antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2010/11/27

Nahikoa al da bortxarik gabeko protesta?

"Basoak desagertzen eta hiltzen ari diren honetan, gure lurra infernu bihurtzeko bidean gaudelarik, izugarri ugaldu dira mamutzar atomiko mehatxutzaileak. Hauei bortxarik gabe buru egin nahi izatea ez zaio gure borrokari batere lagungarri izango. Mamutzarrok ez dira ez gure hitzen ez gure erreguen ez gure laztanen bitartez urrunduko"




Günther Anders (1902-1992)
Breslau-n (orduan Alemania, gaur Polonia) jaiotako filosofoa, jatorri judukoa, nazien garaian Frantziara, eta gero Ameriketara erbesteratu behar izan zena. Gerraostean, Austria hautatu zuen bizileku. Hannah Arendt filosofoarekin egon zen ezkonduta eta Elisabeth Freundlich idazlearekin. Hainbat libururen egilea, makinen nagusitasunak eragindako giza menpekotasuna salatuz, baita filosofoen ohiko ikuspegi antropozentrista ere, animalia eta landareen balioa beheragoko mailan kokatzen duena. Militarismo eta indar nuklearren kontrako borrokalari sutsua. Filosofian, barne hizkuntzaren erabilera edo “esoterismoa”-ren aurkaria…


1) Saldukeria
Sasiekintza sentimental eta sinboliko hutsek osaturiko gure protesta, munduaren erabateko suntsiketa prestatzen ari direnen kontra, iraganeko zerbait da honezkero, iraultzaurreko fase bati dagokiola argi geratu delarik.

Bortxarik gabeko fase honi amaiera ematea —hau da, kaltegabe izaten jarraitzeari uko egitea— gure oinarri moral eta tabu guztiei kontrajarria da, alabaina. Nik neuk behintzat, Lehenengo Munduko Gudaz geroztik irmo eutsi diet printzipio eta tabu horiei guztiei, urratu ezinak zirelakoan. Honek beraz, deskribatzeko gogorik ere ez dudan egoera batera eraman nau. Baina duela gutxi, gaur egungo buruzagi bat mikrofono aurrean txantxetan hasi zenean, Sobiet Batasunari arma atomikoekin eraso egiteko agindua eman berri zuela irripartxo batekin esanez, halako bat besterik gabe esan zitekeela ohartu nintzen. Gainera, bere jarraitzaileek, gustu txarreko aldarte on hura erakusteagatik, txalotu ere egin zutela jakin nuenean, ez zitzaidan zalantza izpirik gelditu: ez dago ahalguztidun horien axolagabekeria baino arrisku larriagorik. Guk, hortaz, jokabide berri bati lotu behar diogu: honaino helduta, debekatua zaigu adeitasunez edo jendetasunez jokatzea. Halako batean apal edo gizabidetsu izateak, gure ganoragabekeria utziko luke agerian. Gure koldarkeria, areago. Hots, ondorengoei traizioa, saldukeria.

Basoak desagertzen eta hiltzen ari diren honetan, gure lurra infernu bihurtzeko bidean gaudelarik, izugarri ugaldu dira mamutzar atomiko mehatxutzaileak. Hauei bortxarik gabe buru egin nahi izatea ez zaio gure borrokari batere lagungarri izango. Mamutzarrok ez dira ez gure hitzen ez gure erreguen ez gure laztanen bitartez urrunduko. Alferrik da gose grebak egitea. Gogoan hartu behar dugu bestalde, munstro horien alde agertzen direnek edota eraikitzen dituztenek (gaurko “Zimmermann”-ek*), gure edozein protesta-ekintzari, bakezaleenari nahiz sinbolikoenari ere, aurre egite huts edo jarkiera deritzotela nolanahi ere. Halaber hartzen dute berehala indarkeriatzat edozein aurre egite edo jarkiera.

Ez. Gure artean ezarritako mamutzar horiei modu sistematikoan erasotzen hasteko garaia da, geure buruaren defentsa fisiko hutsa eginez, hemendik aurrera ez daitezela erabilgarriak izan. Munstrook etengabeko mehatxu bat gauzatzen baitute gure kontra, gizadiaren kontra alegia. Era berean, larrialdi-egoera orokor bat gorpuzten dute, anabasa sortu —bestela esanda, mundua berriz ere kaosera eraman dezaketelako.

(* Garaiko ministro baten abizenarekin egindako hitz-jokoa. Zimmermann, arotza da alemanez, eraikintza-lanetan aritzen dena)



2) Berria dena, moralagoa da

Baina baliteke hau guztia aski ez izatea. Gure erabakia zentzugabe gertatzea. Esan nahi baita, bere apaltasunagatik zentzugabea. Alde handiegia baitago, txikiziozko hornikuntzen tamaina zein bikaintasun teknikoaren (berauek babesteko dauden polizien armak barne*) eta geure kontra-arma xume edo primitiboen artean: har ditzagun gogoan (harrigarria da-eta!), gure eskuxerra txikitxo zaharrak, gure bihurkinak eta aizturrak… “Harrigarria da-eta!” tartekatu dut, zeren boteredunen begietan, hau da, indarkeriadunen begietan, gure armen xumetasuna lotsagarria baita, barregarria ia-ia. Auzolotsa sorrarazten die nonbait. Edo gure aldetiko ausarkeria mingarritzat jotzen dute beharbada. Beste hitzekin esateko: indarkeriadun horiek sinestuta daude, lehiarako gai diren gailuak baizik (fintasun tekniko gorena lortu duten armak, esaterako) ez direla aintzat hartu behar.

Teknika mailarik ez daukana ezin daiteke, haien ikuspegitik, hizpide ere izan, ezta zentzu moralean ere. Horrexegatik, gas negar-eragilea ehunka lagunen begietara airetik jaurtitzea moralagoa dela uste dute, lur zikinetik hartutako harriak botatzea baino. Jende horren aburuz, hiltzeko era modernoena ezinbestez da akasgabeena, bai eta errugabeena ere. Alderantziz ikusita: manifestari baten labankadak zauritua suertatzea (ez, ordea, neutroi bonba berri-berri batek), nahiko kontu zatarra litzateke, norberaren ohorearen kontrakoa.

Azken finean, amaitzen ari den bigarren milurtekoaren garaikide denak, botatako harriak baino modernoak diren armekin borrokatua edo hila izateko eskubide osoa dauka-eta. “Hil zaitez tankera aurrerakoian!”

3) Aski ote da gauzaki hilak hiltzea?

Nuklear arma erasotzaile etsai itzelen (berauek zaintzeko dauden polizien goi-mailako arma modernoak barne) eta manifestariek erabili ohi dituzten kontra-armen arteko desberdintasun teknikoa hain da handia, non zilegi zaigun lagun batzuen ezkortasuna ulertzea. Aurka egite fisikoak, gure erabateko hondamena ekarriko lukeelako berekin, haien ustez. Bai, egia da: manifestarien armei ezin zaie ezta “arma” hitza eman, objektu bilakatutako hel-deiak baino ez direlarik. Izan ere, desberdintasun hau nabarmen-nabarmena da, eta botere kolonialen su-armen eta Kongoko bizilagunek hemeretzigarren mendean (sutsuki baina alferrik) beren burua defendatzeko erabili zituzten banbuzko gezien arteko desberdintasunarekin alderatu dezakegu.

Orduan ere izan zen desberdintasun teknikoa funtsezkoa munduko historiari begira. Jakina, teknika-maila apalagoa zutenen kalterako. Gure etsaien aginte eta indarkeria-tresnen aldean, geurea ekintza-sinbolismoa baino ez da, edo ez litzateke izango, bortxaren erabilera gauzaki hiletara mugatuko bagenu. Nork daki, dagoeneko ez ote duen teknikaren bilakaera beldurgarriak (honi berez, “iraultza” izena eman diezaiokegu, orain arteko iraultzarik garrantzitsuena agian) iraultza politikoetarako aukera guztien desagerpena eragin… Berau, beste iraultza bat litzateke, funtsezko gertakizun bat munduaren historian, nahiz eta gertakizun negatiboa, demagun, basapiztien desagerpenaren antzeko zerbait.

Bestalde, guztiz eraginik gabekoa eta murritza litzateke, hilda dauden gauzakiak erasotzea edo “hiltzea ” (zalantzatiek gehien jota onartzen dutena). Zeren gauzaki ikaragarri horiei oldar egiteko gai bagara ere, beren bernizari urratu txiki batzuk egitea baino askoz gehiagorik ez genukeelako lortuko. Ez, ez. Mugatzen baldin badugu gure burua halako gauzaki hilei kalte egitera edo amaiera ekartzera (zeintzuen baitan milioika lagunen heriotza egon daitekeen gordeta), gure ekintzak zentzugabeak ezezik, gutxiegizkoak ere izango dira. Hain zuzen, masa-ekoizpenen aro honetan gauzaki guztiak berehala ordezkatuak izaten direlako, edozein unetan, segituan eta inongo arazorik gabe. Alferrik da hortaz, gu ezer suntsitzen ahalegintzea. Gainera, edozein ekoizpen-mota bakoitzetik, hainbat eta hainbat ale egoten dira gaur egun, ekoizpenaren beharrek egiazko kontsumoarekin bat egiten ez dutelarik. Honek, hein batean, suntsiezin egiten ditu ekoizkinak. Edo arrandiaz esateko: hilezin bihurtzen ditu.

Ildo beretik, ekoizkinei kalte egiteko mehatxua bakar-bakarrik izan daiteke eraginkorra eta zentzuzkoa baldin eta, honezaz gainera —edo hobe: lehenik eta behin— aipaturiko tresnen ekoiztea, ezartzea eta erabiltzea interesatzen zaienei argiro-argiro adierazten badiegu, orain arte (gehien jota) ekoizkinentzat aurreikusia genuena (harrokeria litzateke hemen “eragiteko” genuena esatea), iragarpen bat baino ez dela izan. Eta orain, ordea, beraiekin ere berdin jokatzera behartuta gaudela.

Izua etengabe eragiten digutenez gero, baliteke noizbait beraiek ere etengabe izuturik gertatzea. Bada, kontu handiz ibiltzeko. Kontuz ibiltzeko haiek guztiak bai, bata bestearen ondotik, ustekabeko hurrenkera batean… geure umeen eta ondorengoen bizirik jarraitzeko, aukera bermatua izan dadin. (“izan dadin”, ez adibidez, “gera dadin”).

4) Hautsitako tabua

Azken hitz izugarriok ez ditut arinkeriaz idazten, ez beste edozein hipotesi edo iritzi edo zerbait egiteko deialdi baten antzera kanporatzen, esaterako.

Azken batean, badira hirurogeita hamar urte —1914ko abuztuaren hasierako egunetatik hona, zehazki—, arazo batek kezkatuta eta harrituta naukala: nola diren gizakiak beste gizakiak, atseginez ere, hiltzeko gai. Haurtzarotik izan ditut zailtasunak “hil” aditz hau ahoskatzeko, hotsa bera, ekitea bezain hilgarria balitz bezala. Eta oso gutxi izan dira, idazten saiatzen hasi nintzenez geroztik, hiltzeari buruzko nire izua aipatu ez dudan orriak.

Hau dela-eta, “hil” hitza idaztean, erabat ikaraturik eta ia sinestu ezinean naukazue. Hobe esanda, “hil” hitza idatzi beharra dudan honetan. Beste irtenbiderik ez zaigulako geratzen, mehatxu egiten digutenei geuk ere mehatxu egitea baizik. Eta ez diet sekula ere hiltzeko tabua haustera behartu nautenei barkatuko.

Halaber eskatzen dut, horretarako eskubidea dudalarik, ez leporatzeko niri inongo arinkeriarik, bukatzeko, ondoko hau errepikatzen badut orain: beste aukerarik ez dugu, mehatxua da gure bide bakarra, gure belaunaldiari eta amesten ditugun ondorengoei bizitza bermatu nahi diegunez gero. Mehatxatu egin beharko ditugu lur gaineko bizitza indar nuklearraren bidez (berdin “gudarako” nahiz “bakerako” omen dena) jokoan jartzen tematu eta nuklearrak geldiarazteko eskaintza guztiei muzin egiten dieten gizonak, aurrerantzean, bata zein bestea, ehizatzat hartuko ditugula argi eta garbi aditzera emanez.

Ondorioz, min handiz bada ere, erabakia baita auzia, hauxe jakinarazi nahi nuke hemen: ez dugula atzera egingo gizaki horiek hiltzeko orduan, beraiek —dela beren irudimenaren mugengatik, dela beren bihotzeko ergelkeriagatik—, gizadia hil edo arriskuan jartzeko orduan atzera egiten ez duten bezala.

(* Garaiko ministro baten abizenarekin egindako hitz-jokoa. Zimmermann, arotza da alemanez, eraikintza-lanetan aritzen dena)


* Ez dakit “polizia” deitu ahal zaien gaur egun manifestarien kontra erabiltzen diren horiei, militar hutsak, hau da, gerra zibilean aritzen den armada kontrairaultzailea ematen dute-eta.



Texto escrito por el filósofo neomarxista Günter Anders y lo han traducido al euskera los konpas de Lapiko kritikoa.(Günther Anders. 1987-05-09. TAZ egunkaria. Alemanetik itzulia)


OHARRA: TAZ aleman egunkarian 1987ko Maiatzaren 9an Günther Andersek argitaratutako lana da. Elena Martinez Rubiok alemanetik euskaratu du.


















No hay comentarios:

Archivo del blog