antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2013/12/02

Faxismoa, traje eta gorbataz?

"...krisiaren astinaldi gogorraren ondorioz dekorazio maskara asko apurka-apurka jauzi eta lehen estalirik zeuden hainbat gako agerian gelditu dira. Hala, nabarmen ikusi da estatu demokratiko bat izatearena fikzio hutsa besterik ez dela..."

Itsaso Urtiaga
Topatu

 Faxista hitza adjektibo moduan guztiz ezaguna eta sarri erabilia da gure hizkuntza politikoan. Hain erabilia da, ezen irain modura puztu eta eduki politikoz kasik husturik gelditu zaigun. Esan bestela: zeri deritzogu zehazki faxista? Ziurrenik gutariko askori faxismo hitza entzutean eskuin muturreko antolakunde edo partiduak datozkigula gogora, beren estetika bereizgarriarengatik erraz identifikatzen ditugunak. Baina topiko tipikoez haratago, zer da egiazki faxismoaz dakiguna? 

Orain gutxi Carlo Frabetti-k faxismoa “burges ikaratu” baten modura definitu zuen. Ildo beretik, sarritan entzun izan dut krisi ekonomikoak faxismoaren gorakada eragin duenaren ideia. Baina ze zerikusi dauka faxismoak krisiarekin? Eta burgesiarekin?

Iñaki Gil de San Vicentek dio gizarte kapitalistetako erregimen politikoak, orokorrean, dominazio burgesa gauzatzeko mekanismoak direla. Honek ez du inolaz esan nahi sistema politiko guztiak euren artean berdinak direnik, baina bai guztiak organismo berdin baten fatxada hutsak direla; buru eta bihotz bakar baten azala.

Estatu espainiarraren kasuan konbultsio ekonomikoek nahiko agerian utzi dute egitate hori. Izan ere, krisiaren astinaldi gogorraren ondorioz dekorazio maskara asko apurka-apurka jauzi eta lehen estalirik zeuden hainbat gako agerian gelditu dira. Hala, nabarmen ikusi da estatu demokratiko bat izatearena fikzio hutsa besterik ez dela, benetako botere-guneak herritargo zabalaren esku-hartzetik urrun baitaude. Are gehiago, gaur gaurkoz tonto-itsu edo listo-interesaturen batek soilik defenda dezake botere hori herritarren mesedetan erabiltzen dela.

Aitortu beharrekoa da orain artean burgesiak ezin hobeki asmatu duela bere dominazioa demokraziaren aparientziaz kamuflatzen. Horretarako hainbat kontzesio onartu behar izan ditu (gehienak langileen borrokaren bidez lortuak), hala nola: zenbait eskubide sozial eta politikoen aitortza, ongizate minimo baten bermea edota lan politiko-sindikal erreformista burutzeko aukera. Halakoei esker, matxinada handiegirik eragin gabe, herritarrak hezurretaraino esplotatzetik mozkin kalkulaezinak ateratzea lortu izan dute oraintsu arte behintzat.

Hala ere, euren interesak babesteko joko-arau demokratikoak errespetatzea konpentsagarri suertatzen ez zaien kasuetan, aurpegirik anker eta anti-demokratikoena erakusteko inolako eskrupulorik ez daukatela erakutsia digute. Horrexegatik argi esan (eta izan) beharko genuke klase burgesak konbikzio politikoz baino komenientzia ekonomiko hutsagatik onartzen eta defendatzen duela demokrazia.

Horren erakusle argi dira krisi ekonomikoaren karira azken urteetan eman diren aldaketak. Burgesiak, irabazien pilaketa neurrigabeari eutsi ahal izateko, lehendik ere aski esplotatzen zituen langileak are eta gehiago estutzea erabaki du. Horretarako eskubideen murrizketa bortitza inposatzeaz gain, kontrol eta errepresio mekanismoak ere gogor zorroztu ditu, kontra-erreakzioei aurre egiteko prestatuz. Aldaketa guzti hauek demokraziaren izenean eginagatik ere, apenas dute ezer demokratikotik.

Era berean, ezin esan gabe utzi krisi ekonomikoaz haraindi euskal gatazkaren harira ere sarritan ikusi dizkiogula hortzak otsoari. Izan ere, bertoko askapen mugimenduak urte luzeak daramatza gauzei dagokien izenez deitu eta bakoitzaren benetako izana agerian jartzen. Borroka honek burgesiaren maskarak dantzan eta egungo bizi eredu osoa zalantzan jartzeko izan duen potentzialtasunetik soilik uler daiteke euskal herritarron aurkako etengabeko errepresio bortitza. Esanak esan, demokratikotik ezer gutxi daukate askapen mugimenduaren aurkako atxiloketa, bahiketa, desagerketa, erailketa, tortura, espetxe politika, ilegalizazio, debeku, karga polizial, isun eta abar guztiek.

Adibide hauek aski argi frogatzen dute lehen esandakoa: burgesiak bere burua arriskuan sumatzen duen bakoitzero ez duela inolako erreparo demokratikorik esku artean duen artilleria guztia erabiltzeko. Arriskuaren aurreko burgesiaren erreakzioek faxismoaren gorakadan eragin zuzena izan dezaketelakoan nago: alde batetik, erreakzio hauek (jarrera-jokaera-diskurtso…) ‘per se’ demokratikotik baino faxismotik gehiago izan ohi dutelako; eta baita, bestetik, halako erreakzioek, potentzialki, gizartean faxismoaren onartze eta hedatze izugarria eragiteko gaitasuna dutelako.

Hala bada, hasieran esan moduan sarri faxismoa estetika markatu batekin erlazionatu ohi badugu ere, agian pentsatzeko kontu bat da (Fort Apache-ren programa baten izenburuak dioen moduan) ea gaur egungo faxismoa ez ote den traje eta gorbataz janzten.

Faxismoaren gorakadaren zantzuak nabaritzen hasiak garen honetan, agian hobe genuke faxismoak gure gizartean errotzeko eta indartzeko egiten dituen saiakera guztiak identifikatu eta erantzun ahal izateko prestatzea. Izan ere, aldez aurretik harturiko neurrien edota eraso txikienari emandako erantzunen araberakoa izango da herri honen kontzientzia anti-faxistaren sendotasuna eta baita, kontrara ere, faxismoak berak garatu eta indartzeko izango duen posibilitate marjina. GAUR borroka honetan inbertitutako indarra gure ETORKIZUNERAKO erabakiorra izan daitekeelakoan nago.

ERREFERENTZIAK: 
- FORT APACHE, 2013, Hoy el fascismo se viste de traje y corbata
- FRABETTI, Carlo, 2013, El fascismo del siglo XXI
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2004, Contra el neofascismo
- GIL DE SAN VICENTE, Iñaki, 2007, Tesis sobre fascismo, neofascismo y poder capitalista

No hay comentarios:

Archivo del blog