antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2014/10/23

«Naparra" pelikula izan ezin duen istorioa

"1980. urtean ikusi zuten azkeneko aldiz Joxe Miel Etxeberria, Celes eta Patxikuren semea, Naparra. Haren heriotza aldarrikatu zuen Batallon Vasco-Español zelakoak. Geroztik berririk ez, ezer ez."

Ramon Sola

Celes Alvarez du izena. Eta izen hori eta aurpegi hori inork gutxi ezagutzen dituen arren, gure Hebe de Bonafini, gure Estela de Carlotto ere bada, izan beharko luke. Bi minutu eskas irauten du Nazio Batuen Erakundeko Desagertuen Lan Taldera Iruñetik bideoz igorri duen mezuak, baina nolako bi minutu. Esan liteke aipatzen dituen hogeita hamalau urte eta hiru hilabete biltzen dituztela 120 segundo horiek. Horietan urtzen baita geroztik egunez egun pilatutako samin osoa (milaka malko), bai eta erraietatik oraindik ateratzen den indar guztia ere (izerdi ugari). Garai bateko itxaropenak eta oraingo egia eta justizia nahiak, biak barnebiltzen ditu bideomezu zirraragarri horrek.

1980. urtean ikusi zuten azkeneko aldiz Joxe Miel Etxeberria, Celes eta Patxikuren semea, Naparra. Haren heriotza aldarrikatu zuen Batallon Vasco-Español zelakoak. Geroztik berririk ez, ezer ez. Alaba galdu zuen Estelak ere, Argentinan desagerrarazia, baina biloba behintzat aurkitu berri du, bizirik. Celesek zerbait jakin nahian, argi izpi baten zain, erlojuaren kontrako lasterketan segitzen du oraindik ere.

Honelaxe hamabi urte eman zituzten Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren senideek ere, 1983ko urritik 1995eko ekainera. Denon ahotan da tragedia hura, inoiz baino gehiago, atzotik pantailaratu den filmari esker. Duela hiru aste egin zen estreinaldia Donostia Zinemaldian, baina oraindik galdera batzuk dabilzkit buruan bueltaka. Izan ere, harridura handiz hartu nuen askoren ahotan zebilen ustea; hain zuzen ere, pelikula «polemikoa» izango zela.

Harridura, bai, are gehiago hori aurreikusten zutenek (Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko arduradun nagusitik hasita) ez zigutelako argitzen polemika zertan zen zehazki. Ez ote da egia bertan kontatzen dena? Bai, bada, batere susmagarria ez den Auzitegi Nazionalak emandako epaian oinarritzen baita. Ez ote da zehatza? Ez da hori ere, errodatutakoaren %99 honelaxe gertatu zela nabarmendu baitu Pablo Malo zuzendariak (are gehiago, sinesgarriak ez ziren hainbat gehiegikeria ezabatu ditu). Ez ote da komenigarria? Egia jakiteak beti izan beharko luke. Orduan, ez ote zen kontatu behar? Edo akaso gehiago itxaron behar ote zen? Igaro diren 31 urteak ez al dira nahiko denbora? Benetan?

Bakar batzuen azalpen aitzakia hauxe izan da; pelikulak indarkeria politikoaren zati bat baino ez duela jasotzen, kasu bakar bat, alde batekoa. Honi eutsita, ETAk eragindako atentatuak zinemara eramateko erronka bota dio baten batek Malori. Baina bere buruari tranpa egiten dio, indarkeria horren inguruko filmak egon badaudelako: ‘‘Yoyes’’, ‘‘Asesinato en febrero’’ eta ‘‘Tiro en la cabeza’’, batzuk aipatzearren. 

Arrakasta handirik ez dute izan, egia da, agian bertan kontatzen dena sobera jakina delako, Euskal Herrian zein Estatuaren beste tokietan, eguneroko telediario, teleberri eta abarren bidez. Alde horretatik, ‘‘Lasa eta Zabala’’ filmak abantailatxo hori du, noski, orain arte inoiz ez baita gerra zikina gure pantailetan erakutsi.

Laster jakingo dugu pelikula zinez Estatu espainolean polemikoa ote den. Baina argi utz dezagun gurean ez dela, Rebordinos jauna, polemikoa izateko inolako motiborik, eta ondorioz ez dela izaten ari, eta ez dela izango. Polemikak bilatzen hasita, gaur arte nolatan ez duen inork ekoitzi eta filmatu galdetu ahal genioke geure buruari. Eta, bide batez, Celesen bideomezua ikusi eta entzun genezake (gaur arratsaldean zabalduko du NAIZek). Bere istorio ikaragarria, Joxe Miel Etxeberria Naparrarena, ezin bailitzateke inola ere ez film bilakatu. Arrazoi ukaezin batengatik, funtsean: ez du oraindik gidoirik, edo pasarte eskas batzuk baino ez. Orain dela hogei urte Joxeanena eta Joxirena bezala, edota egun Popo Larrerena, Eduardo Moreno Bergaretxe Perturrena, Jon Anzarena bezala.

* "Naparra" KAA-Komando Autonomo Antikapitalistetako  militantea zen

No hay comentarios:

Archivo del blog