Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2009/07/09

Albertia Eguna, orduko borroka, gaurko borroka

"Garai ilunak bizi dira Euskal Herrian. Frankismo genozida garailea izan zen 40 urtean zehar, eta egun Frankismo Soziologikoak garaile jarraitzen du izaten."
Txarli González Llorente, EAE-ANV alderdiko idazkari nagusia
(Kaos en la Red)
Albertiako hariztiek itxura lasaia izango dute aste bukaera honetan. Duela 73 urteko neguan, ordea, lekua infernua izan zen. Albertiako magalean EAE-ANVko 300 gudari inguruk bizitza galdu zuten faxistei aurre egiten. Zazpi hamarkada geroago, Gobernu frankisten oinordeko politikoek erabaki dute gudari horiek banda terrorista bat besterik ez zirela.
Igande honetan, (uztailak 5) ordea, ehunka herritar ekintzalek zera aldarrikatuko dute; faxismoaren eta Espainiaren batasunaren izenean burututako genozidioaren aurkako gudari haien borrokaren beharra, duintasuna eta bereziki, gaurkotasuna.

Garai ilunak bizi dira Euskal Herrian. Frankismo genozida garailea izan zen 40 urtean zehar, eta egun Frankismo Soziologikoak garaile jarraitzen du izaten. Azken finean, egun bizi dugun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zapalketaren oinarria hartan datza. Gezur historiko eta genozidio baten inpunitatearen gainean eraikitako Erreforma Politikoan.

Espainarrek botoek ematen duten legitimazioa ez dute lortu Hego Euskal Herrian, eta indar independentisten ilegalizazioen bidez, zein neurririk gabeko estatuaren bortizkerien bidez ailegatu dira Gasteizko Lehendakaritzara. Azken finean ez da urrutira, Iranera, jo behar hauteskundeetan izandako ustelkerien bila, nahikoa da azken hauteskunde europarretan Iniziatiba Internazionalistaren aurkako putxerazoari erreparatzea. Berriro Estrasburgoko epaitegian amaituko da, zalantzarik gabe, bidegabekeria berria.

Nines Maestrok, Izquierda Internazionalistako kideak, zera adierazi zuen Europar hauteskundeko mitin batean: «Esta candidatura es la mejor noticia en décadas para los pueblos del Estado porque ni siquiera en la II República ni en la Guerra Civil hubo una confluencia política de organizaciones de ámbito estatal y organizaciones de la izquierda independentista y soberanista». Oker zebilen ordea. Batasun hori izan zen, 1936.en urtean EAE-ANVk (egun ilegalizatutako indar politikoak) parte hartu zuelako «Herri Frontean». Euskaldun ezkertiar eta independentistak kapazak izan ziren Estatu mailako ezkerreko mugimendu zabal eta pizgarri hartan parte hartzeko.

Ezker abertzaleak sekula burututako ekimen internazionalista konprometituena gauzatu zuen abagune hartan. Arecesen, Asturiasen, EAE-ANVko 65 gudariek bizitza galdu zuten internazionalismoaren izenean. Areceseko zelai batean, El Pradón de los Vascos izeneko parajean, oraindik aberriratu gabe dauden beraien hezurrak, seguru astindu direla Iniziatiba Internazionalistaren ekimenarekin. Beraiek jorratutako bidea, 73 urte geroago, Euskal Herriko eta Estatu Espainiarreko zenbait nazioren emakume eta gizon ezkertiarrek berriro sasiz garbitu dutelako.

Baina emakume eta borrokalari eredugarri horren hutsegite txiki horrek, zera ekartzen digu gogora. Albertiako eta halako data historikoak gogoratzeko beharra.

Eskuinak eta PSOEko sozialdemokrazia ustelak ez dizkigute bakarrik egungo askatasun demokratiko eta sozialak lapurtu. Historia, Estatu Espainiarraren ezkerraren eta Estatuaren nazio ezberdinen indar politiko aurrerakoi eta ezkerzaleen historia ere lapurtu egin digute. Bereziki indar politiko eta sozial horien arteko elkarlanaren historia.

Horregatik beharrezkoa da oroimen historiko eta politikoaren berreskuratze etengabea, eta belaunaldi berriei transmititzea.

Horregatik gogora ekarri nahi dut San Andres egunean, 1947. urtean, klandestinitatetik Alderdi zaharrak euskal herritarrei igorritako hitzak: «Ez dugu ahaztu behar gure mendietan, edo haietatik urrun, bere bizia eta odola gaur egun lotsagabeki zapaldutako, baina hainbat abertzaleen bihotzean bizirik dirauen, Askatasunaren alde eman zutenak. Beraien oroitzapena, eta bultzatzeko beraien burua sakrifikatu zutenen idealak nagusituko dira eta zehaztuko dituzte, egunen batean, gure Aberriaren norabide eta helmuga.

EAE-ANVk ez du ezta kontuan hartzen ere herrien askatasuna gizakiaren beraren askatasun ekonomikorik gabe, eta denon o­nuraren aldeko justizia soziala aldarrikatzen du. Horregatik, eta bizirik iraunarazteko eta sekula iraungi ez dadin gure egungo zapaltzailearen aurkako matxinadaren garra, eta beraien atzetik etor daitezkeenak ere, emango diguzue, zalantzarik ez dugu, berotasun eta laguntza eskatzen dizuegu, gure gizakien eta abertzaleen sentimenduei ahotsa emanez".

Archivo del blog