Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2010/12/12

Elkarrizketa ESK-ko inmigrazio bulegoko Tania Cañasi (Berria)

"Nondik datoz ikuspegi arrazista horiek? Bada, hedabideek plazaratzen dutenetik eta politikarien adierazpenetatik. Serio hartu behar da auzi hau; krisi garaiotan interesatu egiten da etorkinen inguruko datu ezkorrak sustatzea. Katalunian, esaterako, botoak igo ditu PPk, eta, hain justu, klase horretako mezuak zabaltzen lortu du indarra"



Berria

Zer eragin izan du krisiak etorkinen artean?
Gordinago erasan die, emakumeei eta gazteei bezalaxe. Euskal Herriko daturik ez dugu, baina 2007an Espainiako Enplegu Institutu INEMek emandako datuen arabera, etorkinen artean langabezia tasa %13,3koa zen, eta atzerritarrak ez direnen artean, berriz, %9,2koa. Aldea, garai hartan dagoeneko, krisiaren aurretik, nabarmena zen, eta orain areagotu egin da. 2008an, esaterako, krisia lehertu ostean, %21,3koa zen langabezia tasa etorkinen artean, eta %12,5koa ez atzerritarren artean. Etorkinek, gainera, gizarte sare ahulagoak izaten dituzte, eta horrek okertu egiten du beraien egoera.

Oparotasunak ekarri zituen...
1999. eta 2006. urteen artean milaka lanpostu sortu ziren, eta, berriz ere INEMen datuen arabera, lanpostuen %27 etorkinek bete zituzten. Lan merkatuak lan eskua eskatzen zuen, eta horregatik etorri zen horrenbeste jende. Araban, esaterako, garai hartan langabezia frikzionala zen,%3-4koa. Lanpostu gehienak eraikuntzarekin eta zerbitzuekin lotuta zeuden, eta hor igarri da, orain batez ere, langabezia.

Eta orain gero eta errazago entzuten da kalean langile etorkinek lanpostuak kentzen dituztela... Nola egin kontra iritzi horiei?
Langile etorkinek, batez ere, eraikuntzan betetzen dituzte lanpostuak, ostalaritzan eta zerbitzuetan, eta, horri esker, atzerritarrak ez diren langileek beste lanpostu batzuk bete ditzakete, lan hobeak. Hori horrela da. Atzerritarrak ez direnen lanpostuak, oro har, hobeak dira, eta datuek erakusten dute hainbat lanposturi muzin egiten jarraitzen dutela zenbaitek.

Bai, baina nola erakutsi hori? Etorkinen inguruko gizartearen jarrera gero eta ezkorragoa da. Immigrazioaren Euskal Behatoki Ikuspegik berak plazaratu du gero eta «estuago» hartzen direla.
Instituzioek autokritika egin behar lukete. Nondik datoz ikuspegi arrazista horiek? Bada, hedabideek plazaratzen dutenetik eta politikarien adierazpenetatik. Serio hartu behar da auzi hau; krisi garaiotan interesatu egiten da etorkinen inguruko datu ezkorrak sustatzea. Katalunian, esaterako, botoak igo ditu PPk, eta, hain justu, klase horretako mezuak zabaltzen lortu du indarra. Etorkinek gizarte zerbitzuak xahutzen dituztela diote, baina bertako herritar askok ere jotzen dute zerbitzu horietara.

Informazio interesatuak ikusten dituzue horrelako mezuen atzean?
Hainbat hedabide eta politikariak gaizki lantzen ari dira gaia. Zentzugabea da egiten ari direna. Langile horiek heldu ziren laneskua behar zelako... Baina Arabako diputatu bat, esaterako, behin eta berriro errepikatzen ari da etorkin adingabeek milaka euroko kostua dutela, eta apurka-apurka hedatzen ari den ideia da gazte horiek gatazkatsuak direla eta gizartearen baliabideak xahutzen ari direla. Era horretako informazioei oihartzun handia ematen zaie, baina ezkutatu egiten dira beste batzuk. Bakeaz-ek, esaterako, 2006an ikerketa bat egin zuen, erakusten zuena Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etorkinek zergetan egiten zuten ekarpena gainerako herritarrena baino handiagoa zela, %23 oparoagoa. Datu horiek hor daude. Eta ezin da ahaztu, halaber, lan merkatua izan dela lanesku atzerritarra eskatu duena. Oso errentagarria izan da eskubiderik gabeko langileak izatea.

Emakume etorkin gehienek etxeko lanak egiten dihardute, zaharrak zaintzen, lan munduaren alde ezkutuenean. Egoera zailetan, ezta?
Bulegora heltzen zaizkigun emakume askok ordu gutxiko lanaldiak izaten dituzte, eta kontraturik ere ez dute izaten. Egoera aski zaila da; nik izan dezaket etxean nire umeak zaintzeko pertsona bat, baina nire egoera ekonomikoak txarrera egiten badu, hurrengo egunean bertan esan diezaioket langile horri ez gehiago etortzeko. Langileak, jakina, ez du langabezia saririk, eta kale gorrian geratzen da.

Esplotazio kasuak ere izaten dira. Askoren berri izaten duzue?
Bai, oraintxe bertan, esaterako, kontratuak saltzen dituen sare baten berri dugu Araban. Arazoaren muina Atzerritarren Legea da. Izan ere, langileak erabili, horixe besterik ez du egiten.

Sindikatuetara gutxitan jotzen dute langile etorkinek. Nola erakarri?
Ezagutza falta handia da. Etorkinen arloan orain arte lan itzela egin dute, gainera, bestelako gizarte mugimenduek, SOS Arrazakeriak eta antzekoek. Lan eredugarria egin dute. Sindikatuak, oro har, beren aldarrikapenetan itsututa daude, eta ez dituzte aintzat hartzen langile
etorkinenak
. Erronka bat da.

Archivo del blog