Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/07/16

Aitor Aspururi elkarrizketa, kazetaria eta Gatazka kolektiboko kidea

"...gurean dagoen drogen erabilera ez da batere alternatiboa, ez ditu beste esparru batzuetan sustatzen ditugun balioak sustatzen. Baina, gainera, horren inguruko eztabaida proposatzen denean, ekidin egiten da."


Gotzon Hermosilla
BERRIA

Gatazka kolektiboak Drogas, capitalismo y movimientos radicales (Drogak, kapitalismoa eta mugimendu erradikalak) izeneko liburua kaleratu du oraindik orain, DDT argitaletxearen eskutik, xede argi batekin: eztabaida piztea. Izan ere, proposamen itxiak baino gehiago, kritikak, zalantzak, eztabaidarako ideiak agertzen dira lan horretan, ikuspegi kritiko batetik betiere, «ezker erradikalaren barruan eztabaida bideratu eta horrek drogekin duen harremana ispiluaren aurrean jartzeko». Aitor Aspuru (Laudio, Araba, 1981) Gatazka kolektiboko kidea da, eta liburuaren egileetako bat.

Drogen gaia deserosoa al da mugimendu erradikaletan?

Bai, oso deserosoa. Normalean beti izaten da deserosoa, baina mugimendu antikapitalistetan suposatzen da ideia batzuk baditugula eta horren araberako jokabideak dauzkagula, eta, hala ere, hesi moduko bat dago, ganorazko eztabaida bat egitea galarazten duena.

Zein da drogen eta kapitalismoaren arteko harremana?

Droga negoziorik indartsuenetako bat da, diru asko mugitzen du. Nik ez dut konspirazioetan sinesten, ez dut uste estatuek ezkutuko hitzarmena dutenik drogak saltzeko, baina argi dago diru hori guztia nonbait dagoela. Erantzuna, seguru asko, bankuek eta enpresa handiek izango dute. Baina zaila da pentsatzea botereak, edo boterean parte hartzen duten batzuek, ez daukatela zerikusirik kapitalismoaren motorretako bat den negozio batean.

Baina harremana ez da horretara mugatzen, liburuan azaltzen duzuenez.

Drogak bat datoz kapitalismoaren ideologiarekin, eta sistema horren zenbait joera indartzen dituzte. Bestalde, kapitalismoak gure bizitzetan sartzeko duen gaitasuna adierazten dute. Kapitalismoaren zenbait balio (bat-batekotasuna, hedonismoa, emaitza azkarrak lortzea eta abar) oso bat datoz drogek ezartzen duten dinamikarekin. Nik uste dut drogak kapitalismoaren Troiako zaldia direla, autoak edo kontsumismoa diren moduan, desberdintasun batekin: horiek guztiak kritikatzen ditugu, eta drogak, aldiz, ez.

Historikoki, nola egin diote aurre drogen auziari Euskal Herrian kapitalismoaren kontra azaltzen diren mugimenduek?

Mende hasieran, anarkistak oso kritiko agertzen ziren alkoholaren eta drogen aurrean, baina gaur egungo kontsumo gizarteak ez du zerikusi handirik orduko gizartearekin. 1970eko hamarkadan, drogen kontsumoaren eztanda gertatu zenean, heroinak indar handia hartu zuen eta oso ondorio latzak izan zituen. Mugimendu erradikaleko talde politiko guztiak heroinaren kontra lerrokatu ziren eta arazoa kokatu zuten estatuaren kontrako gatazkaren barruan. ETAren ekintzak izan ziren beharbada horren adierazpide muturrekoena, baina herri mugimendu osoak sekulako ahalegina egin zuen horren kontra borrokatzeko. Hala ere, ez zen sakondu gainerako drogen inguruko kritikan. Horrek ekarri digu gaur egun denok argi edukitzea drogek zenbait ondorio negatibo dituztela, baina inori ez bururatzea beharbada horri aurre egin beharko geniokeela.

Zer gertatu zen 1980ko hamarkadan drogen auziaren inguruan sorturiko herri mugimenduarekin?

Nik uste dut mugimendu horri gertatu zaiola intsumisioaren aldeko edo zentral nuklearren aurkako mugimenduei gertatutako gauza bera: epe historiko bat bete zuten, eta gero horren inguruko grina galdu zen. Lemoizen inguruan sekulako borroka antolatu zen; gaur Garoña dugu ondo-ondoan, baina horren kontrako mugimendua ez da inoiz hain indartsua izan. Intsumisioak garaipena lortu zuen, baina gero ez zuen jarraipenik izan militarismoaren kontrako borroka sendo batean. 80etako mugimendu hura heroinaren agertzeak sorrarazi zuen batez ere; heroinaren eragina apaldu zenean, mugimendua ere gainbeheran sartu zen.

Jai eredua ere aipatzen duzue liburuan.

Drogek zerikusi handia dute jai giroarekin. Herri mugimenduak esan ohi du jaietarako eta aisialdirako bestelako eredu bat duela, eta neurri batean hala da. Baina beste gauza batzuetan jai eredu kapitalista eta herri eredua ez dira hain desberdinak. Gaueko ordu txikietan txosna gune batean edo dantzaleku batean aurkitzen ditugunak ez dira hain desberdinak. Bestalde, horrek ordu kopuru eta ahalegin izugarria eskatzen digu, eta ondorioa da herri mugimenduetako militanteok adituak garela barra baten atzean lan egiten, kontzertuak antolatzen eta abar, baina beste zenbait kontutan, atxiloketa baten aurrean nola erreakzionatu, adibidez, oinarrizko prestakuntzarik ere ez dugu.

Beraz, zuen ustez, hor arazo bat dago.

Begien bistakoa da, eta horren frogarik argiena da zenbait mugimendutan ezinezkoa dela horretaz eztabaidatzea. Nire ustez, gurean dagoen drogen erabilera ez da batere alternatiboa, ez ditu beste esparru batzuetan sustatzen ditugun balioak sustatzen. Baina, gainera, horren inguruko eztabaida proposatzen denean, ekidin egiten da.

Zuen asmoa «eztabaida piztea» dela esan duzue behin eta berriro. Baina, horretaz aparte, proposamen zehatzik egiten duzue gaiaren inguruan?

Asmo bakarra da eztabaida piztea eta, ahal dela, eztabaida jatorra izatea, betiko topikoetatik aldenduta. Gero, kolektibo eta mugimendu bakoitzak erabakiko du drogen erabilerak arazorik ekartzen ote dion eta horren aurrean zer egin nahi duen. Nik ez daukat erantzunik. Baina arazoa ez da «drogak bai ala ez», drogak beti egongo direlako hor, baizik eta zergatik erabiltzen ditugun eta ea horretaz kontziente ote garen.

Archivo del blog