Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentzia






2011/01/31

Sasi guztien gainetik... Euskaldunal burujabe! Euskal Herria burujabe!

"...asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da."



Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

Hizkuntza komunitate minorizatua da euskal komunitatea, Euskal Herrian bizi garen hiru milioi biztanletatik laurdenak baino ez dakigu euskaraz. Euskal hiztun guztiak gara gazteleraz edo frantsesez elebidun, mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezko bihurtu ondoren. Gaztelera eta frantsesa bilakatu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz. Horregatik, euskarak betetzen zituen ia funtzio guztiak erdarek betetzen dituztenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian.

Gurea ez da hizkuntza ordezkatze prozesua pairatzen duen herri bakarra. Munduan ehunka dira galtze bidean dauden hizkuntzak, eta ondorioz kulturak, herriak. Globalizazioak eragina badu ere, ordezkatze prozesu hauen gidariak estatuak dira. Euskal Herrian espainiar eta frantziar estatuak dira ordezkapen prozesuaren erantzule nagusiak. Beraien konstituzioetan argi jasotzen dute zein den hizkuntza hegemonikoa, eta nagusitasun hori mantentzea helburu duten hizkuntza-politikak aplikatzen dituzte.

Erasoak eraso euskaldun izateaz harro, garena izaten jarraitzeko nahia eta gogoa askotan erakutsi dugu euskaldunok. Honi esker, hamaika proiektu sortu ditugu ordezkapen prozesuari aurre egin, eta euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa emateko.

Hala ere, asimilazio prozesuak bere horretan jarraitzen du. Euskaldunoi ezberdintasun kontuekin bazterrak nahastea leporatzen digute; garenari uko egin, eta munduko hiritar izateko gonbidapenak jasotzen ditugu etengabe. “Hori suertea nonahikoak diren horiena! Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan”. Sasi artean ibiltzea nekeza da, baina ez diogu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar diogu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.

Euskaldunak burujabe.
Hasteko asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. Praktika burujabearen aldeko hautua indartu behar dugu hau gainditzeko. Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu, eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika, hain zuzen ere. Honetarako, autoestimua berreskuratu, eta euskaldun izatearen harrotasuna eguneroko jardunaren erdigunean kokatu behar dugu ezinbestean. Eta jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa da. Baina ezin dugu dimentsio kolektiboa ahaztu. Beraz, euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde.

Euskal Herria burujabe.
Sasi guztien gainetik ibili ahal izateko, euskaraz bizitzeko hautua egiteaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa. Horretarako, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatu behar da euskara. Eta hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko neurriak hartu behar dira.

Baina aldaketa hauek ez daude gure esku. Frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik burujabetza behar du Euskal Herriak.

Euskalduna eta burujabea. Biak dira aldaketa hauen oinarriak. Beraz, norbanakoak zein herriak, bakoitzari dagokigunetik, euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.

Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!

Archivo del blog