antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2010/12/13

Noam Chomskyri elkarrizketa Wikileaks aferari buruz

"...orain arte ikusi dudanaren arabera, gauza bera gertatzen ari da orain. Egungo filtrazioak interesgarriak dira, batez ere, zerbitzu diplomatikoak nola funtzionatzen duen argitzen digulako."


http://www.gaur8.info/

Noam Chomsky Bostonen dago. Bertatik hitz egingo digu. Wikileaksekin hasi aurretik, gauza bat galdetu nahi nizuke: zein izan zen zure esku-hartzea Pentagonoko Paperen auzian? Garrantzitsua da gazteek tankerako kontuen berri izan dezaten. Dan Ellsberg Pentagonoko funtzionarioak, sekretu guztiak bere esku zituen gizonak, AEBek Vietnameko gerran egindakoei buruzko informazioa atera zuen, gero fotokopiatu eta... ondoren? Zuri eman al zizkizun paperak? Dan nire laguna zen. Niri Danek eta Tony Russok ekarri zizkidaten paperak, Tonyk berak fotokopiatutakoak. Neronek lagundu nuen informazioa hedabideetara banatzen. Gero, Howard Zinnek eta neronek entsegu liburu bat idatzi genuen. Ia ez genuen ezer editatu. Paperak zeuden moduan geratu ziren, lau liburukitan. Howard Zinnek eta biok bosgarren liburukia egin genuen: adituen entsegu kritikoak, paperen esanahiari buruzko artikuluak eta abar sartu genituen, aurkibide batekin, tresna hori ezinbestekoa baitzen era serio batean erabili ahal izateko. `Beacon Press' saileko bosgarren liburukia da.

Peter King diputatu errepublikanoaren hitzak entzun berri ditugu. Berak esan du Wikileaks atzerriko erakunde terroristatzat hartu behar dela. Zer iruditzen zaizu? Xelebrea, aldrebesa erabat! Ulertu behar dugu, Pentagonoko Paperek erakutsi ziguten moduan, gobernu sekretuaren helburu garrantzitsuena Gobernua bere herritik babestea dela. Pentagonoko Paperetako batzuek, negoziazioen ingurukoek, abian jarritako ekimenetan eragina izan zezaketen eta Dan Ellsbergek gorde egin zituen lehen momentuan. Geroxeago argitaratu zituen. Paperak aztertuz gero, ikusten da bertan dagoena estatubatuarrek ezagutu beharrekoa zela, baina baten batzuk ez zuten informazio hori plazaratzerik nahi. Nik dakidala eta orain arte ikusi dudanaren arabera, gauza bera gertatzen ari da orain. Egungo filtrazioak interesgarriak dira, batez ere, zerbitzu diplomatikoak nola funtzionatzen duen argitzen digulako.

Irani buruzko dokumentuak oso une esanguratsuan eman dituzte ezagutzera, Teherango Gobernuak egitasmo nuklearrari buruzko elkarrizketa abian jartzea onartu berri duenean. Orain egun batzuk, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen kableek Israelen posizioa indartu dutela, Iran mehatxu nuklearra dela esaten dutelako. Hillary Clinton estatu idazkariak ere Irani buruz hitz egin zuen Washingtonen eman zuen prentsaurrekoan. Kableek herrialde horretako egitasmo nuklearraren aurkako zigorrak beharrezkoak direla frogatzen dutela esan zuen Clintonek. Aldi berean, New Yorken ebakuntza egiten ari den Abdullah Saudi Arabiako erregeak Irani eraso egiteko eskatu zien AEBei. Zer deritzozu? Lehen esandakoa indartzen dute horien esaldiek, alegia, kableek batez ere Mendebaldeko agintarien jarrera azaldu digutela, orain arte bederen. Clintonek eta Netanyahuk, seguru asko, ezagunak izango dituzte iritzi publiko arabiarra aztertzen duten inkestak. Emaitzak izugarriak dira. Esaten digute arabiarren %80aren arabera, Israel dela Ekialde Hurbileko mehatxu nagusia. Bigarren mehatxua: AEBak. Iran arabiarren %10ak baino ez du aipatzen. Arma nuklearrei dagokienez, gehiengo handi samar batek uste du Iranek arma nuklearrak izanez gero, Ekialde Hurbila hobeto egongo litzatekeela. Agian AEBetako egunkariek ez dute horren berri emango, baina emaitza horiek ezagutzen dituzte AEBetako eta Israelgo agintariek, baita enbaxadoreek ere. Baina ez dute hori inon onartuko. Gure eta Israelgo agintari politikoen demokraziarekiko gorroto sakona uzten du agerian horrek. Gauza horiek ez dira aipatu ere egin behar. Zerbitzu diplomatiko osoa dago kutsatuta. Kableek ez dute horri buruzko aipamenik egin. Kableek arabiarrak aipatzen dituztenean, arabiar diktadoreei buruz ari dira, ez herritarrei buruz, herritarrak ez baitatoz bat analista horien ondorioekin, hau da, Clintonek eta hedabideek esaten dutenarekin.

Beste arazo txiki bat daukagu, agian arazorik handiena izan daitekeena. Kableek ez digute esaten agintari arabiarrek pentsatzen edo esaten dutena. Haiek esandako gauzen aukeraketa bat ezagutu dugu. Filtrazio prozesu bat izan da bidean eta ez dakigu informazioa zein puntutaraino aldatu duten. Edonola ere, argi geratzen da AEBetako agintarientzat diktadoreak direla garrantzitsuak, ez herriak, nahiz eta estatubatuarren politikaren erabat aurka dauden herri horiek.

Kablerik interesgarriena AEBek Israelen duten enbaxadoreak Gazaren aurkako erasoari buruz Clintoni bidalitakoa izan da. Ondo esaten du su-eten bat izan zela. Ez du aipatzen, ordea, Israelek inoiz errespetatu ez zuen su-eten horretan Hamasekoek ez zutela inolako koheterik jaurti. Gero gezur bat eransten du: esaten du Hamas koheteak jaurtitzen hasi zela 2008ko abenduan eta horregatik Israelek erantzutea beste erremediorik ez zuela izan. Seguru asko, Enbaxadako norbaitek irakurriko zituen egun haietako Israelgo egunkariak, eta, beraz, bazekiten justu kontrakoa gertatzen ari zela; alegia, Hamasek su-etena luzatzea nahi zuela, eta Israelek, eskaintza aztertu ondoren, bonbardaketekin jarraitzea erabaki zuela. Nahiago zuten hori beraien herritarren segurtasuna baino. Enbaxadoreak ahaztu egin zuen ere AEBetan hauteskunde presidentzialak egin ziren egunean -2008ko azaroaren 4an- Israelgo Armadak Gaza inbaditu zuela, Hamaseko sei kide erailez, eta ondorengo borroketan hildako guzti-guztiak palestinarrak izan zirela. Enbaxadak egindako txostena oso esanguratsua da, sarraskia justifikatzeko argudioekin baitu zerikusia: edo AEBetako Enbaxadak ez zeukan gertatzen ari zenaren inolako berririk edo lotsagabe ari zen gezurretan. Bi aukera horiek daude.



Amnesty International, Oxfam eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakundek Gazako egungo egoerari buruzko txostena argitaratu dute. Gazaren aurkako blokeoa bertan behera uzteko exijitu diote Israeli. Aldi berean, Wikileaksek informazio eskari baten berri eman digu. Palestinako Aginte Nazionaleko eta Hamaseko buruen ibilgailuei eta ibilbideei buruzko datuak eskatzen zituzten Washingtongoek, baita datu biografikoak, ekonomikoak eta biometrikoak ere. Ez litzateke inor harritu behar. Nahiz eta bestelako itxura eskaintzen duten, AEBak ez dira bitartekari zintzoak. Esku-hartzaile zuzena da, Israelek egiten dituen krimenetan era zuzenean eta erabakigarrian esku hartzen duen partea. Gazaren aurkako erasoa adibiderik garbiena da: AEBetako armak erabili zituzten. Erasoa egin zen AEBek babes militar, diplomatiko eta ekonomikoa eman zuelako. Baita babes ideologikoa ere, eta orain ezagutu ditugun kableak gertatzen ari zena mozorrotzeko egindako ahaleginaren zati bat ziren.

Gazaren aurkako setioa berez da kriminala. Premiazkoa den laguntzari bidea ixteaz gain, palestinarrak mugatik urrutiratzen ditu. Gaza oso eremu txikia da eta israeldarren erasoek herritarrak mugatik urrundu egin dituzte, arrantzaleei beraien jarduera mugatzeaz gain. Kutsadura izugarria den eremuetan arrantza egitera behartzen dituzte arrantzaleak. Herritarrak ito nahi dituzte: hori da botoa eman behar ez zitzaionari emateagatik ordainarazi nahi dieten zigorra. Bertan jarraitzeagatik eta gaizki botatzeagatik zigortu nahi zituzten.

Ez genuke ahaztu behar israeldarrek eta estatubatuarrek 90eko hamarkada hasieratik Gaza eta Zisjordania elkarrengandik aldentzeko egin duten ahalegina. Horrek Osloko Itunak bortxatzen ditu eta sekulako eragina izan du.

Bi lurraldeak horrela urruntzeak esan nahi du noizbait bake akordioaren bat adostuz gero, populazioaren zati handi bat, ia erdia, akordio horretatik kanpo geratuko litzatekeela.

Gainera, eragiten du Palestinak beste herrialdeekin komunikatzerik ez izatea. Gazak aireportuak eta portuak izan beharko lituzke, baina Israelek suntsitu egin zituen. Gainera, Israelek Zisjordaniaren %40a bereganatu du. Obama AEBetako presidenteak egindako azken proposamenak, orain artekoek baino gehiago eskaintzen dio Israeli eta nik esango nuke israeldarrek oraindik gehiago eskatuko dutela gero. Tankerako krimenak dira guztiak. Demagun Gazako ikasle batek Zisjordaniako unibertsitate batean ikasi nahi duela. Bada ezinezko izango da. Gazako gaixo batek Jerusalem Ekialdeko erietxe bateko tratamendua behar badu, ez zaio bertaratzen utziko eta botikak ere bidean geldituko dira. Eskandalagarria da.

Zer egin beharko lukete AEBek auzi honen inguruan? Oso gauza erraza egin beharko lukete: munduarekin bat egin. Ustez negoziazio prozesu bat daukagu abian Ekialde Hurbilean. Hemengo hedabideetan esaten zaigunez, AEBak bitartekari zintzoa dira eta elkarri mutur joka ari diren Palestinako Aginte Nazionala eta Israel mahai baten inguruan eseri nahi ditu, bakea adostu dezaten. Gezur hutsa!

Negoziazio prozesu serio baten aurrean egongo baginateke, antolatzaile lanetan parte neutral bat izan beharko genuke, AEBak eta Israel alde batean eserita, eta mundu osoa bestean. Ez da ahoberokeria. Gauza jakina da aspalditik dagoela mahai gainean konponbide diplomatikoari buruzko nazioarteko kontsentsu bat. Horren puntuak eztabaidagarriak dira, baina hor daude guztientzat. AEBentzat eta Israelentzat ez, ordea. AEBek 35 urte egin dituzte konponbidea oztopatzen. Nazioarteko konponbidearekin bat egin du Arabiar Ligak, baita Iran hartzen duen Batzar Islamikoko Erakundeak edo Konferentzia Islamikoak ere. Gatazkarekin zerikusirik duten guztiek bat egin dute, AEBek eta Israelek ezik. Egungo negoziazio itxurako horiek ez dira komedia bat besterik. Aztertzen ari direna garrantzirik gabeko kontua da: kolonien hazkundea. Jakina da legez kanpokoak direla! Izan ere, Israelek Gazan eta Zisjordanian egiten duen guztia da legearen aurkakoa.

Orain Sarah Palin Alaskako gobernadore ohi eta presidenteordetzarako hautagai errepublikano izandakoak idatzitakoa irakurriko dizut: «Lehenik eta behin, zein urrats egin da Julian Assange Wikileaskeko sortzaileak isilpeko material horren banaketarekin jarraitu ez dezan, batez ere kontuan hartuta lehen ere bi aldiz argitaratu zituela isilpeko informazioak? Assange ez da kazetaria, ez Al Qaedaren `Inspire' ingelesezko aldizkaria editatzen duen pertsona baino kazetariago. Eskuetan odola duen estatubatuarren aurkako agente bat da Assange. Aurrekoan dokumentu klasifikatuak argitaratu zituenean, Afganistango ehun iturriren berri eman zien talibanei. Talibanen edo Al Qaedako buruen aurka aritzen garen bezala egin beharko genuke Assangeren kontra». Hori dio Palinek. Zer iruditzen zaizu? Sarah Palin izanda, ez nuela besterik espero. Nik ez dakit berak zein puntutaraino ulertzen duen gertatzen ari dena. Edonola ere, filtrazioek esan digutena ondo aztertu behar da. Ezagutzera eman duten gauzarik dramatikoena Hillary Clinton eta AEBetako Gobernuko gainerako kideen eta zerbitzu diplomatikoaren demokraziarekiko gorroto garratza da. Ez dute aipatu ere egiten Ekialdeko Hurbileko herritarren %57aren arabera guztiak hobeto egongo liratekeela Iranek ere arma nuklearrak izango balitu, disuasio-neurria izango litzatekeelako. Beraiek arabiar diktadore basatiek esandakoa baino ez dute jasotzen. Bost axola arabiar herritarren iritziak.

Zer esan dezakezu Palin bera ere hartzen duen Tea Party mugimenduaren inguruan? Tea Party mugimenduak boto-emaileen %15 edo gehixeago bereganatu du. Dirudun samarra, zuria, bertakoa... Bertakoen ezaugarriak ditu mugimenduak. Hala ere, garrantzitsuena horien haserrea da. Herritarren erdiak-edo esan zuen Tea Partykoen mezuarekin nolabait bat egiten zuela. Inkestek erakutsi digute jendea oso haserre dagoela, suminduta, gauza guztien aurka, erasokor. Arrazoi nagusia hondamendi ekonomikoa da. Langabezia tasa Depresio Handiaren garaian izandakoaren pare dago, baina orduan lanpostuak berreskuratu baziren ere, orain galdu direnak ez dira inoiz itzuliko.

AEBetako jabeek eta administratzaileek aspaldi erabaki zuten diru gehiago irabazten dela finantza maniobren bitartez, produkzioarekin baino. Reagan presidentearen garaian sekulako indarra hartu zuen joeraren eraginez, finantza erakundeen irabaziak ikaragarri hazi dira. Aldi berean, produkzioa esportatu egin dute. Produktu elektronikoren bat erosiz gero, Txinan egindakoa dela ikusiko duzu. Produktuak muntatzeko toki egokia da, gero produktu horiek hemen saltzeko. Gauza bera gertatzen da Mexikorekin eta hemendik aurrera Vietnamekin ere horixe gertatuko delakoan nago. Irabaziak lortzeko bidea hori da gaur egun, baina gizartea bera suntsitzen du joera horrek.

Bost axola aberatsei. Beraien kezka bakarra irabaziak dira. Horrek bultzatzen du ekonomia. Gainerako guztia horren ondorio omen da. Eta jendea oso haserre dago, baina badirudi ez duela ondo ulertzen gertatzen ari dena: gehiengoak esaten dizu Wall Streeten daudela krisiaren errudunak, baina gero horietako askok errepublikanoei ematen diete botoa. AEBetako bi alderdi politiko nagusiak daude Wall Streetekoen poltsikoan sartuta, baina errepublikanoak gehiago. Jendea dirudunenen aurka dago, Gobernuaren aurka, Kongresuaren aurka, zientziaren aurka...

Zu zeu Obama presidentearen aholkulari nagusia izango bazina, zer egiteko esango zenioke momentu honetan? Franklin Delano Rooseveltek dirudunenen oposizioaren aurrean egin zuena egiteko esango nioke. Oposizioa antolatzen lagundu eta egitasmo populista serio bat jarri abian, hori litekeena da-eta. Ekonomia suspertu behar da, finantza erakundeei gauza guztiak oparitu gabe. Osasun sistemaren benetako erreforma bat ezarriko nuke, orain indarrean jarri dutenak arazo garrantzitsuak ukitu gabe utzi ditu-eta. Defizitarekin kezkatuta badago Barack Obama presidentea, esango nioke gastu militarrei begiratzeko, hortik baitator zuloa.

AEBetako ekonomia oso larri dago. Langabezia tasa %10ekoa da datu ofizialen arabera, baina benetako kopuruak bikoiztu egingo du ziurrenik zenbaki hori. Langabetu askok urteak daramatzate lanik gabe. Giza tragedia izateaz gain, tragedia ekonomikoa ere bada. Herrialde honek beharrezkoak dituen gauzak ekoizten egon beharrean, ezer egin gabe daude. Bide horretatik, AEBak hirugarren munduko herrialdeek duten zenbakietara iritsiko dira.

Lehengoan trenez joan nintzen Bostondik New Yorkera. Bide bera egiteko emaztearekin orain hirurogei urte hartzen nuen trenak baino hogei minutu gutxiago behar izan zituen. Europako edozein herrialdetan, bidaia bera denboraren erdian egiten duzu. Gauza bera esan daiteke industrializatutako beste edozein herrialderen inguruan ere. Baita hain industrializatuta ez dauden batzuez ere. Espainia, esaterako, ez da hain aberatsa, baina 300 kilometro orduko abiadura duen trena sartzen ari da. Itxurazko azpiegiturak, hezkuntza sistema txukuna, irakasleen soldatak hobetzea... gauza askoren premian daude AEBak. Baina diseinatu dituzten politikak finantza erakundeei mesede egiteko eginak dira.

Politika alternatiboa egiteko ekonomia bera suspertu beharko litzateke. Korporazio handienek diru asko daukate baina ez dute inbertitu nahi. Diru gehiago irabazi nahi dute. Finantza erakundeek ez dute ezer ekoizten, dirua mugitu, besterik ez dute egiten. Herritarrei kostatu egiten zaie gehiago kontsumitzea. Ezin dute ahaztu zortzi bilioi dolarreko burbuila izan genuela etxebizitzaren sektorean, eta lehertu egin zela, familia askok zuen dirua berarekin eramanez.

Gobernuak dauka demanda edo eskaria berpizteko giltza. Azpiegiturak egiten eta lehen aipatutako beharretan diru asko gastatu beharko luke, ingurumenaren aldeko borrokan esaterako. Klima aldaketa liberalek asmatutako zerbait dela dioen tesiari propaganda asko egin zaio eta ez dut uste diputatu errepublikanoek ingurumenaren aldeko bide hori hartuko dutenik. Azken inkesten arabera, gero eta estatubatuar gehiagok uste du gizakion jarduerak ez duela eraginik klimarengan. Espezieari egindako eraso bortitza da hori. AEBek ezer egiten ez badute, inork ez du egingo.

Beste gai bat aipatu nahi nuke: Honduras. Wikileaksek ezagutzera emandako kable batek onartzen du, garai hartan AEBetako Gobernuak onartu nahi ez zuena; hau da, Manuel Zelayaren aurkako kolpea legez kontrakoa izan zela. Tegucigalpako Enbaxadak egindako analisia da, Estatu Departamentuari 2008an bidalitakoa. Gaiaren aurrekariak eta informazioak ondo aztertu ondoren, egileek esaten dute legez kontrakoa izan zela kolpea, Konstituzioaren aurkakoa izateaz gain. Etxe Zuriak ez zuen horrelakorik esan nahi izan. Gainera, hasierako zalantzak uxatu ondoren, Barack Obamak azkenean zilegitasuna eman zion kolpeari, kolpistek antolatutako hauteskundeei argi berdea eman zien-eta. Europak eta Latinoamerikako herrialde gehienek ez zituzten ontzat eman bozketa haiek. AEBek bai, ordea. Erabaki horren ondorioetako bat da AEBek eutsi egingo diotela Palmerolako aire base militar erraldoiari, Latinoamerikan geratzen zaien bakarrenetakoari, beste guztietatik bidali egin dituzte-eta.

No hay comentarios:

Archivo del blog