Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2015/11/22

GARAren JUKUTRIAK

"Espainiak Kataluniarekin izan duen jarrera eta Serbiak Kosovorekin ustez izan duena konparatzen ditu, irakurketa erraz bat egiteko: “Kosovo albaniarra = Katalunia = nazio-askapena” eta “Serbia = Espainia = nazio-zanpaketa”. Konparaketa erraz eta interesatu honek gauza asko ahanzten ditu, adibidez, Kosovon serbiarrak ez direla inongo okupatzaile (mendeak daramatzate bertan bizitzen eta Kosovoko toponimia gehiena serbiarra da)..."
  
Drina Zubia Kultur Elkartea
                                      Herenegun, UNESCOko Biltzar Nagusiak, partzialki aintzatetsia den Kosovoko Errepublika bere barnean ez onartzeko erabakia hartu zuen, kide izateko proposamenak gutxienekoak diren bi herenak bildu ez zituela eta. Kosovoko Errepublikak (Serbiak aintzatesten ez duenak) UNESCOn NBEn sartzeko urrats bezala ikusten zuen, baina Serbiaren aburuz, Kosovo gobernu albaniar baten pean Estatu “Independente” (praktikan Mendebaldearen menpeko protektoratu) bihurtu zenetik Kosovoko ondare historikoa, sustrai serbiar eta ortodoxoak dituena, ez dute behar bezala zaindu (Serbiak Kosovoko Gobernuari zaintza-axolagabekeria horretan asmo politikoak, Kosovoko aztarna serbiarrak ezabatzea, eta garbiketa kulturala burutzea leporatzen dio).

NATO AlbaniaBerri honen inguruan, atzo, azaroaren 10ean, GARA egunkariak
"Serbia y España se alegran de que Kosovo quede a las puertas de la UNESCO" titulatu du. Kontutan izan behar dugu 50 Estatuk bozkatu dutela Kosovo UNESCOn sartzearen kontra, ez soilik Espainiak. Baina GARAk Espainia jarri du titularrean, ez adibidez, Palestina, Venezuela edo Bielorrusia. Are gehiago, berriaren gorputzean soilik serbiar, albanokosovar eta errusiar ordezkarien adierazpenak jaso dituzte, Espainiaz aipatu duten bakarra, esaldi bakarrean Gobernuaren komunikatu aseptiko bat izan da, hor “behartuta” eta trakeski sartu izanaren sentsazio erabatekoa dariola. Hots, titularra eta edukia ez datoz bat, titularrean Espainia nabarmentzen baita, baina berrian ez da agertzen nabarmentze hori justifikatzen duen ezer. Argi dago GARAren nahia izan dela, besterik ez, Espainia titularrean jartzea, eta nahi hori informazioaren gainetik ezarri dutela. Zergatik? Badirudi Kosovo “Independentziarako eredutzat” jotzen dutelako izan daitekela, eta hala, irakurleari (euskal independentista denari), Serbia eta Espainia parekatzeko edo erkatzeko parada erraz jartzeko asmoa agertu du.

Manipulazio hori politikoki zuzendua dela argi azaltzen zaigu gero Dabid Lazkanoiturbururen iruzkina ikusterakoan. Hemen, lotsarik gabe, Espainiak Kataluniarekin izan duen jarrera eta Serbiak Kosovorekin ustez izan duena konparatzen ditu, irakurketa erraz bat egiteko: “Kosovo albaniarra=Katalunia=nazio-askapena” eta “Serbia=Espainia=nazio-zanpaketa”. Konparaketa erraz eta interesatu honek gauza asko ahanzten ditu, adibidez, Kosovon serbiarrak ez direla inongo okupatzaile (mendeak daramatzate bertan bizitzen eta Kosovoko toponimia gehiena serbiarra da), Kosovoren “Independentzia” NATOren guda baten ondorio zela (Espainia guda horren parte zen Serbiaren aurka) eta azkenik, halako trikimailu errazen sinesgarritasuna hutsa dela nazio arazoetan eskema unibertsal bat ez dagoelako (adibidez, Serbiar nazioa katalana baino txikiagoa da eta bere XIX eta XX. Mendeetako historia askapen nazionaleko historia bat izan da inperioen aurka).

Bukatzeko, “jarrera espainiar edota balkanikoak ez dira batere katalanak” dio Lazkanoiturburuk. Esaldiari darion xenofobiaz ez dugu ezer esango…Akaso Albanian galdetu beharko luke katalan almogavarrez duten oroitzapenei buruz.

Lehengoan, Kosovo UNESCOn sartzea zela eta ez zela baliatu zuen GARAk erkaketa errazak egiteko eta bide batez balkaniarren kontrako estereotiporik makurrenak botatzeko. Halakoak berriz topatzeko ez dugu askorik itxaron behar izan: igande honetan “Mundua” ataleko orrialdeetan igandero ateratzen den infografian Kosovo eta UNESCO izan dituzte berriz hizpide1.

Oraingo honetan, aurrekoan adierazitako estereotipoak indartuta (Errusiak ez du autodeterminazioa babesten, bere interesak baizik2” –kontxo! Denon moduan, ezta?-, Latin Amerikaren edo Palestinaren bozka –Kosovo UNESCOn sartzearen kontrakoa, beraz GARAren ildoaren kontrakoa- AEBren kontrako mendeku soil gisa ikusi dute3), deigarria egin zaigu Serbiaren jarrera azaltzeko Gobernuan dauden bi alderdiak izendatzeko modua4: batzuk “Miloševićen oinordekoak” omen dira, besteak berriz “panserbiarrak izandakoak”. Hots, alde batetik duela bederatzi urte Hagan hildako agintari bat, eta “izandako” ideologia bat aipatzearren ez garela enteratu Serbian Alderdi Aurrerakoiak eta Alderdi Sozialistak gobernatzen dutela (beste alde batetik bestelako lurralde-batasun proiektuez ez da “pan-nazionalismorik” aipatzen GARAn, lurralde batasun-proiektuetan soilik serbiarra gaitzesgarria delakoan). Eta bukatzeko, Serbiak aitzakia moduan Kosovoko ondare ortodoxo “apala” (sic) erabili duela esan dute. Kosovo, non serbiar monastegirik zaharrenak dauden (Gračanica, Dečani, Peć horien artean), ondare “apala” omen da.

Zer nolako gauzak egin behar diren nazio jakin batzuekiko herra justifikatzeko! EB barruan Serbiaren alde “Espainiaz gain” beste bi Estatuk, “Eslovakiak eta Ziprek, bihak gehiengo eslaviardunak” (sic) bozkatu dutela aipatzea bezala. Hara, Zipreri etniatasuna aldatzea ere beharrezkoa ere omen da.
Oin-oharrak:
1Zergatik izango ote da horrelako bazterreko gai bati bozketa gertatu eta sei egun beranduago ataleko lehenengo bi orrialdeak eskaintzea?
2Errusiak batzuetan babesten du autodeterminazioa eta beste batzuetan ez, herrialde gehienek bezala beraien interesak babesten dituztelako. GARAk bereak babesten dituen moduan, ez ditugu oso tematuak ikusten besteak beste Novorrosia, Krimea, Transnistria, Abjasia edo Hego Osetiaren autodeterminazioak defendatzen. Bestalde, Kosovokoari autodeterminazioa deitzeko ausardia handia behar da, batez ere berri berdinean herrialdeari protektoratu deitzen zaionean. Noiz autodeterminatu da Kosovo? Are gehiago, herrialde honetako hirugarren alderdia Vetëvendosje (autodeterminazioa) deitzen da, hain zuzen ere, horixe aldarrikatzen duelako: autodeterminazioa.
3GARAri akaso ez zaio gustatuko baina munduan dauden gobernu eraldatzaile gehienak (ez badira denak) Errusiaren aliatuak dira eta Kosovoko afera eskuhartze inperialista bat bezala ikusten dute, baina noski, hori ez du GARAk azpimarratu. Azpimarratuko ez duen bezala Donetseko Herri Errepublikaren babes ofiziala Kataluniako autodeterminazio prozesuari.
4Batzuenganako hizkera kalifikatzaile (deskalifikatzailea) oso agerian geratzen da besteekiko erabiltzen den hizkera neutroarekin alderatuz.

Archivo del blog