antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




Mostrando entradas con la etiqueta iraultza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta iraultza. Mostrar todas las entradas

2016/11/03

FARC-EP-ren ESTATU NAGUSI ZENTRALEKO KOMANDANTE BURUARI ELKARRIZKETA Orsola Casagrande

"Kolonbiako Estatuak gure herriaren kontra darabiltzan indarkeria mota guztiak debekatu arteko borroka da gurea, eta uste dugu itun honen bidez aurrerapauso nabarmenak eman ditugula hori lortzeko. Habanako Itunean, arreta berezia jarri dute paramilitarismoan, legez kanpokoa denez estatuari lagungarri baitzaio hiltzaile talde horien atzean ezkutatzeko bere jardun biolentoa. Horri dagokionez, hainbat kontu itundu dira, eta, horiek betez gero, benetako iraultza gertatuko da, argi eta garbi, oposizioko alderdi eta erakundeen berme eta eskubideetan."           
             
              Adinez nagusi izan aurretik sartu zen FARC-EPen, 1976an, 17 urte zituelarik, eta bizi zen inguruneko egoerak hartaraturik. «Herri pobre bateko familia pobre batekoak ginen; indarkeria garaiak erasandako guraso batzuen ondorengoak». Rodrigo Londoño Echeverri zen hark (Calarca, Kolonbia, 1959) beste izen bat hartu zuen gerrillari izateko: Timoleon Jimenez, Timochenko iraultzailea. Erakunde matxino iraultzaile horren Estatu Nagusi Zentraleko komandanteburua 2011. urtetik, Alfonso Cano hilez geroztik.

Hauxe du nazioarteko hedabide bati esklusiban eman dion lehenbiziko elkarrizketa, bake itunari buruz egindako plebiszituan ezezkoak irabazi zuenetik zehazki hilabete bete den honetan. Timochenkok Habanatik erantzun die, banan-banan, BERRIAk egindako galderei. Aztergai ditu, besteak beste, joan den abuztuaren 24an sinatutako bake itunaren egoera, zer dilema dakartzan ezezkoaren garaipen doiak —%63 izan zen abstentzioa—, eta ELNrekin negoziatzen hasi izana. Hainbat xehetasun ere eman ditu elkarrizketen prozesu luzeari buruz, eta, azkenik, adierazi du bere erakundeak konpromiso sendoa hartua duela itundutakoa betetzeko eta ezkerretik Kolonbia berri bat eraikitzeko. Gobernua eta gerrilla Habanako negoziazio mahaian eseriko dira gaur berriro. Bi aldeek espero dute «modu azkar eta efikaza» bilatuko dutela egun gutxi barru Bake Itunak berritzeko.

Lehenik, aipa dezagun plebiszituaren emaitza. Ezezkoak irabazi zuen, estu eta larri, abstentzionismoa ezin handiagoa izan baitzen. Nola aska liteke espero gabeko korapilo hori?

Joan den urriaren 7an, komunikatu bateratu bat igorri genuen ordezkaritza biek, hala gobernu nazionalarenak nola FARC-EPrenak. Komunikatu horretan, modu agerikoan jasota dago alde biok konprometitzen gaituela abuztuaren 24an sinatutako Azken Itunak; izan ere, gure iritziz, hantxe dago zehaztuta zer erreforma egin eta zer neurri hartu behar diren bakearen oinarriak zedarritzeko eta gatazka armatuaren amaiera bermatzeko. Horrek ez zuen esan nahi ez zenik aintzat hartzekoa ezezkoak estu eta larri irabazi izana. Hori kontuan izanda iragarri zen, hain zuzen, prozesu arin eta eraginkor baten bidez entzungo zirela gizarteko hainbat sektorek zituzten kezkak, haiek ulertu eta haientzako konponbideak zehazteko lehenbailehen. Proposamen eta doikuntza horiek gobernu nazionalaren eta FARC-EPren artean eztabaidatuko dira. Ia amaitua dago proposamenak eta kezkak jasotzeko prozesua, eta prest gaude horiek hurrengo egunetan aztertzen hasteko. Era berean, lanean ari gara formula juridiko eta politiko eraginkorrena lortzeko, eta itundutakoa ezartzen hasteko. Uste osoa jarria dugu alde bien borondatean eta Kolonbiako herritarren babes masiboan; helburua da bakerako eta herrialdearen adiskidetzerako komenigarriena den moduan konpontzea hau guztia. [Beste agiri bateratu bat argitaratu zuten gobernuak eta gerrillak urriaren 28an, BERRIAri elkarrizketa eman eta zenbait egunetara. Kolonbiako gizarte eragileek egindako proposamenak «kontu guztiarekin» aztertzen ari zirela eta horietako batzuk Bake Itunari eransten ari zirela jakinarazi zuten].

Behin Bake Itunak sinatuta, egiteko dago zailena: haiek praktikan jartzea. Horren haritik, zein dira FARCen Hamargarren Konferentzia Gerrillariak hartutako erabaki nagusiak?

Hamargarren Konferentzian, egiteko funtsezko bat zirriborratu zen: Habanako Azken Ituna erabat ezartzearen alde lan egitea. Horrek berekin dakar itundutakoa betearazten dela egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko mekanismoak erabiltzea, testuan zehaztuta dagoen bezala, eta tokiko komunitateek ere parte hartzen dutela. Horrez gainera, borroka politikoa dago. Eraldatuko garen mugimendu politiko berriaren banderetako bat da, hain zuzen, itunak doi-doi ezartzearen alde lan egitea, eta, horretarako, funtsezkoa da elkarrekin lotzea landa eta hiri inguruneko komunitateak, biktimak, demokratak eta, oro har, hainbat herri sektoretakoak; eta guri dagokigu, hein handi batean, horiek kontzientziatzea eta mobilizaraztea ituna behar bezala ezar dadin. Jakina, ez gara hutsetik hasiko, Kolonbian jende asko prest baitago hori lortzearen alde lan egiteko.

Programa eta antolakuntza aldetik, zein oinarri hartuko dituzue aintzat erakunde soilik politiko bihurtzeko?

Horixe izan zen gure Hamargarren Konferentziaren erabakietako bat. FARCekoak alderdi politiko bat gara; horixe izan gara gure sortzetik beretik; estatuaren biolentziari aurre egiteko armak hartu zituen alderdi politiko bat. Orain, kontua da gaur egungo legezkotasun eta modernotasun baldintza berrietara egokitzea. Ez dugu zertan aldatu ez gure ideologia, ez eta gure politika eta antolakuntza irizpideak ere. Baina, Konferentziak horretarako bidea eman zuenez, hori alderdi berria eratzeko kongresuan eztabaidatu eta onartu beharko da; eta kongresua, beranduenik jota, 2017ko maiatzean egin beharko da, Habanan sinaturiko itunak ezartzeko modua dagoen neurrian, betiere.

2016/05/15

AMORRUAREN POLITIKAK Hedoi Etxarte

"M-15a bezalako mobilizazio ziklo batek destituzio sinbolikoetarako balio du, baina ez da gai, bere horretan, sortu behar den askapena artikulatzeko. Ez du, askotan, inpugnatzen duena ez errepikatzeko errezeta gisa balio ere."              

              Stéphane Hessel-ek suminduak deitu zien. Eta azaldu ziren Afrika iparraldeko plazetan eta Europa hegoaldekoetan: Takhrir, Sol, Catalunya eta Syntagma izango ziren ezagunenak. Gero etorriko zen AEBetako Occupy, Londresen utziko zuen bere arrastoa. Bost urte joan dira eta orain Parisen eta Frantziako beste hirietako plazetara heldu da haserrea.


Berriki Georges Didi-Hubermanek —Quand les images prennent position liburuarengatik bakarrik egungo Europak duen pentsalari eta irudi aztertzaile zorrotzenetakoak— amorruari buruzko errekopilazio bat egin du. Jasotzen du bereziki tradizio anarkistan amorruak izan duen tokia. Bakuninentzat, adibidez, «pentsatzeko gaitasuna eta matxinatzeko beharra, gaitasuna», giza espeziearen bi gaitasun preziatuenak ziren. Are gehiago, «gizakia ez litzateke gizaki, ez luke duen garapena izango, ezta bere barne perfekzioa ez balitu, neurri handi batean behintzat, naturak bere seme-alaba guztien gainean jartzen dituen kateak apurtu». Alegia, «gizakia animaltasuna alboratu eta gizaki izaten hasi zen [...] desobedientzia eta zientza ekintza baten bidez, alegia, matxinadaren eta pentsamentuaren bidez».


Bakuninek 1848ko Parisko haserrearen erdian exaltazioa bizi zuen, «mozkorra» zegoen. Ez zuen ia lorik egiten, manifestazioetatik bileretara joaten zen, paseoetatik asanbladetara, iraultza mozkorraldi handi bat zen.



Halere, Didi-Hubermanek azaltzen duenez, «altxamenduek» edo «matxinadek» ez dute bere horretan eremu politiko bat sortzen. M-15a bezalako mobilizazio ziklo batek destituzio sinbolikoetarako balio du, baina ez da gai, bere horretan, sortu behar den askapena artikulatzeko. Ez du, askotan, inpugnatzen duena ez errepikatzeko errezeta gisa balio ere. Zeren haserrea da jabe asko izan ditzakeen baliabide bat —horretaz ongi dakite eskuin muturrek, kazetari askok, barne ministro gehienek—: kudeatzen zaila, baina kudeatzeari uzten bazaio eremu politikoko ertzean kokatzen zaituena.

2016/04/27

MAIATZAK 1. KLASE BORROKAZ KAPITALISMOA SUNTSITU Ezkerraldea Antifaxista

"Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian, Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan"
                                                                   Apirilaren eta maiatzaren zehar klase borroka ardatz izango duen kanpaina abiaraziko du Ezkerraldea Antifaxistak. Maiatzaren Batak duen esanahi historikoa eta gaurkotasunez beteriko edukin osoa aldarrikatzeko baliatu nahi ditugu data hauek, guretzat, eta aldarrikatzen dugun borrokarentzat ezinbestekoa den ildoa argitzen jarraitzeko, mobilizazioaren, propagandaren eta agitazioaren bidez Ezkerraldeko langileria borrokalariari gure eskeintza zabaltzeko eta formakuntzari klase borrokaren ikuskeratik eskeinitako dinamikak aurkezteko. Bere lehen pausuak ematen doan antolakunde “gaztea” izan arren, orain artean eta hemendik aurrera egin eta egingo dugun bezalaxe.
Faxismoaren agerpena, forma eta gure errealitate historikoan duen egikaritze partikularraren  inguruko hausnarketa burutu genuen gure antolakundearen aurkezpen publikoa egin aurretik. Oinarri ideologiko orokor batzuk eztabaidatu eta partekatu genituen, sortu asmo genuen etxea lurzorutik eraikitzen hasteko. Oinarri horien arteko bat, gure jarduera erabat ezaugarritu eta baldintzatu egiten duena antolakundearen izaera antikapitalistarena da. Klase sozialetan banatutako, menperatu eta menperatzaileen esistentziarekin ezaugarritzen den sistema politiko-ekonomiko eta sozial guztia da faxismoaren agerpena eta forma eragiten eta determinatzen duena. Kapitalismoaren garapenarekin eta batez ere, gaur egungo bere garai monopolista eta inperialistan burgesia menperatzaileak langileria menperatuaren esplotazioa eta zapalkuntza betikotzeko erabiltzen duen euskarrietako bat delako faxismoa. Horixe da gure erronka, faxismoaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkakoarekin testuinguratzea, lotzea, eta beraren bidez antolatzea. Hortaz, “Klase Borrokaz Kapitalismoa Suntsitu” izango da kanpaina honetarako aukeratu dugun leloa.
Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian, Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan. Ordutik asko izan dira azken mende eta erdian buruturiko manifestaldiak eta klase borrokaren baitan emandako mota guztietako borroka-adierazpenak. Meatzarien izerdi gorritik Sestaoko INEMaren kontrako ekintzan duela 25 urte Rosa, Jesus eta Marisolek isuritako odol gorrira klase bera da burgesiak bere pribilegioak defendatzeko eta betikotzeko helburuarekin sortutako egitura eta aparatuak borroka antolatuaren bidez kolpatzen mantendu dena: Langileria konsziente eta borrokalaria. 

2015/12/13

1978KO ETA 2015EKO ABENDUAK ESKUTIK Iker Heredia de Elu

"Argalaren kezka nagusienetako bat Konstituzioa inposatu eta geroko egoeran printzipio iraultzaileak bazter utzi gabe helburu politiko estrategikoak irmo defendatzen jarraituko zuen langileriak gidatutako herri mugimendu borrokalaria bizirik mantentzea zen. Hau da, faxismoaren errepresio beltzenak lortu ez zuena, hauteskunde burgesek, saldukeri sozialdemokratak eta, besteak beste, goranzko joera hartzen zihoan kontsumismo maila basatiak ez irenstea."
                                                         1978ko amaiera zen eta, une hartan kontziente ez banintzen ere, nire belaunaldiaren bizitza baldintzatu, ezaugarritu eta markatu duen zapalkuntza faxistak gaur egunera arte dirauen mozorro faltsua jantzi zuen. “Demokraziaren seme-alabak” izan omen ginen.

Aitak eta amak, beste milaka bezala, kalean egiten zuten borroka faxismoaren aurka eta zapaldu eta esplotatuentzako justizian oinarritutako herri aske baten alde, ni bezalako haurrok zapaldu eta zapaltzailerik gabeko Herri eta Mundu batean bizitzeko itxaropen eta desirak emango zien indarraz. 78ko Urrian adibidez, Herri Langilearen Borroka Iraultzailea salatzeko PNVko euskal burges eskuindar jelkideek eginiko Usoen deialdiari Atzoko eta GAURKO gudarien alde oihuarekin erantzuten saiatu ziren Bilboko Alde Zaharrean, armak eskuetan borroka egiten zuten herriko seme-alaba kuttunenak lubaki latzenetan bakarrik senti ez zitezen, baina, batez ere, argi eta ozen adierazteko 1936ko altxamenduak herri-erresistentzia garaitu ondoren ezarritako faxismoa bizi-bizirik zirauela eta herri langilearen askapena, izatekotan, antolakuntza eta borroka iraultzailearen bidetik soilik izango zela egingarri. Bertan espainar polizia faxistek gurasoak jipoitu zituzten, bertaratu ahal izan ziren beste dozenaka lagunekin batera. Maionako galtzadetan une hartan isuritako odol eta malko haiek, Euskal Herri osoko kaleetan isuriarazitakoekin batera, faxisten -eta euren itzalera bildutako guztien- mozorro-festa salatzea eta ezinbestekoa zen borroka iraultzailearen alde egitea, zapaltzaileei nolabaiteko kontzesioren bat kentzea eta funtsezko askatasun demokratikoak aldarrikatzea zein garesti ordaintzen den ezin argiago utzi zuten, etortzear zeuden hamarkadetan gertatu denaren eta bakoitza non kokatu denaren sintesi bikaina eskeintzen digun gertakari hartan.

Hilabete batera iritsi zen Konstituzioaren erreferenduma, 78ko Abenduaren 6an: inposizioz eta dekretuz, makilkadaka eta tiroka, torturaz eta erailketaz, egunetik egunera faxistak demokrata bilakatu ziren eta borrokalariak terrorista. Nahi ala ez, frankismoarekin aberastutako eta egonkortutako oligarkiak, armada faxistaren babesaren bidez, katea horraino baino ez luzatzeko prest zegoela adierazi zuen.

PNVko euskal burges eskuindar jelkideek Madrilen eman zieten ogi kurruskua euren eskutik jateari ekin zioten. Carrillotar narrastiek Estatuko langileria borrokalariaren zati handi batentzako ohore, sakrifizio eta duintasunaren ordezkaria zen alderdia likidatzen amaitu zuten, Onaindia eta Bandres bezalakoengan ohorezko matrikuladun apopiloak topatuz euskal lurraldeetan. Ordudanik, gure herri langileak primeran identifikatu ditu azken hauek eta euren asmoak: hauteskundeen zirkoan antzeztutako parlamentarismo faltsuaren apologistak. Faxismoaren mozorroari sinesgarritasuna eman nahi zioten txotxongiloak. Horiek, militante iraultzaileak hatzarekin seinalatuz eta Herri borrokalariaren indarra mespretxatuz legaltasun esparrua irabazi zuten uso itxurako otso pozointsu eta zitalak. Langileriarengan, zapalduongan nahasmena eragiteko eta itxaropen faltsuak sortzeko sozialdemokraziaren soldatapeko kameleoiak.

78ko Abenduaren 21eko egun beltza iritsi zen horrela. Beste hainbaten antzera, bere bizitza Euskal Langile Herriaren askapen bikoitzaren zerbitzura jarrita, Argala erail zuten Angelun. Ordudanik izan dugu, beste askorenarekin batera, bere irudia paratuta edo gordeta Euskal Herriko hamaika etxetan. Hiltzen dizkigutenean soilik ezagutzen ditugula esan zuen norbaitek. Hala, aitite eta amamak Argalaren irudia zuen eranskailua paratu zuten Leninen irudi handia zuen koadroan, bandera errepublikar txikitxo batekin batera. Handik urte gutxira galdegin nion amamari koadroan agertzen zirenengatik, jakinminak jota. “Es Lenin, fue un hombre muy bueno” esan zidan. Koadroari gaineratutako beste irudia seinalatzen nuela ikusirik, “este es Argala, nos lo mataron” esan zidan amamak, pasadizo honekin oroitzean nik sentitzen dudan antzerako samin eta harrotasunarekin. Argalak eta berarekin batera herri langilearen askapen bikoitzaren alde hitzez eta ekintzez aritu ziren iraultzaileak ezagutzen azkar ikasi nuen nor zen nor herri honetan, nortzuk diren betiko adiskide, nortzuk egoeraren gogortasunaren araberako behin behineko lagun, nortzuk saldukeriaren eta hipokresiaren mugarik ezagutzen ez duten iruzurgileak eta nortzuk adjektibazio zehatzik behar eta merezi ez duten etsaiak. Argalaren kezka nagusienetako bat Konstituzioa inposatu eta geroko egoeran printzipio iraultzaileak bazter utzi gabe helburu politiko estrategikoak irmo defendatzen jarraituko zuen langileriak gidatutako herri mugimendu borrokalaria bizirik mantentzea zen. Hau da, faxismoaren errepresio beltzenak lortu ez zuena, hauteskunde burgesek, saldukeri sozialdemokratak eta, besteak beste, goranzko joera hartzen zihoan kontsumismo maila basatiak ez irenstea. Frankismo klasikoaren forma aldaketa borroka armatuari zor zitzaion bezala, espetxeratutakoen kaleratzea herri borrokari zor zitzaiola zioen Argalak. Herri eta Langilegoarentzako KAS Alternatibaren defendatzaile sutsu, programa demokratizatzaile haren aldeko mugimendua nola osatu eta egituratu izan zen bere azken urteetako kezka eta egiteko nagusia. 29 urte zituela erail zuten, ibilbide oparoa utzi zigularik ondare.

Archivo del blog