antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




Mostrando entradas con la etiqueta Europar Batasuna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Europar Batasuna. Mostrar todas las entradas

2017/04/03

BAKAR-JOKOAN TRANPAK EGITEN Asier Blas

"Eskuin populista kategoriapean alderdi oso desberdinak sartu ohi dira. Guztiek konpartitzen duten elementua da nazionalismo etnikoa, eta beraz, immigrazio politika murriztaileen alde egiten dute eta gradu batean edo bestean islamofoboak dira. Hortik aurrera, ideologia aldetik sentsibilitate desberdinetakoak daude. Adibidez, Fronte Nazional frantsesak proposamen sozialdemokrata erradikalak ditu arlo sozioekonomikoan, Wildersek aldiz, agenda neoliberal bat bultzatzen du nagusiki."


Europar Batasunaren etorkizunarentzat erabakigarria da 2017. urtea.  Hauteskunde moduko hiru match point salbatu beharko ditu gutxienez: Herbehereetakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta, agian, Italiakoak ere bai. Lehenengoa pasatu da eta establishmenta kontentu dago emaitzarekin. Azkenean, Geert Wilders eta bere Askatasunaren aldeko alderdiak ez ditu hauteskundeak irabazi. Halere, ezin ukatu daiteke igoera handia izan duela, bigarren indarra izatera pasatu da eta bost eserleku gehiago irabazi ditu. Orotara, eskuin populistak hogeita bost eserleku izango ditu, aurreko legegintzaldian baino zazpi gehiago.

Eskuin populista kategoriapean alderdi oso desberdinak sartu ohi dira. Guztiek konpartitzen duten elementua da nazionalismo etnikoa, eta beraz, immigrazio politika murriztaileen alde egiten dute eta gradu batean edo bestean islamofoboak dira. Hortik aurrera, ideologia aldetik sentsibilitate desberdinetakoak daude. Adibidez, Fronte Nazional frantsesak proposamen sozialdemokrata erradikalak ditu arlo sozioekonomikoan, Wildersek aldiz, agenda neoliberal bat bultzatzen du nagusiki. Beste desberdintasun garrantzitsu bat da alderdi bakoitzak duen izaera. Fronte Nazionala hauteskunde presidentzialak irabazteko estrategia batean ari da lanean, horregatik, bere programan aspektu batzuk azpimarratu arren, oro har, proposamen integral batean oinarritzen da. Askatasunaren aldeko alderdia ordea, gai bateko alderdi gisa izenda genezake, hau da, bere programako aspektu gehienek ez dute koherentziarik, inportanteena islamofobia da.

Herbehereetako hauteskunde sistema munduko proportzionalenetako bat da, barruti bakarrean 150 diputatu esleitzen dira. Hautagaitza batek botoen %0,67 ateratzen badu, eserleku bat eskuratzen du, beraz, edozein muturreko proposamen Parlamentuan erraz sartu daiteke eta eztabaida politikoa baldintzatu. Bestalde, populistek oso zaila dute gobernuan sartu ahal izatea eta ia ezinezkoa boterea bakarrik lortzea. Hori sistema presidentzialistetan gerta daiteke, irabazleak jokoan dagoen kargu bakarra lortzen duelako, horregatik Trumpek irabazi ahal izan du AEBetan edo Ezker populistak Latinoamerikan. Berriz, sistema parlamentario proportzionaletan sentsibilitate politiko desberdinen artean sakabanatu egiten da botoa. Koalizioak behar izaten dira gobernuak osatzeko. Wildersek ondo daki hori, horregatik, gobernua lortu baino, agenda politikoa baldintzatu eta bere ideiekin gainontzeko alderdiak kutsatzea du helburu. Adierazpen politiko probokatzaileekin harrabotsa sortzen du, baina ezin uka daiteke bere ikuspegitik emaitza onak lortu dituela. Bai, Wildersen alderdi ohiak, Askatasunaren eta Demokraziaren aldeko Alderdi Popularrak, irabazi ditu hauteskundeak berriro, baina zein preziotan?

Hauteskundeak izan baino bi aste lehenago Europako Batzordeak paperik gabe dauden milioi bat etorkin EBetik bota behar direla adierazi zuen. Hau gutxi balitz, hauteskunde kanpainako azkeneko astean Herbehereetako Gobernuak bere egin ditu Wildersen posizioak Turkiari dagokionean. Erdoganen gobernuko kideen mitinak debekatu ditu eta Turkiako Kanpo Harremanetarako ministroari ez zion baimena eman Holandan lurreratzeko, nazioarteko legediaren mugak esploratuz eta NATOko aliatu batekin liskar bat irekiz. Ondorioz, lehen ministroak eta koalizio gobernuan jarrera gogorrena izan duten demokristauek beren saria jaso dute hauteskunde emaitzetan. Bitartean, ezkerra inoiz baino ahulago agertu da 37 diputaturekin (14 Sozialista–Ezker Unitarioa, 14 Ezker Berdea, eta 9 Laboristak). Seguru eskuin populista galtzen ari dela?

Iturria:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2548/bakar-jokoan-tranpak-egiten

2016/12/29

ERREFUXIATUAK ETA EUROPAR BATASUNA: LORETTA NAPOLEONI KAZETARIARI ELKARRIZKETA Saioa Baleztena

"EBk migrazio mugimenduak kontrolatzeko Turkiarekin egindako akordioa tragedia bat da eta tamalgarria. Gainera, hitzarmena ez dago erabat itxita, Europak blokeatu egin baitu. Ez da dirurik transferitu, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak argi utzi du turkiarrei paperik gabe Europan sartzeko biderik ematen ez bazaie mugak irekiko dizkiela errefuxiatuei. Turkiarekiko itunak, zalantzarik gabe, jihadisten belaunaldi berri bat sortuko du."
 
Loretta Napoleoni (Erroma, 1955) ekonomialaria, kazetaria eta nazioarteko politikako aditua da. Errefuxiatuen krisia sakon aztertu du bere azken liburuan, eta pertsona-trafikatzaileen negozioez solastatu da BERRIArekin. Traficantes de personas: El negocio de los secuestros y la crisis de los refugiados (Pertsona-trafikatzaileak: bahiketen negozioa eta errefuxiatuen krisia) berriki aurkeztu du, Bartzelonan. Hamar urte eman ditu liburua idazten, berezko duen estilo zorrotzean eta zuzenean, eta kazetaritza lan kritikoa osatu du. Europako Batasunaren etorkizuna ezkor ikusten du, eta aukerarik hoberena desegitea dela aitortzen du. Brexit-a gertutik bizi izanaren eragina izan daiteke; Italian jaio den arren, Londres du bizitoki.

Zure salaketa irmoa da. Gobernuek jihadismoa ordaintzen dutela diozu. Nolakoa da harreman hori?

Jihadistek azpiegitura jartzen dute; kriminalek bahiketa egin, eta gobernuak bahitutakoak aske uzteko zerga ordaintzen dute. Diru hori, beraz, zuzenean doa jihadisten eskura. Jihadistek baliatzen dute azpiegitura, eta haiek dira kriminalei bahituak erosten dizkietenak.

Europan erraza al da pertsonekin trafikatzea?

Munduko gainontzeko tokietan baino errazagoa, zalantzarik gabe. Negozio hau Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan dago gehien garatuta. Baina egia da Europan errazagoa dela, sistemak berak ahalbidetzen duelako. Gainera, itsaso bidezko ibilbide bat baino gehiago dago, eta, oso arriskutsua den arren, hamaika aukera daude sartzeko, batetik ez bada bestetik.

Zein dira pertsona-trafikatzaileak?

Gaur egun, Europako pertsona-kontrabandista gehienak errefuxiatuak dira. Euren jatorrizko herrien miserietatik ihes egin, eta negozio horretan murgiltzen dira. Kriminalen sare bat da, gehienbat Europatik kanpokoek osatua, baina tartean aurki daiteke europarren bat edo beste, euren xedea babesten duena.

Ba al dago harremanik kontrabandisten eta jihadisten artean?

Bai, noski. Jihadistek lurralde eremua kontrolatzen dute, eta kontrabandistek zerga bat ordaintzen dute eremu hori gurutzatzeko. Batak elikatzen du bestea.

Zein iritzi duzu Europako Batasunak migrazio mugimenduak kontrolatzeko Turkiarekin egindako akordioaren inguruan?

Tragedia bat da, eta tamalgarria iruditzen zait. Gainera, hitzarmena ez dago erabat itxita, Europak blokeatu egin baitu. Ez da dirurik transferitu, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak argi utzi du turkiarrei paperik gabe Europan sartzeko biderik ematen ez bazaie mugak irekiko dizkiela errefuxiatuei. Turkiarekiko itunak, zalantzarik gabe, jihadisten belaunaldi berri bat sortuko du.

Europara aurten etorri diren errefuxiatuen kopuruak behera egin duela diote. Ez al da beste datu manipulatu bat?

Erabat, eta nik ez dut sinesten. Behera egin du errefuxiatu ofizialen zenbatekoak; izan ere, badira hainbat eta hainbat errefuxiatu Europara iritsi eta inongo erregistrorik egiten ez dutenak, euren herrialdera bueltan bidaliko dituzten arriskua ikusten dutelako. Beraz, errefuxiatuen arazoa eten dela esaten duena gezurretan dabil.

Kazetaritzak zein rol eduki beharko luke egoera honetan?

Hedabideek munduan gertatzen denaz, hots, errealitateaz solastatu beharko lukete. Arazoa da kazetaritzak gaur egun ez duela baliabiderik horretarako. Ez dugu dirurik kazetariak ikerketa sakonak egitera bidaltzeko, eta, gainera, jendeak ez du prentsa ofiziala irakurtzen. Jendeak orokorrean jasotzen du sarean dagoenaren berri, eta horregatik dago desinformatuta.

Tira, 2017aren atarian, nola ikusten duzu Europa?

Oso gaizki. Krisi sakon batean murgilduta dago Europako Batasuna, eta 2017an egoera are larriagoa izango da. Frantzian hauteskundeak egongo dira, eta Marine Le Penek erreferenduma egingo du Europatik ateratzeko. Urte garrantzitsua izango da EB mantendu edo desegiten den ikusteko.

Zein da irtenbidea?

Zintzoa izango naiz: ez dut irtenbiderik ikusten. Aukera bakarra desegitea da. Globalizazioa hil egin da, eta nazionalismoa eta protekzionismoa goraka doaz. Europa, hein batean, globalizazioaren inguruan eraiki zen, eta, beraz, hura hiltzen den heinean akabatzen da EBren zentzua ere. Aukera bat da 1989 aurreko hitzarmen ekonomikora itzultzea, baina ez dut uste hala gertatuko denik. Okerra izan zen ekialdeko herrialdeak EBn sartzea…

Horren ondorioa da, hein batean, brexit-a. Espero zenuen?

Jakina, eta sekulako aukera iruditzen zait Ingalaterrarentzat. Zertarako izan existitzen ez den Europako Batasun bateko kide? Ingelesek luzaroan irabaziko dute!

Ezkorra zara etorkizunari begira. Europatik haratago nola ikusten duzu mundua? Zer duzu esateko Donald Trumpen garaipenaz?

Trumpen garaipenak herriaren eta elitearen arteko apurketa berresten du, baina bitxiena da bera elitearen parte dela, aberatsa oso, eta elitearen aurkako programa faltsu baten bitartez irabazi dituela hauteskundeak: aginteko elitearen aurkako mezu populista erabili du, bera talde horretakoa izanik. Gakoa izan da sozialismoaz ez dela hitz egin, eta horrek eman dio irabazteko giltza, zalantzarik gabe. Espainiako M-15aren mezua lapurtu du.
 
Iturria:

2016/06/21

EUROPAR BATASUNA BERRIRO ERE BIDEGURUTZEAN Asier Blas

"EBk Syrizak Grezian garaitu ostean izerdi gehiago bota behar izan zuen, baina tira, indarkeria militarra izan ezik, dauden gainontzeko indarkeria mota guztiak erabili ostean oinperatu zuen. Oraingoan, ekainaren 23an Erresuma Batuak bere sezesio erreferenduma egingo du eta kasu horretan edozein emaitzak kaltetuko du EB erreala. "

             Herbehereek Europar Batasunean  (EB) sartzeko balizko ukrainar hautagaitza bati ezetz esan diote erreferendumean, bien bitartean, Austrian, hautagai aurrerakoi moderatuak ozta-ozta irabazi ditu hauteskunde presidentzialak eskuin euroeszeptikoaren aurrean.

Bruselak hautetsontzietan maiz jaso ditu zaplaztekoak, besteak beste, Danimarkan, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Frantzian, Irlandan edo Grezian. Jaso ez dituenean, adibidez Lituanian, EBn sartzeko buruturiko erreferendumean, inork gutxik jarri zizkion tatxak plebizitu autoritario moduko formatuari: ideologia eta propaganda bakarra hedabideetan, legeak aldatu ziren bi egunetan bozkatu ahal izateko, eta azkenik, bigarren bozketa egunean partaidetza minimora iristeko modurik ez zegoela ikusita, herrialdeko enpresari handienak hedabideetan zabaldu zuen pasaportean bozkatu izanaren zigiluarekin etortzen ziren herritarrei bere hipermerkatu eta supermerkatuetan txokolatea, garagardoa edo garbitzeko xaboia banatuko zitzaizkiela. Mendebaldearen esanetara ez dagoen beste herrialde batean hori gertatuko balitz, Europar Batzordeak eta hedabideok 24 ordu emango genituzke estatu hori estigmatizatzen.

EBk Syrizak Grezian garaitu ostean izerdi gehiago bota behar izan zuen, baina tira, indarkeria militarra izan ezik, dauden gainontzeko indarkeria mota guztiak erabili ostean oinperatu zuen. Oraingoan ekainaren 23an Erresuma Batuak bere sezesio erreferenduma egingo du eta kasu horretan edozein emaitzak kaltetuko du EB erreala.
Baina erreferendumean ez bada baiezkoa ateratzen, bada beste bide bat, berriro egiten da baietz atera arte edo zuzenean Europar Konstituzioa Lisboako tratatuan mutatzen dugu konstituzioaren alde ilun eta neoliberalenak inposatuz eta onura federalista eta demokratizazio bidekoak baztertuz. Erantsi horri azken hau ez dugula utziko bozkatzen, ez baita konstituzioa. Imajinatu bere garaian Hugo Chavezek konstituzioa aldatzeko galdu zuen erreferenduma eta gero, bigarren erreferendum saiakera egin izan balu.

Archivo del blog