Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/12/22

Gatazkaren alde

"Tentagarria da korrontearen barnean gure burua joaten uztea. Askoz nekagarriagoa, aldiz, izokina bezala ibaian gora abiatzea."
  
Ivan Gimenez 
Argia

Gatazkarik gabeko gizarte bat diktadura besterik ez da. Gatazkak, hala ere, “prentsa txarra” dauka: beldurra, indarkeria eta segurtasun eza burura ekartzen dizkigu. Gatazkaren alde egotea talibanengandik edo terrorismotik oso hurbil egotearen gauza bera omen da. Gatazka kontzeptu gaiztoa, erasokorra, biolentoa eta aldebakarrekoa bezala ulertzen da.

Egia da: eguneroko bizitza erosoagoa da beste guztiak bezala jokatzen badugu, eta funtsezko aferetan ados gaudela adierazten badugu (batzuetan isiltzea nahikoa da), betiere gizartearen bizikidetza apal eta lasai baten alde. Askotan, Gabonetako senide afarietan bezala jokatzen dugu arlo publikoan: giro ona eta baketsua ez apurtzeagatik, amore ematen dugu. Tentagarria da korrontearen barnean gure burua joaten uztea. Askoz nekagarriagoa, aldiz, izokina bezala ibaian gora abiatzea.

Hala ere, horrekin konformatzeak badu prezio garesti bat, Tony Judt historialariaren esanetan: “Kontsentsuaren demokraziak ez du demokrazia bezala gehiegi iraungo”. Azken finean, zer da kontsentsuaren demokrazia bat? Gauzak dauden bezala jarraitzeko joera politikoa, gehiengo isila tresna bezala erabiliz.
Kontsentsua gatazka saihesteko trikimailu bat baino ez da, ahuleziaren seinalea
Honen eredurik perfektuena, berriro, Nafarroa da. Egunero entzuten ditugu kontsentsuaren aldeko adierazpenak, egonkortasuna eta berpizte ekonomikoa zaku berean sartuz: hori dena lortzeko gako magikoa itun handi bat omen dela, “diferentzia politikoak alboratuz, interes orokorren mesedetan”.

Alabaina, hemen eta mundu osoan, desadostasuna eta uko egitea dira gizarte zabal baten bermeak. Gehiengo apal eta akritiko horren iritziaren aurkako herritarrak behar ditugu, benetako demokraziaren aldeko lana, hain justu, hau delako: oposizio ideologikoa, erroturik dauden printzipioak kolokan jartzea.
Erronka berriei erantzuteko energia ez dugu aurkituko betiko ideien zirkulu itxietan, edo kontsentsu politikora deituz.
 
 Azken finean, desberdintzen gaituenak ematen digu banakako identitatea. Eta gizartean non gauden zehatz azaltzeak gure interesa markatzen du, interes orokorren gezurra azaleratuz. Interes ezberdinen talka horren joko zelaia gatazka da. Eta edozein gatazkaren aterabidea indar korrelazioaren arabera erabakitzen da.

Gauzak horrela, kontsentsua gatazka saihesteko trikimailu bat baino ez da, ahuleziaren seinalea. Horregatik, gatazka demokratikoaren bandera hartzen duena aurrera doa, beldurra arerioen aldera igaro dela agerian utziz. Eta kontsentsu baten eske dabiltzanak kikilduta daude, haserretuen itxura egiten badute ere.

Archivo del blog