antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2010/11/07

Europako eskuin muturra, demokrazia zuzenaren alde?

GAUR8
Europako eskuin muturreko alderdi politikoek bilera bat egin berri dute Vienan eta Europar Batasuneko gai garrantzitsuenetako batzuk aztertu dituzte, baina kontinenteko hedabideetan ia ez dute gaia aipatu ere egin. Zergatik? Pariseko «Liberation» egunkariko Bernard Guetta editorialgileak idatzi du gaiak merezi zituela lehen orrialdeetako leku nagusiak, baina ez dela horrelakorik izan.

«Austriako FPO Askatasunaren Alderdia, Flandriako Vlaams Belang, Danimarkako Alderdi Popularra, Italiako Iparraldeko Liga, Eslovakiako Alderdi Nazionala eta Suediako Demokratak formazioetako ordezkariak Vienan elkartu ziren urriaren 23an eta Turkia Europar Batasunean sartu ala ez erabakitzeko erreferenduma egitearen aldeko kanpaina abian jartzea erabaki zuten», idatzi du Bernard Guettak «Beldurren batasunak Europar Batasuna mehatxatzen du» izenburuko artikuluan.

Egileak nabarmentzen du eskuin muturrekoek iragarritako erreferenduma egitea oso zaila izango dela, nahiz eta Lisboako Itunak herri ekimenek bultzatutako kontsultak egitea aurreikusten duen. Baina Itunak berak makina bat baldintza ezartzen ditu, eta horietako batzuk oso nahasiak omen dira, editorialgilearen arabera. Esaterako, milioi bat sinadura bildu behar dira, baina ez du balio herrialde bakar batean sinadura guztiak biltzeak. «Oraindik ez dituzte sinadurak bildu, baina, lortuz gero, erreferendumean ezezkoak irabaziko luke, Europar Batasuneko herritar gehienak baitaude Turkia onartzearen aurka», dio Guettak.

Beraz, kristautasunaren baloreen aitzakiarekin herrialde musulmana Europar Batasunetik kanpo nahi dutenak lasai egoteko moduan daude, eskuin muturrekoek beraien helburuak hurbilduko dizkiete-eta. Bestalde, Turkia Batasunean sartzeko negoziazioak aspaldi honetan hilda daude, ez aurrera eta ez atzera egiten ez dutela, eta egoera berrian askoz ere zailagoa izango da noizbait berriz negoziatzen hastea. Izan ere, «islamaren aurka egiteak horrenbesteko arrakasta izaten duen garaian, inork ez du nahiko negoziazioekin aurrera egiterik, eskuin muturrari, Europako demokrazia zuzenaren tresna bat erabiliz, bere posizioak indartzeko aukera emango diotelako, gai honen inguruan korronte politiko guztietako boto-emaileekin egiten baitute bat Vienan elkartutakoen proposamenek».

Egileak nabarmentzen du Europak ezin duela ezikusiarena egin eta kontuan hartu beharko duela gero eta indar gehiago duen eskuin muturra, «atzoko naziekin ia zerikusirik ez duen indar berria». Datu kezkagarri bat: «Joerei dagokienez, egungo eskuin muturrak Europako boto-emaileen %25ari egiten dio keinu eta bere portzentajeak kasu guztietan bi zenbakirekin idazten dira». Kontinente osoan hedatu den giza-haserrea oso ondo etortzen zaie, egoera horretan ongizate estatuak emandako eskubideen defendatzaile bihurtzen baitira, protekzionismoa aldarrikatzen dute eta ohituren liberalizazioaren alde ageri dira, musulmanak arriskuan ipintzeko. «Buru berriekin, gaur egungo itxura eta azaleko adeitasuna erakusten duten horiekin, eskuin muturrak langileen artean eta hirietako gazteen artean ere lortzen ditu botoak. Gainera, eskuin mutur berriak badaki politika egitea zer den, muturrekoak ematen ibili gabe, eta hori ikusi ahal izan dugu Suedian zein Italian, Frantzian zein Herbehereetan», idatzi du Bernard Guetta editorialgileak. Beraz, egilearen iritziz ez da harritzekoa izango eskuin muturrak hemendik aurrerako europar erakundeak erabat baldintzatzea.

No hay comentarios:

Archivo del blog