Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentzia






2012/02/12

Joxe Arregi oroimenean


"Oso esanguratsuki, Joxe Arregi hiltzeraino torturatzeagatik auzipeturiko bost polizietatik ez dago bat bera geroztik ardura handiak izan ez dituena. Eta zeharo argi dagoena da ez haiek ez «galdekatu» zituzten beste 68 poliziek ez dutela krimen ikaragarri harengatik merezitako zigorra jaso. Ezta hurrik eman ere!"



XABIER MAKAZAGA

'MANUAL DEL TORTURADOR ESPAÑOL' LIBURUAREN EGILEA



Joxe Arregi tortura izugarrien eraginez hil zela 31 urte bete diren honetan, guztion oroimenera ekarri nahi dut, eta gogoratu bederatzi egun ikaragarri komisarian eman ondoren Carabanchelgo espetxe-ospitalean sartu zutenean txikituta zegoela zeharo. Ordu gutxi batzuen buruan gorpu zen, eta Euskal Herrian inoiz antolatu den greba orokor zabalena egin zen. Erailketa harengatik protestan egin ere.



Ohi bezala, agintariak benetan gertatua ezkutatzen saiatu ziren, baina orduko hartan egun gutxi batzuz besterik ez zioten eusterik izan ahal bertsio ofizialari. Izan ere, kasu hura zeharo berezia izan baitzen. Berehala ezagutu zen Joxe Arregiren azken ordu lazgarri haietan berarekin ospitalean izandako hiru preso politikoren testigantza. Eta hori gutxi balitz, argazki ikaragarri batzuk ikusi ahal izan zituen Euskal Herriak ez ezik baita nazioarteak ere.



Tortura arrasto nabarmenak zituen Arregiren gorpuari ezkutuan ateratakoak ziren argazki haiek, eta duela bizpahiru urte jakin genuen azkenik haien jatorria. Hiltzear zegoen Juan Kruz Unzurrunzaga abokatuaren lekukotasun hunkigarriari esker argitu ahal izan zen azkenik misterio hura: Zizurkilgo kanposantuan ateratakoak ziren bertsio ofiziala suntsitu zuten argazki garrantzitsu haiek, goizeko ordu txikitan gorpua hilobitik aterata.



Hain izan zen handia erailketa hark eragindako eskandalua, Gobernuak ikerketa bat abiaraztea beste erremediorik ez zuen izan. Frogatu ahal izan zenez, torturetan parte harturikoak 73 polizia izan ziren, asko frankismo garaian Brigada Político-Social beldurgarrian parte harturikoak, baina haietako bost besterik ez zituzten auzipetu eta espetxeratu: Juan Antonio González, Juan Luis Méndez, Ricardo Sánchez, Juan Antonio Gil Rubiales eta Julián Marín Ríos. Berehala askatu behar izan zituzten bostak, gainera, Polizia eta Armada buruek egindako presioaren eraginez (adibidez, polizia buru guztiek dimisioa eman zuten), eta soil-soilik bi azkenak epaitu zituzten.



Ez zioten horregatik presio egiteari utzi, eta bi lehen epaiketetan errugabetu egin zituzten biak. Errugabetze haiek sobera eskandalagarriak izan ziren, ordea, eta azkenik Auzitegi Gorenak kondenatu egin behar izan zituen, ukaezina baitzen Arregiren oinazpietako erredura ikusgarriak poliziek komisarian eragindakoak zirela. Hori bai, ezarritako kondena barregarria izan zen: bete beharrik izan ez zuten hiru eta lau hilabeteko zigorra hurrenez hurren.



Euskal Herriak sufritzen duen arazo politikoaren testuinguruan torturapean hildakoei dagokienez, inoizko kondena bakarra izan zen hura, eta ezinbestez ezarri behar izan zuten, oinazpietako erredurak zirela eta. Erredura ikusgarri haiengatik izan ez balitz ez baitzieten ezta kondena barregarri hura ere ezarriko. Zigor hura ez zuten, gainera, batere oztopo izan bi kondenatuek gerora Polizia barnean gradu gorenena heltzeko: espainiar demokrazia torturatzaileko komisario nagusi.



Gil Rubialesen kasuan, gainera, 1985ean Iruñean inspektorea zela, kaleko jantzita beste delitu bat oso esanguratsua egiten ari zela harrapatu zuten: beste 11 poliziarekin batera, manifestazio bateko partaideak beisboleko bate eta katez jipoitzen. Mikel Zabalza hiltzeraino torturatu zutelako beren samina agertzen ari ziren herritarrak jipoitu zituzten, hain zuzen ere. Hura ere ez zuen, ordea, oztopo izan karguz kargu 2005ean Tenerifeko komisario nagusi izatera heltzeko. Eta hil zenean ohore guztiekin lurperatu zuten.



Krimen ikaragarri harengatik hasieran espetxeraturiko beste hiru poliziak ere bizkor heldu ziren goi-kargutara. Kargurik garrantzitsuenera heldutakoa Juan Antonio González izan da. PSOEko gobernuak 2004an Comisaría General de la Policía Judicial-eko buru izendatu baitzuen. Polizia batek bete dezakeen kargu gorenetakoa zalantzarik gabe.



Oso esanguratsuki, Joxe Arregi hiltzeraino torturatzeagatik auzipeturiko bost polizietatik ez dago bat bera geroztik ardura handiak izan ez dituena. Eta zeharo argi dagoena da ez haiek ez «galdekatu» zituzten beste 68 poliziek ez dutela krimen ikaragarri harengatik merezitako zigorra jaso. Ezta hurrik eman ere!



Hori torturatzaileei dagokienez. Eta are gehiago izan ziren laguntzaile eta babesleak? Haiek ere ez dute beren krimena inolaz ere ordaindu, jakina. Adibidez, auzi-medikuek, zeintzuek, polizien moduan, beren krimenaren froga nabarmenak utzi zituzten. Izan ere, Arregik komisariatik irten zenean bertara iristerakoan antzeman zizkioten lesio eta marka berberak zituela sinatu baitzuten, eta berehala frogatu ahal izan zen hura gezur hutsa zela. Carabanchelgo espetxe ospitalera heldu zeneko mediku agiriek oso bestelakorik baitzioen.



Horrelakoxea da torturatzaileek eta haien laguntzaileek duten erabateko inpunitatea espainiar Estatuan: frogarik nabarmenenak egonda ere, ez dute inoiz merezitako zigorrik jasotzen. Aldiz, behin eta berriro dominak dira jasotzen dituztenak, kargu gorenetarako bidea errazten zaie eta espainiar agintariek eredutzat jartzen dituzte, hiletetan sekulako ohoreak eskainiz. Gil Rubialesen kasua lekuko.



Horregatik da hain garrantzitsua denon artean horiek guztiak beren lekuan jartzea. Batetik, torturatzaile guztien izenak zabalduz, bereziki Juan Antonio Gonzálezek bezalako goi karguak dituztenenak, eta, bestetik, Estatuko estruktura guztietan dituzten laguntzaile eta babesleak ere tinko salatuz. Hala zor diegu ez soilik Joxe Arregiri (gogoan zaitugu!), baizik eta azken hamarkadetan inpunitate osoz torturatuak izan diren milaka herritarrei.

Archivo del blog