antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2012/07/11

ABERRIA eta ABERTZALETASUNA (Mijail Bakunin)

"Aberria eta naziotasuna, indibidualtasuna bezela, gertaera natural eta sozialak; fisiologiko eta historikoak dira aldi berean"

Euskal Herrietako Libertarioak

Estatua ez da aberria; estatua aberriaren abstrakzio metafisiko, mistiko, politiko eta juridikoa da. Herrialde guztietako jende xeheak bihotz-bihotzez maite du bere aberria eta maitasun hori naturala eta benetakoa da. Herriaren abertzaletasuna ideia bat baino gehiago errealitate bat da; baina abertzaletasun politikoa, Estatu batekiko maitasuna, ez da sentimendu honen adierazpen hoberena: abstrakzio faltsu batek distortsionaturiko adierazpena da, beti ere gutxiengo zapaltzaile baten mesedetan.


Aberria eta naziotasuna, indibidualtasuna bezela, gertaera natural eta sozialak; fisiologiko eta historikoak dira aldi berean. Horietako bat ere ez da printzipio bat. Unibertsala, gizaki ororentzako komuna dena bakarrik kontsidera bai daiteke giza printzipio; nazionalitateak giza taldeak banatzen ditu, eta beraz, ez da printzipio bat. Printzipio bat norberak gertaera natural eta sozialekiko izan behar duen errespetua da. Nazionalitatea, indibidualtasuna bezela, gertaera horietako bat da; horregatik errespetatu behar degu. Gertaera hori urratzea krimen bat litzateke, eta Mazziniren hitzak erabiliz, mehatxatua eta urratua den bakoitzean nazionalitatea printzipio sakratu bilakatzen da.

Nazionalitatearen esentzia. Aberriak gizabanako, gizatalde, elkarte, komunitate, eskualde edo aberri bakoitzak bere erara bizitzeko, sentitzeko, pentsatzeko desiratzeko eta jarduteko eskubide ukaezin eta sakratua adierazten du. Bizi eta sentitzeko era horiek garapen historiko luze eta eztabaidaezin baten ondorio dira.

Beraz tradizio eta historiaren alde egiten degu; edo hobeto esanda ezagutu egiten ditugu, eta ez iraganeko irakasleek edo interpretatzaile ikasiek eraiki dituzten hesi metafisiko, juridiko eta politikoak direlako, baizik eta haragian, odolean, gure pentsaeran eta borondatean barneratuak ditugulako. Eskualde bat edo bestea -Tesino-ko (Suitza) kantonamendua adibidez- Italiar familiari dagokiola esan ohi zaigu: bere hizkuntza, ohiturak eta gainontzeko ezaugarriak Lonbardiako biztanleen berak dira, eta ondorioz, kantoi hau, Italiako Estatu bateratuaren zati izan beharko litzakeela.

Aurreko ondorioa faltsua dela iruditzen zaigu. Benetako identitate substantzial bat izango balitz Tesinoko kantonamenduaren eta Lombardiaren artean, ez dago dudarik Tesino espontaneoki batuko litzaiokeela Lombardiari. Horrela ez bada, ez badu hori egiteko desirarik azaltzen ere ez, horrek frogatzen du benetako Historia -generazioz generazio indarrean jardun duena Tesinoko kantonamenduko bizitzan eta Lombardiarekiko atxikimenduaren aurkakoa dena- liburuetan idatzitakoaren guztiz ezberdina dela. Bestalde nabarmendu behar da indibiduo eta herrien benetako historia ez dator garapen positibo batetik bakarrik, baizik eta askotan iraganaren ukapen eta ukapen horrekiko altxamendutik; eta hau bizitzeko eskubidea da, gaur egungo belaunaldiaren eskubide ukaezina, beraien askatasunaren bermea.

Nazionalitatea eta elkartasun unibertsala. Nazionalitatearen printzipio fikziozkoa herriaren helburu guztien ideal bezela jartzea baino gauza zentzugabeko, kaltegarri eta hilgarriagorik ez dago herriarentzako. Nazionalitatea ez da printzipio unibertsal bat. Gertaera historiko eta lokal bat da, eta gertaera erreal eta kaltegabeko guztiak bezala onarpen orokorra izateko eskubidea du, Herri bakoitzak, unitate etniko edo tradiziozko bakoitzak bere izaera du, berezko bizitzeko era, berezko hitz egiteko era, sentitzekoa, pentsatzekoa eta ekiteko; eta idiosinkrasia honek eratzen du nazionalitatearen funtsa, herri horren bizitza historiko eta bizi baldintzen baturaren emaitza.

Herri bakoitzak, pertsona bakoitzak bezela, oharkabean den bezelakoa da, eta horregatik bera den bezelakoa izateko eskubidea du. Hontan datza eskubide nazional deiturikoak. Baina herri edo pertsona bat modu jakin batean existitzen bada, horrek ez du esan nahi nazionalitatea edo indibidualtasuna printzipio unibertsal gisa tratatzeko eskubidea dutenik, ez eta bizitza oso auziari buruz ika-mikatan ibili behar direnik. Aitzitik, norbere buruarengan gero eta gutxiago pentsatu eta giza balore unibertsalez inguratzen bada, nazionalitatea eta indibidualtasuna indartu eta zentzua irabazten dute.

Aberri bakoitzaren erantzukizun historikoa. Aberriaren duintasuna, gizabankoarena bezela, bakoitzak bere ekintzen erantzukizuna beregain hartzean oinarritu behar da, beste norbaiti eman beharrean. Ez al dira oso inozoak gazte baten kexuak eta negar malkoak, norbaitek usteldu eta bide txarrean jarri duela esatean? Gazte baten ahotan inozoa dirudiena aberri baten kasuan ere inozoa da, zeinaren autoestimu sentimenduak beste norbait bere akatsen erantzule egitea ekidin beharko lukeen.

Abertzaletasuna eta justizia unibertsala. Gutako bakoitzak norbere aberria munduaren erdigune den eta aberri bat handi dela, bere inguruko aberriek beldurra diotenean, kontsideratzen duen abertzaletasun itxi eta zekenetik ihes egin beharko genuke. Giza justizia unibertsala interes nazional ororen gainetik ezarri beharko genuke; eta askatasunaren printzipio burujabea zapaltzeko, Frantzia, Errusia edo Prusia bezelako estatu despotek asmatu duten nazionalitatearen printzipio faltsua betiko alde batera utzi. Abertzaletasuna ez da printzipio bat; indibidualtasuna gertaera egiaztatu bat da. Aberri bakoitzak, handi zein txiki, den bezelakoa izateko eskubide ukaezina du, bere izaeraren arabera bizitzeko eskubidea du. Eskubide hau askatasunaren printzipio orokorraren ondorioa baino ez da.

Benetan bakea eta justizia internazionala nahi duen pertsona orok aberriaren gloria, boterea eta handitasuna diren abertzaletasunaren interes berekoi eta funtsik gabekoei muzin egin beharko lieke.



No hay comentarios:

Archivo del blog