Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/09/15

Ukraina

Joseba Otondo GAUR8

Kiev Iruñetik 3.000 kilometrorat dago. Europako geografia fisiko eta sozialaren parte da, baina nonbait, ez ikusiarena egin nahiago dugu. Bitxia da, baina Euskal Herrian Europako ezker eta herri mugimendurik indartsuenetakoa dagoela aditu dugu, franko modu handiustean –bidenabar erranda–; ba, hori minimoki egia bada –ikaragarriak garela–, ulergaitza da pasatzen ari denari buruz egiten ari den jarraipen mediatiko eta politikoa. Nonbait afera sobera konplexua da eta hemendik aski ideologizaturik eta aurreiritziz josia ikusten da: ez gaitezen gureak ez diren aferengatik mokoka hasi. Hori izan da, orobat, Ukrainakoari iskin egiteko orain artioko argudiotegia.

Kezkagarria. Ukrainan kezkatzeko moduko elementu aunitz daudelako. Eta guri bi kontuk bereziki kezkatu beharko gintuzkete: eskuin muturreko taldeen indarra eta NATOren edo bertze gisa erranda inperialismo euroamerikarraren jokabidea. Eta bi horiek diot Europan pizti arrea pizten ari dela dirudielako eta egiturazko krisi testuinguru zakar honetan irtenbide posibleetako bat gure kontinentean erroak dituen mugimendu horretatik etorri daitekeelako. Eta NATO diot, zeren nahiz hegoaldeko Euskal Herritarrek erreferendumean arbuiatu, praktikan Espainiako eta Frantziako estatuen bitartez egitura inperialista horretan baikaude eta natur baliabideen eskasi eta agorraldi fasean mundu mailako hainbat baliabideren gaineko ageriko edo isilpeko borroka hasi baitu. Bistan da inperialismoa, barnerat begira, hala nolako demokrazia burges forma batzuekin uztartu daitekeela, Europ
ar Batasuna adibidez. Kanporat begira, haatik, fase honetan ekofaxismoaren forma hartzen hasi da. Munduko baliabideei buruzko borroka, gero eta toki gehiagotan, gerra forma hartzen ari da. Horren gaineko gogoeta, nahiz eta ondorioa iritzi kontrajarriak izan, ez da saihesten ahal.

Archivo del blog