Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2013/11/18

izaro Gonzalez Ieregi "81 amama" dokumentalaren zuzendaria

"Asko hitz egin izan da euskal matriarkatuaren inguruan. Teoria askok jendarte matriarkal batean bizi ginela diote. Uste dut nahiko arriskutsua dela sineskeria horietan erortzea. Horren aitzakipean herri honetan egondako errealitate asko ezkutatu izan baitira: bortxaketak, intzestuak…"

Saioa Alkaiza                                                                                                                                      Topatu

 Identitateen transmisioari buruz mintzo den dokumentala da ’81 amama’. Genero, nazio eta klase zapalkuntza esperimentazioaren bidetik lantzen dituen obra; erantzunak eman baino, galderak planteatzen dituena. Izaro Glez. Ieregi (Algorta, 1987) sortzaileak zuzendu du. Baserri munduarekin lotura duten amonak eta bilobak elkarrizketatu, eta haien arteko aldeak bildu ditu.

Zer da ’81 amama’?                                                                                                                               50 minutuko dokumental esperimentala da. Gaztetan baserritarrak izan ziren amonak eta amona baserritarra izan duten bilobak elkarrizketatu, eta denen erantzunak batu ditut.

Oteizaren saiakera batitik abiatuz jarri diozu izenburua. Quousque Tandem… idazkian, hark zioen 80 amonek bereizten gaituztela neolitotik. Zuk 81 aipatzen dituzu.
Quousque Tandem… saiakera 1963an idatzi zuen Oteizak. Kromletx neolitikotik 60ko hamarkadara arte, amona eta biloben arteko 80 erlazio pasa zirela uste zuen. Nik hipotesi hori jarraitu dut, eta kalkulatu dut 81. amona-biloba erlazioan egon behar dugula egun.

Zergatik ematen zion Oteizak garrantzia amonaren figurari?
Oteizak amonak oroimen batasun tradizionala direla planteatzen zuen. Alegia, haiena zela kulturaren transmisioa egiteko ardura. Nik ere ildo beretik jo dut.

Eta, zer dela eta da garrantzitsua 81. belaunaldiko kide diren amona horien testigantzak biltzea?
Egungo amonak dira bizi tradizionalari lotutako azken belaunaldia. Garrantzitsua iruditzen zait haien sentimenduen lekukotza hartzea, haiek dira eta tradizioa –tradizioa egun ulertzen dugun moduan– ezagutu duten azkenekoak.
Oteizak, belaunaldiz belaunaldi, identitatearen galera areagotzen zela ikusi eta kritikatzen zuen. Nire galdera honakoa da: bizitza tradizionala galdu bada, guk ere bizi tradizional horien ezaugarriak galdu ditugu?

Identitatea galdu dugun galdetu zenion, beraz, zure buruari. Dokumentalean erantzunik aurkitu ahal duzu?
Ez dut erantzunik topatu, baina ez naiz erantzunen bila joan. Ni arte mundutik nator, nire nahia ez da erantzun antropologiko edo soziologiko batzuk ematea, baizik eta barruan ditudan galderei irtenbide bat ematea. Ikusleari hausnarketako estimuluak eman nahi izan dizkiot, ez erantzunak.

Dokumentalean, eroritako edo zahartutako baserrien inguruan elkartu dituzu protagonista guztiak.
Nire amona baserritarra zen, eta horrek eraman ninduen baserriaren irudia lantzera. Kontraesan handia dago Euskal Herrian baserri munduarekin. Batetik, bukolikoki irudikatu, eta euskalduntasunarekin lotzen dugu. Bestetik, ez zaigu axola, eta desagertzen uzten dugu.

“Egungo amonak dira bizi tradizionalari lotutako azken belaunaldia”

Euskal identitatearen desagerpenaren metafora gisa erabili duzu baserrien erorketa. Baina, hori ez da dokumentaleko sinbolo bakarra. Mito eta sinboloz beteta dago obra, ezta?
Lanean Euskal Herriari lotutako sinboloak erabiltzen dira, bai. Kromletxa, baserria, Anbotoko Mari, sorginak… Mito eta sinboloen azterketa egin nahi nuen. Hala, galdera pila bat burutatu zait: mito horiek gaur egun erabiltzea zentzuzkoa da? Balio dute? Balio badute, agian eraldatze prozesu bat jasan behar dute guri balio izateko.

Genero ikuspegitik landu nahi izan duzu identitateen gaia, eta bakarrik emakumeak elkarrizketatu dituzu. Zergatik?
Gizonezkoek definitu izan dute beti emakumearen irudia. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen nuen emakumeek eurek haien iruditegi propioa sortzea.

Asko hitz egin izan da euskal matriarkatuaren inguruan. Teoria askok jendarte matriarkal batean bizi ginela diote. Uste dut nahiko arriskutsua dela sineskeria horietan erortzea. Horren aitzakipean herri honetan egondako errealitate asko ezkutatu izan baitira: bortxaketak, intzestuak…

Badirudi euskal jendartean emakumeen papera beti goraipatua izan dela; mitifikatu egin dela. Ondorioz, emakume baserritarrei zuzenean galdetu nahi izan diet. Egia da botere postu batean sentitzen direla euskal jendartean?

Erantzun zehatzik ez duzu jaso, baina asko galdetu duzu. Hainbat emakumeren iritziak biltzeko Kantauri isurialde osoan ibili zara.
Kantauri isurialdeko 12 amama eta 4 biloba elkarrizketatu ditut, eta komunean duten gauza bakarra da baserri munduarekin lotuta egon direla.

Eta, komunean ezaugarri bakarra soilik eduki arren, antzekotasunak aurkitu dituzu haien artean?
Amona eta biloba gehienak kolektibo baten parte sentitzen ziren. Nahiko sentimendu antzekoak dituzte. Mundua ikusteko modua komunean dute amonek eta bilobek.

Elkarrizketatutako 16 pertsonari galdera sorta berbera egin diezu. Zer ezberdintasun aurkitu duzu bi belaunaldien artean?
Arroparekin, adibidez, amonek arropa gutxi-gutxi zuten, eta lanerako erabiltzen zuten. Iganderakoa ere bazuten, eta kitto. Bilobek, ordea, armairua beteta dugu. Bestalde, jateko orduan, baserritarrek autosufizienteak ziren eta bertako janariarekin elikatzen ziren. Egun, hori ez da ikusten.

Amonetako batek dokumentalean esaten du 360 graduko bira eman duela bizitzak.
Egia da, kriston buelta eman du bizitzak. Kontua da zelako aldaketa izan duen eta zein modutara. Hemen etenaldi kulturala izan da. Amona horiek adibidez, haien seme-alabak diktadura frankistan hezi eta hazi dituzte. Kontua ez da gauzak aldatu behar ez direnik, nola aldatu diren baizik. Bizimoldeetan aldaketa handia eman da; belaunaldi batetik bestera, gainera.

Belaunaldien arteko ezberdintasunen artean, zerk harritu zaitu gehien?
Hiztegiak. Amonek erabiltzen zituzten hitz pila bat ez nuen ezagutzen, eta uste dut nire adineko jendeak ere ez dituela ezagutuko. Adibidez, baserriko lanei lotutako hitzak. Hitz bat galtzean, hitza bera desagertzen da, baina, aldi berean, munduari begiratzeko modu bat, sentitzeko modu bat. Horrela ere eraldatzen da identitea.

Identitateen plastikotasunari buruz hitz egiten duzu proiektuan. Identitateak nola aldatzen diren, nola eraldatzen ditugun…
Euskaldun izateko modu mordoa dago, eta egongo da, etengabeko eraldaketa batean gaude. Holakoa da jendartea. Baina, euskaldunoi ez zaigu nahi duguna izateko aukera eman, ez maila kolektiboan, ezta indibidualki ere. Sinboloei begiratzea besterik ez dago. Euskalduntasuna irudikatzeko edo irudi bukolikoetara edo gatazkarekin loturako imajinetara jotzen dugu. Gu munduarentzako hori gara?

Galderak dira nagusi lanean, baina, gainera, ez dira galdera zuzenak. Izan ere, bideoa oso esperimentala da. Zergatik jo duzu esperimentazioaren bidetik?
Ez nuelako dokumental tradizional bat egin nahi. Hausnarketarako estimulua eman nahi nuen, besterik ez.

Bideo honetan garrantzitsuena diskurtso bisuala da. Hitzen bidez esaten dena baino, garrantzia gehiago daukate irudiek. Dokumentala bera arteari lotutako obra bat da.

Ez dauka edizion lineala, irudiak gainjartzen dira, musika efektuak erabili ditut… Baina horrela da, horrela sentitu dudalako.

Esperimentua eta arte obra da aldi berean. Nolanahi ere, errealitateari buruzko dokumentala dela diozu.
Errealitatea bera eraikia da. Errealitatea errealitate bat baino ez da, askoren artean bat. Horregatik, dokumentalek guk nahi dugun errealitatea sortzeko balio dute. Diskurtso hegemonikoarekin apurtzeko tresnak dira.

Adibidez, dokumentalean azaltzen diren amona eta bilobak ez dira senitartekoak; ez dira familia berekoak. Hala ere, pelikulan erlazio afektibo bat ikusten da haien artean. Eta hori guk eraikitako gauza bat da.

Azaltzen duzuna hobeki ikusteko dokumentala ikustea besterik ez da geratzen. Non proiektatuko dute?
Herriz herri bota nahiko nuke, batez ere, elkarrizketak egin ditudan herrietatik gertu. Horrez gain, dokumentala eta haren inguruko lan teoriko bat kaleratzeko asmoa daukat.

Archivo del blog