Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2016/01/20

Urtarrilaren 23an Bilbon ELKARRETARATZEA Donbassen alde eta inperialismoaren aurka!

1936ko data esanguratsutik 80 urte igaro diren honetan, une hartako Nazioarteko Brigadistak gogoan ditugularik, mugarik ez duen inperialismoaren eta faxismoaren aurka eta mugarik ez dugun herri langileon askatasun, berdintasun eta elkartasunaren alde, demokrataz ta bakezalez aurkezten zaizkigun hiltzaileen sarraskien biktima diren herri guztien sufrimenduaren garrasia gure egiteko joan behar gara Bilbora

                                          Datorren urtarrilaren 23an elkarretaratze bat dago deituta Bilboko Gran Viako 45.zenbakian, Moyua Plazako Gobernu Zibilaren atzekaldean dagoen Privat Bank banketxe ukrainarraren egoitzaren parean. Abendutik martxan dagoen giza laguntzarako bilketa eta elkartasun kanpaina berri baten baitan kokatzen da Euskal Herria-Donbas Komiteak eta mugimendu antifaxistak antolatutako deialdi hau. Bere helburua oso argia da: Ukrainako Junta oligarkiko eta nazi-faxistak Bilbon duen ordezkari baten egoitzaren esistentzia baliatzea Donbass lurraldeko Donetsk eta Luganskeko herri errepubliketako erresistentzia antifaxistaren alde eta Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek finantziatutako, armatutako eta babestutako erregimen sarraskizalearen aurka herri langilea mobilizatzea Euskal Herrian.

Privat Bank horren sortzaile eta akziodun nagusien artean dago Igor Kholomoisky. Jatorri judutarra duen pertsonai hau, Ukrainako erreakzio oligarkikoaren adierazpen borobilena da, Azov bataloi nazi-faxistaren sponsor nagusia eta sionismoak lurralde hartan duen ordezkaririk gorenetakoa. Lobby sionistaren instituzio ezberdinak ekonomikoki bideragarri egiten ditu Kholomoiskyk. Ukrainako gizon aberatsenen zerrendan hirugarren tokia okupatzen du eta bankari bezala, primeran ari da bere zeregina betetzen, oligarkiaren botereari herri antolaketa eta borroka demokratikoaren bidez aurre egiten diotenen aurkako indar mertzenario hiltzaileak sortuz eta mantenduz.

Donbass eskualdeko egoera tamalgarria, herri langile xume bati inposaturiko eraso militarra alegia, luzera jotzen hasten da. Mozorrotutako estatu kolpea eman zenetik Kieveko Maidaneko udaberrian, oinarrizko edozein eskuliburuk nazi-faxistatzat joko lukeen erregimen berriak, Stepan Banderaren ondarea berrezarri du politika instituzionala eta jendartearen egunerokotasuna argitzeko iparrorratz gisa. Armada naziaren okupazioa jasan zuenean Ukrainak, botere boltxebikearen aurkariak batu zituen Banderak UPA deiturikoan, arrazan eta mitoetan oinarritutako ikuskera ultranazionalistak bultzatuz ukrainar nazioaren inguruan, okupatzaileekin bat eginez. SESBak Ukrainar errepublikaren lurralde auziari aterabidea eskeintzeko, Ukrainar Errepublikaren antolaketan eta bere kultura bultzatu eta sendotzeko asmoz buruturiko prozesuan erabilitako metodologien egokitasunaz ez gara arituko oraingoan. Ezta SESBaren eraispena eman zenetik errusiar kapitalismoak gatazka honetan izan ditzakeen aldeko edo aurkako aldagaien inguruan ere.

2016 honetan oso argi izan behar dugu inperialismoak herri langileak esplotatu, elkarren aurka egin eta suntsitzen jarraitzeko instrumentalizatzen ari den baliabideak arsenal ideologiko atzerakoienarenak direla, izan fundamentalismo erlijiosoak, muturreko aberkoikeriak, xenofobia ala arrazen menderaezintasuna. Donbass: 11 mila zibil hilik, beste 17 mila gehiago zauriturik, bi milioi lagun deserrian. Ukrainar estatua: 200 antifaxista, komunista, sindikalista eta kazetaritik gora basatiki erailak edota bizirik erreta Odessako 2014ko sarraskian eta bestelako ekintza faxistetan, ideologia eta antolaketa komunista eta langileriaren antolakunde ezberdinen legez kanporatze eta espetxeratzeak, homosexualen aurkako jazarpen eta erasoen biderkatzea, bestelako minoritateen aurkako legeria eta bortxa, garai sobietarreko ondare historiko, politiko eta kulturalaren erabateko “garbiketa”,…. Hau dena EBak eta AEBk bultzatuta eta euren adar militarra den OTANek armatuta eta babestuta. Herrien aurka, eta kasu zehatz honetan, europar Ekialdeko baliabide naturalen kontrola eta Errusiari estatu ezberdinekin zituen harreman ekonomikoak oztopatzeko helbururarekin Mendebalde kapitalista guztia burutzen ari den jazarpen inperialista errukigabe agertzen da kasu honetan, behin eta berriz herri langileak maltzurki erabiliz eta elkarren aurka xaxatuz egitasmo krudelenen mesedetan ari direlarik. Eskuineko zein “ezkerreko” hedabide konbentzionaletako esatari eta kazetariek Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka bat aurkezten digute, azaleko baieztapen zozo batzuen bidez munduko langileok bertan gertatzen ari denaren aurrean itsu, mutu eta gor gera gaitezen eta aurreiritziz beteriko baieztapen okerrak plazara ditzagun.

Larunbata 23an Gran Viako Privat Banken aurrean elkarretaratzeko deialdiari positiboki erantzuteko deialdia eginda, beste alde batera ez begiratzeko dei xumea egin nahiko genuke. 1936ko data esanguratsutik 80 urte igaro diren honetan, une hartako Nazioarteko Brigadistak gogoan ditugularik, mugarik ez duen inperialismoaren eta faxismoaren aurka eta mugarik ez dugun herri langileon askatasun, berdintasun eta elkartasunaren alde, demokrataz ta bakezalez aurkezten zaizkigun hiltzaileen sarraskien biktima diren herri guztien sufrimenduaren garrasia gure egiteko joan behar gara Bilbora. Besteak beste, duela 30 urte Euskal Herrian NATOri emandako ezezko borobila kalean, modu praktiko batean biziberritzeko aukera aproposa iruditzen zaigu urtarrilak 23ko hitzordua. Gaur egungo Ludmila Pablichenko eta Vasili Zaitsev guztien alde, zapaltzen gaituzten estatuek ordaindutako bonbek suntsitutako eskola eta erietxerik gabe noraezean dabiltzan ume eta agureen alde, duintasunagatik eta kontzientziagatik borrokan dauden milizia antifaxista guztien omenez eta Euskal Langile Herriaren elkartasunez beteriko arima antinperialista eta borrokalariari hauspoa emateko, elkar ikusiko dugu Bilbon datorren 23an sionismo faxistaren jabetza den Privat Bank erakunde kapitalistaren aurrean.

Herrien arteko Bakea, Klaseen arteko Guda.

Archivo del blog