"Argalaren kezka nagusienetako bat Konstituzioa inposatu eta geroko
egoeran printzipio iraultzaileak bazter utzi gabe helburu politiko
estrategikoak irmo defendatzen jarraituko zuen langileriak gidatutako
herri mugimendu borrokalaria bizirik mantentzea zen. Hau da, faxismoaren
errepresio beltzenak lortu ez zuena, hauteskunde burgesek, saldukeri
sozialdemokratak eta, besteak beste, goranzko joera hartzen zihoan kontsumismo maila basatiak ez irenstea."
1978ko amaiera zen eta, une hartan
kontziente ez banintzen ere, nire belaunaldiaren bizitza baldintzatu,
ezaugarritu eta markatu duen zapalkuntza faxistak gaur egunera arte
dirauen mozorro faltsua jantzi zuen. “Demokraziaren seme-alabak” izan
omen ginen.
Aitak eta amak, beste milaka bezala, kalean egiten zuten borroka faxismoaren aurka eta zapaldu eta esplotatuentzako justizian oinarritutako herri aske baten alde, ni bezalako haurrok zapaldu eta zapaltzailerik gabeko Herri eta Mundu batean bizitzeko itxaropen eta desirak emango zien indarraz. 78ko Urrian adibidez, Herri Langilearen Borroka Iraultzailea salatzeko PNVko euskal burges eskuindar jelkideek eginiko Usoen deialdiari Atzoko eta GAURKO gudarien alde oihuarekin erantzuten saiatu ziren Bilboko Alde Zaharrean, armak eskuetan borroka egiten zuten herriko seme-alaba kuttunenak lubaki latzenetan bakarrik senti ez zitezen, baina, batez ere, argi eta ozen adierazteko 1936ko altxamenduak herri-erresistentzia garaitu ondoren ezarritako faxismoa bizi-bizirik zirauela eta herri langilearen askapena, izatekotan, antolakuntza eta borroka iraultzailearen bidetik soilik izango zela egingarri. Bertan espainar polizia faxistek gurasoak jipoitu zituzten, bertaratu ahal izan ziren beste dozenaka lagunekin batera. Maionako galtzadetan une hartan isuritako odol eta malko haiek, Euskal Herri osoko kaleetan isuriarazitakoekin batera, faxisten -eta euren itzalera bildutako guztien- mozorro-festa salatzea eta ezinbestekoa zen borroka iraultzailearen alde egitea, zapaltzaileei nolabaiteko kontzesioren bat kentzea eta funtsezko askatasun demokratikoak aldarrikatzea zein garesti ordaintzen den ezin argiago utzi zuten, etortzear zeuden hamarkadetan gertatu denaren eta bakoitza non kokatu denaren sintesi bikaina eskeintzen digun gertakari hartan.
Hilabete batera iritsi zen Konstituzioaren erreferenduma, 78ko Abenduaren 6an: inposizioz eta dekretuz, makilkadaka eta tiroka, torturaz eta erailketaz, egunetik egunera faxistak demokrata bilakatu ziren eta borrokalariak terrorista. Nahi ala ez, frankismoarekin aberastutako eta egonkortutako oligarkiak, armada faxistaren babesaren bidez, katea horraino baino ez luzatzeko prest zegoela adierazi zuen.
PNVko euskal burges eskuindar jelkideek Madrilen eman zieten ogi kurruskua euren eskutik jateari ekin zioten. Carrillotar narrastiek Estatuko langileria borrokalariaren zati handi batentzako ohore, sakrifizio eta duintasunaren ordezkaria zen alderdia likidatzen amaitu zuten, Onaindia eta Bandres bezalakoengan ohorezko matrikuladun apopiloak topatuz euskal lurraldeetan. Ordudanik, gure herri langileak primeran identifikatu ditu azken hauek eta euren asmoak: hauteskundeen zirkoan antzeztutako parlamentarismo faltsuaren apologistak. Faxismoaren mozorroari sinesgarritasuna eman nahi zioten txotxongiloak. Horiek, militante iraultzaileak hatzarekin seinalatuz eta Herri borrokalariaren indarra mespretxatuz legaltasun esparrua irabazi zuten uso itxurako otso pozointsu eta zitalak. Langileriarengan, zapalduongan nahasmena eragiteko eta itxaropen faltsuak sortzeko sozialdemokraziaren soldatapeko kameleoiak.
78ko Abenduaren 21eko egun beltza iritsi zen horrela. Beste hainbaten antzera, bere bizitza Euskal Langile Herriaren askapen bikoitzaren zerbitzura jarrita, Argala erail zuten Angelun. Ordudanik izan dugu, beste askorenarekin batera, bere irudia paratuta edo gordeta Euskal Herriko hamaika etxetan. Hiltzen dizkigutenean soilik ezagutzen ditugula esan zuen norbaitek. Hala, aitite eta amamak Argalaren irudia zuen eranskailua paratu zuten Leninen irudi handia zuen koadroan, bandera errepublikar txikitxo batekin batera. Handik urte gutxira galdegin nion amamari koadroan agertzen zirenengatik, jakinminak jota. “Es Lenin, fue un hombre muy bueno” esan zidan. Koadroari gaineratutako beste irudia seinalatzen nuela ikusirik, “este es Argala, nos lo mataron” esan zidan amamak, pasadizo honekin oroitzean nik sentitzen dudan antzerako samin eta harrotasunarekin. Argalak eta berarekin batera herri langilearen askapen bikoitzaren alde hitzez eta ekintzez aritu ziren iraultzaileak ezagutzen azkar ikasi nuen nor zen nor herri honetan, nortzuk diren betiko adiskide, nortzuk egoeraren gogortasunaren araberako behin behineko lagun, nortzuk saldukeriaren eta hipokresiaren mugarik ezagutzen ez duten iruzurgileak eta nortzuk adjektibazio zehatzik behar eta merezi ez duten etsaiak. Argalaren kezka nagusienetako bat Konstituzioa inposatu eta geroko egoeran printzipio iraultzaileak bazter utzi gabe helburu politiko estrategikoak irmo defendatzen jarraituko zuen langileriak gidatutako herri mugimendu borrokalaria bizirik mantentzea zen. Hau da, faxismoaren errepresio beltzenak lortu ez zuena, hauteskunde burgesek, saldukeri sozialdemokratak eta, besteak beste, goranzko joera hartzen zihoan kontsumismo maila basatiak ez irenstea. Frankismo klasikoaren forma aldaketa borroka armatuari zor zitzaion bezala, espetxeratutakoen kaleratzea herri borrokari zor zitzaiola zioen Argalak. Herri eta Langilegoarentzako KAS Alternatibaren defendatzaile sutsu, programa demokratizatzaile haren aldeko mugimendua nola osatu eta egituratu izan zen bere azken urteetako kezka eta egiteko nagusia. 29 urte zituela erail zuten, ibilbide oparoa utzi zigularik ondare.