Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2015/01/06

Elkarrizketa Periko Solabarriari, Ezker Abertzaleko kide historikoa

"Sinetsarazi nahi digute kalera ateratzeak ez duela ezertarako balio eta mugimenduetan antolatzea alferrikakoa dela."

BERRIA

Azken hamarkadetako historia larruazalean idatzita dauka Periko Solabarriak (Portugalete, Bizkaia, 1930). Asko dira egindakoen zerrendan dituenak; tartean, meategiko langilea, abadea, Herri Batasuneko zuzendaritzako kidea, Espainiako Kongresuko parlamentaria, Bizkaiko Batzar Nagusietako diputatua eta Barakaldoko zinegotzia izan da. «Lubakietako zauriak» dituela dio makila eskuetan duela. 2012ko irailaren 26ko greban aldakan jo zuen Ertzaintzak, eta minduta dago geroztik. Kexu da, 84 urteko gorputzak geldiarazi egiten duelako, eta kalean nahi baino gutxiagotan egoten delako horregatik. Baina arimaz oraindik gaztea dela dio behin eta berriz umorea galdu gabe. Hain zuzen, Ernai gazte antolakundeak Urduñan (Bizkaia) egindako ekitaldi batean parte hartzeagatik akusatu berri du Eloy Velaskok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

«Terrorismoa goratzea» egotzita, hemezortzi hilabeteko espetxe zigorreko eskaera jaso duzu.

Urduñan Gazte Danbada egin zuen Ernaik 2013ko martxoan. Hamaika solasaldi eta ekitaldi antolatu zituzten, eta milaka gazte bildu zen han. Azken eguneko ekitaldian izan nintzen ni hizketan, Irati [Sienra] eta Gotzonekin [Elizburu] batera. Gogoan dut nire mintzaldian oinez aritzeko behar nituen makuluak altxatu nituela, borrokaren sinbolo gisa. Greba batean jasotako kolpeen testigu ziren, lubakietako borrokaren isla alegia. Besteak beste, Xabier Lopez Peña euskal presoaren aldeko hitzak esateagatik akusatzen naute; izan ere, Lopez Peña aurreko egunean hil zen. Gudaria
zela esan nuen, ez besterik. Espetxean hil zen, eta senideek ez zuten ikusteko aukerarik izan. Hori krudelkeria da. Gorpuari harrera egitera ere joan nintzen aireportura. Eta nire akusazio autoan ere horixe agertzen da: «terrorista» bat jasotzera joan nintzela. Izugarria da. Esan behar nuena esateagatik eraman nahi naute espetxera.

Epaiketaren egunaren zain zaude orain. Nolakoa izaten ari da prozesua?

Karguak jasotzera joan ginen epailearengana 2013ko irailean. Ernaiko kamisetarekin aurkeztu nintzen haren aurrera. Gazteak baino probokatzaileago joan nintzen ia-ia [irriak]. Interpretariak galdetu zidan ea jantzita neraman kamisetan zer jartzen zuen, eta azkar erantzun nion: Izan gaitezen haien amesgaizto. Ni Jone [Goirizelaia] abokatuarekin nengoen eserita, eta epailea eta fiskala aurrez izan genituen, zutik. Ni ikusita harriduraz galdetu zion fiskalak epaileari: «Baina hau Ernaikoa al da?» Berehala erantzun nion: «Euskal Herrian 80 urte ditugunok ere gazteak gara». [Irriak]. Oso pozik nago eman nion erantzunarekin. Esperientzia hau da nik Ernairekin izan dudan lehena, erakundearekin izan dudan bataioa dela esaten dut. Eta, orain, ahal dudan guztietan noa ni Ernaik antolatutako ekintzetara.

Zer iruditzen zaizu gaur egungo gizarte egoera?

Ahanztura da gaur egun kapitalak duen armarik indartsuenetako bat. Horixe nahi du: herritarrak eskubideak aldarrikatu eta eskatzeaz ahaztea. Sinetsarazi nahi digute kalera ateratzeak ez duela ezertarako balio eta mugimenduetan antolatzea alferrikakoa dela. Inoiz baino beharrezkoagoa da herritarrekin batera lan egitea. Egon zaitezke sindikalismoan, baina gero egunerokoan jendearen alboan ez baldin bazaude, akabo. Jendea gogotsu dago, eta borrokatu egin behar da. Botereak hori nahi du: gu guztiok geldi egotea.

Horregatik diozu behin eta berriz kalean egotea ezinbestekoa dela?

Bai. Kalean egiten den lana ezinbestekoa da, eta horregatik diot behin eta berriz lokatza zapaldu behar dela, alfonbra gorrietan ez delako oinatzik geratzen. Hori esaten diet nik sarritan instituzioetan lanean ari direnei. Kalean egon beharra dugu, langileekin batera. Irudipena dut kalearen esparrua galdu egin dugula. Egiten dira manifestazioak eta protesta handiak, baina gero eta gutxiago dira egunerokoari erantzuten diotenak. Niri eraikuntza lanak kaleko borrokalari eta militantziaren arima eman didala uste dut. Kaleko militantearen kontzientzia, alegia. Herritarrak kalean daude, eta haiengana joan behar dugu guk ere. Hitz egitera, pankartak jartzera edota bankuak okupatzera. Baina egon egin behar da. Eta dauden mugimenduetan parte hartu behar da. Horregatik nago ni ahal dudan guztietan kalean. Baina medikuak esan berri dit lubaki gutxiago zapaldu eta neure burua gehiago zaindu behar dudala. Apurtu egingo naizela dio. Erietxera joan behar izan dut egunotan aldakako zauriak min izugarria ematen didalako.

Gizartean kontzientzia galera nabari duzu?

Bai. Adibide bat emango dut: Euskal Herrian etxe kaleratze ugari egon dira azken urteetan, eta lau katu egon gara kaleratuei babesa ematen eta protesta egiten. Nola da posible? Maiatzean hiru familia atera zituzten etxetik Zabalburu auzoan, Bilbon. Goizean goizetik izan ginen han familiak babesten eta Ertzaintzari aurre egiten. Harriak bota ditzakegu, bai, baina behar denean bidegabekeriak salatzen eta herritarrak babesten ditugu. Uste dut hori galtzen ari garela; nabarmen, gainera. Ezkerreko mugimendu gehienekin ari da gertatzen, edo hori ikusten dut nik behintzat. Eta bide hori berreskuratzea ezinbestekoa iruditzen zait.

Urtarrilaren 10erako Bilbon euskal presoen etxeratzearen aldeko mobilizaziora deitu du Sare plataformak. Han izango zara?

Noski. Konpromisoa izan behar dugu euskal presoekiko. Euskal Herrian dugun gauza garrantzitsuenetakoa da, eta dugun guztia eman behar dugu haiengatik. Hemen gaudenak kontsekuenteak izan behar dugu. Ezin dugu guk erabaki haien ordez. Batzuetan, badirudi gidatu egin nahi ditugula. Hori ez zait bidezkoa iruditzen. Haiek erabaki behar dute zer egin nahi duten. Presoek esan eta proposatu behar dute. Eta gu, hemen gauden guztiok, babestu egin behar ditugu. Baten batek beste modu batera pentsatzen baldin badu ere, erabaki hori errespetatu egin behar da. Haiek ari dira espetxearen egoera latz bizitzen, eta, askotan, kritika batek min handia egin diezaioke kartzelan dagoenari. Ulertu egin behar dugu zer- nolako egoeran dauden, eta errespetatu egin behar ditugu. Nik ez dut inoiz kritikatuko euskal preso batek hartutako erabakirik.

Txapa morea soinean daramazu beti.

Emakumeen borroka oso garrantzitsua da niretzat. Hala izan da nire bizitza osoan, eta bada oraindik ere. Emakumeak babestetik harago egin behar dugu, haien zapalkuntza gurea izango balitz bezala sentitu behar dugu. Horrela ulertzen dut nik militantzia, eta horrela adierazten diet gertukoei ere. 2013ko Barakaldoko jaietan pregoilari izateko hautatu ninduten. Eta esaldi honekin bukatu nuen ekitaldia: «Zoriontsua izango da gizona, egun bakar batean bada ere emakumeen arima ezagutzeko gai bada». Asko txalotu ninduten, eta, ez pentsa, gizonak ere baziren entzuleen artean. [Irriak]. Emakumearen zapalkuntzaz gain, etorkinen arazoa ere gertutik ezagutzen dut. Nik eraikuntzan lan egin dut urte luzez. Eta frankismo garaian asko izan ziren Euskal Herrira lan bila etorri zirenak. Haiekin bizi izan naiz urte luzez.

Aldarrikapenak eguneroko jardunarekin lotzen dituzu, beraz?

Peoia naiz ni. Lanean hasi nintzenean argi nuen ez nuela bulego batean sartuta bizi nahi, kalean egon nahi nuen. Lankide izatera joan nintzen ni eraikuntza lanetara, eguneroko lanaren mina neure larruan bizitzera. Eta, nola ez, langileekin batera borrokatzera. Behin eta berriz esan dut hori, eta langileen egoera aldatzearen alde egin dut ahal izan dudan neurrian. Horregatik ezagutzen ninduten askok. Oso arraroa zen abadea zen langile bat pikotxa eta palarekin lanean ikustea. [Irriak]. Sotana eta pikotxa, biak uztartu ditut.

Herri Batasuneko diputatua ere izan zinen 1979tik 1982ra Espainiako Kongresuan. Alderik nabari duzu gaur egungo egoerarekin?

Hala da. Telesforo Monzon, Ortzi Letamendia eta hirurok hautatu gintuzten diputatu izateko. Arrondegiko zubian lanean nengoela eman zidaten parlamentari nintzen berria. Lan egin behar nuen hauteskudeen hurrengo egunean, eta emaitzak eman baino lehen joan nintzen ohera. Hurrengo egunean lanean nengoela agertu ziren kazetariek eman zidaten berria. Inor ez zegoenean joan ginen Kongresura hirurok, gure txartelen bila. Eta handik zuzenean egin genuen Soriako espetxera. Euskal preso gehienak han zeuden, eta herritarren ordezkari gisa egin genuen haiengana, aktak eta gure txartelak ematera. Asko aldatu dira gauzak ordutik. Gu ez ginen Madrilera gehiago joan, eta gaur egun normaltasun osoz joaten dira hango instituzioetara. Baita Europara ere. Harritu egiten nau horrek. Bizkaiko Diputazioan ere egon nintzen beranduago, 1983tik 1991ra. Baina aktak hartzera soilik egin genuen hara.

Erreferentetzat zauzkate askok.

Bai, hala dirudi. Aurrera egiten asko laguntzen dit horrek. Oraindik ere jende asko etortzen zait 60ko hamarkadan Barakaldon bizi nintzen sotoan antolatu genuen eskolan nire ikasle izan zirela esaten eta egindakoarengatik eskerrak ematen. Arratsaldez meza ematen nuen, eta goizez eskolak ematen nituen, debalde. Oso gogorrak izan ziren han bizi izan nintzeneko garaiak: lurrean egiten nuen lo, eta ikaragarria zen zegoen hezetasuna. Baina zoragarria izan zen aldi berean. Haurrak pozik egoten zirelako eskolan eta jende asko ezagutu nuelako.

Eskola baino gehiago izan zen Barakaldoko sotoa garai haietan.

[Irriak]. Bai, bilerak egiten zituzten han orduko buruzagi politikoek. UGTko Nicolas Redondok; Ibarrola anaiek; Alderdi Komunistako [Jose] Unanuek; Lalo Lopezek, Patxi Lopez lehendakari ohiaren aitak, eta abarrek. Txabi Etxebarrieta ere ezagutu nuen han, 19 urte zituela. Oso gaztea zen Etxebarrieta, baina izugarria zen zuen langile kontzientzia. Langile Frontekoak elkartzen ziren nire sotoan. Kanpoan geratzen nintzen ni bitartean, zaintza lanak egiten. Arriskutsua zen garai haietan horrela aritzea. Baina arriskatzea beharrezkoa zela uste nuen. Batallon Vasco Español taldeak bidali zidan mehatxu gutun bat gordeta daukat oraindik. Hamabost egunean sototik alde egiten ez banuen hil egingo nindutela zioen. Baina bertan geratzea erabaki nuen, duintasunagatik eta militantziagatik.

Kide izandakoak hil zituen gerra zikinak garai haietan.

Oso garai gogorrak ezagutu genituen. Azkenaldian Santi Brouarden hiletan izan genuen pasarte bat datorkit burura. [Txomin] Ziluaga eta Jokinekin [Gorostidi] nengoen egun hartan. Bilera egitekoak ginen hileta hasi aurretik, eta gizon bat etorri zitzaidan gutun batekin. Espainiako Parlamentuko mezua zeraman, eta Brouarden hilketarengatik doluminak emateko bidali zuten. Txomin eta Jokini esan nien esku artera zer iritsi zitzaidan. Irakurri gabe, hiru zati egin zuen papera Jokinek, eta zati bana zakarrontzira botarazi zigun. Brouard hil zuten berberek bidali zituzten doluminak. Izugarria izan zen hori. Atzera begiratu eta horrelako pasarteekin oroitzen naizenean ikusten dut nola aldatu diren garaiak.

Zer dela-eta duzu horrenbesteko esperantza gazteengan?

Kontzientzia izan behar dute gazteek. Mezu hori helaraztea gustatuko litzaidake. Argi izan behar dute gaur egun dena dutela kontra. Baina gizarteko sektorerik garrantzitsuena da gazteria. Oraina dira, eta etorkizuna. Nortasuna izan behar dute, eta ezin dira zain egon besteek zer esango duten edo zer egingo duten. Ideia propioak garatu behar dituzte, eta, antolatuta egon arren, ez daitezela isilik egon inoiz. Nortasuna erakustea beharrezkoa da. Eta, nola ez, kontsekuentea izan behar da beti. Horregatik uste dut gazteekin harreman asko izan behar dela eta haiekin asko hitz egin behar dela. Eta, are garrantzitsuagoa, entzun egin behar ditugu. Gazteekin bizitzea eta egiten dutena babestea beharrezkoa da. Gaztetxeetan, adibidez, urre zaina dagoela uste dut. Gazteria bertan behera uzten baldin badugu borroka hau galdu egingo dugula uste dut. Euskal Herrian oso baliotsua izan da eta da gazte mugimendua. Abangoardia izan dira ia beti.

Archivo del blog