Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/11/15

Elkarrizketa Montse Neirari, sexu langilea

"Patriarkatuaren aurka botere ikaragarria da emazteon sexualitatea"

Maddi Ane Txoperena
BERRIA

Taburik gabe ematen du bere lanbidearen berri, ez dezaten bertze batzuek bere partez hitz egin: «Ea horrela bertze batzuk ere animatzen diren». Haren ustez, estigmatizazioarena da bortizkeriarik handiena.

LAB2014: Bakearen Itzalak jardunaldien barnean hitzaldia emanen du gaur 19:00etan Montse Neirak (1960, Bartzelona), Donostiako San Telmo museoan. 29 urte zituela hasi zen sexu langile gisa lanean, eta oraindik horretan dihardu. Ikasketaz Zientzia Politikoetako lizentziaduna da, baina ez dio horri garrantzirik ematen: «Gutxienekoa da». 40 urterekin hasi zen ikasten, eta zailtasunak izan zituela dio: «Langile sozial bati erran nion ikasi nahi nuela, eta, lagundu ordez, prostituzioa uzteko konbentzitzen saiatu zen. Erran zidan ikasteko helduegia nintzela; etxean garbitzen aritu beharko nukeela».

Prostituta eta lizentziaduna. Batzuei bitxia eginen zaie, ezta? 
Ezberdintasuna da ikasketarik egin ez banu ez ninduketela entzungo egin ohi duten bezala. Badira ni bezain borrokalariak diren emakumeak. Baina ikasketarik ez dutenez, leku batzuetatik ez dituzte deitzen. Ni prostituzioan hasi nintzenean gizartetik baztertuta nengoen, eta prostituzioari esker nago orain nagoen lekuan.

Liburu bat ere idatzi zenuen, bizipenak kontatzeko. Garrantzia ematen diozu plazaratzeari.      Noski: ni bezalako emakume anitz dagoelako. Baina beldurra, lotsa eta erru sentimenduengatik isildu egiten dira. Prostituzioaren irudi doilor bat ematen da, eta badirudi emakume bati gelditzen zaion azkeneko aukera dela sexu langile izatea. Baina, justuki, aukera horri esker emakume anitzek egin dute aitzina. Hori ez da inoiz jakinen estigma existitzen den bitartean.

Zein ondorio ditu estigmak?                                                                                                            Sexuarekin loturik dauden gauza guziei buruz modu inplizituan hitz egiten da. Pornografia aktoreek ere ez ohi dute kontatu; bukaera erotikoak egiten dituzten masajistek azkeneko zati hori alboratzen dute. Eta prostituzioan, estigma ez da pertsonena bakarrik, gizarte osoarena baizik. Hitzaldian, instituzionala den bortizkeria matxista horretaz hitz eginen dut. Bestalde, estigmak dakar prostituzioaren jarraipena: hirietan, ordenantzen bidez, erraterako. Edo, adibidez, prostituzio etxe handiak egotea ahalbidetzen dute, non lan jazarpena gertatzea errazagoa den. Horretan ere kontuz ibili behar da: ez da nahastu behar lan jazarpena emakumeen salerosketarekin.

Zein lan jazarpen dago?                                                                                                             Prostituzio etxeak handiagoak dira orain: lehen hamabost emakume ibiltzen ginen, eta orain 150ekoak badaude. Horietan ez dago inongo araudirik; beraz, abusuak gerta daitezke. Bestalde, estigmak dakar ematen dizkiguten alternatibak oso txarrak direla: zaintza lanak adibidez, oso lansari prekarioak dituztenak.

Bertze bortizkeria mota bat dago anitzen buruetan.                                                                    Abolizioaren aldekoek bezeroen bortizkeria aipatzen dute, baina justu haiena da indarkeriarik txikiena. Noski, beti dago bezero bortitzen bat, baina kalean den jendea bezala. Are: normalean sexuaren truke dirua ematen duten gizonek ez dute sexuagatik soilik ordaintzen; konpainiagatik, goxotasunagatik eta hitz egiteko ere ordaintzen dute. Ez dute beti sexu esplizitua nahi, eta guri plazera eman ere nahi izaten dute.

Sexualitatea ulertzeko moduan arazo bat al dugu?                                                                                  
Arlo afektiboan arazo ugari dugu. Ezkontzaren instituzioa idealizatzen da, baina ez du funtzionatzen: hitz egiteko ezintasuna eta deserosotasuna handiak dira bikoteetan. Hutsune hori betetzeko etortzen da maiz jendea gugana.

Zer da zuretzat prostituzioa?                                                                                                                   Bi pertsona helduren arteko hitzarmen bat da, non sexua eta dirua trukatzen diren. Hortik kanpoko guzia delitua da.

Erregularizatzearen alde zaude?                                                                                                          Ez; haratago noa. Oinarrizko eskubideak errespetatzearen alde nago. Bertze lan guziek bezala honek ere berezitasunak ditu: prostituzioak eskatzen du hirugarren batek ez esku hartzea itunean. Langileak jarri behar ditu baldintzak, praktikak eta ordutegiak.

Eskubideak aitortzeak zer ekarri beharko luke?                                                                        Curriculumean jarri ahal izatea sexu lanak egin dituzula, eta baloratzea. Lan hau eginez, gizakiekiko tratuan eta gatazken konponketan sekulako tresnak garatzen dituzu. Hori baliagarria da bertze lanbide batzuetarako.

Prostituzio kooperatibak sortzea izan daiteke modu bat?                                                                     Horixe defendatzen dut: kooperatibak, edo autonomo lana. Horiei esker, denon artean arduratu gaitezke azpiegiturez, eta kostuak txikiagoak dira. Eivissan [Herrialde Katalanak] badago bat, eta oso ongi doa.

Aukera askea den ala ez, maiz jartzen da zalantzan.                                                                         Gaur egun, zenbat jende dago gustuko duen lana egin eta baldintza duinetan? Oso gutxi. Emakumeoi trabak jartzen zaizkigu dirua lortzeko. Prostituzioan lan eginez emakume bat independente izan daiteke, eta horregatik ez zaie gustatzen. Emakumeon sexualitatea botere ikaragarria da; patriarkatuarentzat oso arriskutsua izan daitekeena.

Archivo del blog