztiaren sortzailea eta lauburua bezalako irudietan hasiera eta bukaera batu egiten direla adierazten hasi ziren.

Lurrari esker ona adierazten zion kultura garatu zen eta talde gisa aurrera egitea lortu zutenez, maite zuten euren lurra. Amalurrak ematen zien dena eta eurak, andre-gizonak, naturako parte ziren basajaun, untxi, hartz, otso, lamia, urde edo arbolak bezalaxe. Eta ahal zen guztietan Amalurraren ugalkortasuna ospatzeko jaialdiak egiten zituzten. Amalurra haritz, pago edo arteak bezalaxe, emankorra da eta emankortasuna lortzeko jo eta jolas egin behar zen. Hitzak berak esaten digun bezalaxe, lasai jotzea jolas egitea da.

Hainbat hitzen hasieran agertzen da «jo». Eta jotze eta jolasa lanarekin ere lotu egiten dira. Lana jolasarekin lotzen baita gehiago eta Deba ibaiaren arroan egoki esaten den moduan, gauza bat lana da eta bestea, oso desberdina, beharra. Baserri giroan mantendu eta euskal erro zaharrenetan jatorria daukaten herri kirolak ere, lana jaialdi bihurtzen dute eta Oskorrikoek esaten duten moduan ere, lana bihurtzen dugu dantzatzeko gaia. Bi hitzetan esanda, lurrarekiko maitasun eta andre-gizonen arteko berdintasunean oinarritutakoak dira gure sinesmenak eta sinesmen horien nolabaiteko eramailea euskara da, inongo zalantzarik gabe.

Oso jakintsua da Amalurra eta euskaldunak beragandik ikasten ahalegindu izan gara. Baina aldi berean, faxismoaren minbizia ere barru-barruraino sartuta daukagula dirudi. Orain dela 2.000 urte inguru Erromako bidetik iritsitako jarrera inperialista, globalizatzaile eta harroputzak zainetaraino sartuta dauzkagu eta etsaia kanpoan izan beharrean, etxean bertan daukagu. Hainbat dira Euskal Herrian bertan euskara gorroto dutenak eta aldi berean sinesmen zaharrei uko egiten dietenak.

Faxistek gobernatzen gaituzte eta euren egitura piramidala, politiko potrozorri eta enpresa gizon handi-mandiez osatzen da. Aldiz, egitura txiki eta batzarzaleak baztertuta daude. Euskaldunen berezko antolatzeko erak baztertuak daude geure herrian, eta euskara bera bigarren mailako hizkuntza gisa zokoratuta dago. Hamaika ikusteko jaioak gara gero! Euskaldunen indarra txikian dago. Kapitalismo eta globalizazioaren barruan bizi gara eta ez da erraza horri aurrea hartzea. Baina bideak egon badaude. Kapitalismo zoragarri honek erosi, erosi eta erosteko aukera ematen digunez, eros dezagun, baina guk nahi duguna bakarrik. Txikian sortu eta eraldatutako jaki, edari eta bestelakoak.

Bertatik bertara garraiatzen direnak, euskarazko izenburuak dauzkatenak eta bereziki Lurraren alde egiten dutenak. Egin boikota egitura handiei, muturren aurrean dauzkagun salmenta gune handi eta erraldoiei, eraikitzaile handiei, banku lapurrei eta multinazionalei. Musa da guk jokatzen dugun estrategia jokoa eta hauxe da gure postura, hordago handira, faxismoari eta globalizazioari!

Archivo del blog