antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




Mostrando entradas con la etiqueta Ukrainia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Ukrainia. Mostrar todas las entradas

2016/09/16

BILBOTIK ERE ELKARTASUNA LUGANSKERA Txabi Branka

"...benetako zailtasuna Euskal Herrian Europa ekialdeko zonalde honetan gertatzen denaren analisi fidagarri eta zuzenei eustea izan da, gutxiengo kanaletara baztertuta izan direnak, ezker eraldatzailearen espazioa betetzen zuten herriko sektore kritikoak murriztuz."      
                         
                 Orain dela aste batzuk, Bilboko plataforma digital hau kudeatzen dutenei bidali nienean gure hiriarekin zerikusia zuen ekimen bati buruzko informazioa, ez nuen pentsatzen igorri nienaren inguruko iritzi artikulu bat idaztea proposatuko zidatenik. Askok gogoratuko duzuenez ekimen hori joan den abendutik udaberriraino bilbotar bolondres batzuk auzo ezberdinetako elkarte eta gaztetxeen inguruan dabiltzatenen lankidetzari esker martxan jarritako giza laguntzazko material bilketa izan zen. URIOLA-k honen berri eman zuen, EH-Donbass Elkartasun Komiteak bultzatutako bilketaren hasierari buruz alegia, Europa ekialdean aurkitzen den Donbasseko biztanlegoa sustengatzeko ekimena zen, hain zuzen ere.
Orain berriz guzti honen harira, emailaren beste aldean zegoen uriolatarrak eskatuta, nire idatzizko ekarpena baliabide bezala ariko natzaizue bilketaren emaitzez. Komunikazio tresna hau pertsona eta iritzi guztiek kabida izateko espaziotzat sortua denez, horrela luzatu zidan aukera aipatutako uriolatarrak, ildo honi eusteko asmoarekin irakurle oro testuinguruan kokatzeko erronkari aurre egin behar izan diot. Ez da ez lan makala izan Ukrainiako azken urteetako gertaeren ikuspegia osatzea iritzirako espazio honetan, are gutxiago lurralde eslaviar honetako bilakaerak dituen elementu anitzekin. Baina irakurlea testuinguratzeko lan honen benetako zailtasuna Euskal Herrian Europa ekialdeko zonalde honetan gertatzen denaren analisi fidagarri eta zuzenei eustea izan da, gutxiengo kanaletara baztertuta izan direnak, ezker eraldatzailearen espazioa betetzen zuten herriko sektore kritikoak murriztuz.

Azaldu beharra dut gatazkarekin dudan hurbileko jarrera hau izatera ekarri nauena 2014an ukrainiar ekialdetik heltzen ziren berriekin hasiko dela non ezkerreko mugimenduen aurkako eskuin muturraren oldarkerien ostean (Odessako sarraskia…), ukrainiar indar militarrek zibilen aurkako bidegabekeria odoltsuak etorriko ziren (Slavianks eta Mariupol hirien aurkako bonbardaketak…), nire etxeko erosotasuna astinduz. Gero etorriko ziren hitzaldiak, heltzen zen bertako egunerokotasunaren jarraipena (Berria, Argia, La Haine…) eta gure herrian salaketa lanak martxan jarri zituzten talde eta pertsonak ezagutzea. Beraz, azpimarratuko nuke aditua ez naizen heinean, iritzi artikulu hau defendatu dezakedan fidegarritasunari eutsi zaiola; ez dut uste honelakorik idazteak ideia hona denik kazetari, historiagile, politologo… bezelako adimenik ez duenarentzat, ni bezala, norberaren muga pertsonalak benetan agerian uzteak ez baita sentsasio atsegina.

Bilketarekin jarraituz, dakidanez hau udaberrirako bukatutzat eman zen Bilbo eta Bizkaiko bilketa guneetatik jasotakoaren bila pasatzeari ekinez; Irala, Olabeaga, San Inazio, Deustu, Bilbo Zaharra, Ezkerraldea, Lemoa eta Larrabetzu. Ondoren boluntario aldetik etorriko zen guztia zenbatzea, materiala bidaltzeko behar den bezala prestatu eta Komiteak ezker abertzaleko alkatetzari esker prest zuen Ondarroako biltegira eramatea. Kilometro eta ordu asko lan honetarako. Materiala Euskal Herriko beste hainbat tokietatik ekarritakoari gehitu zitzaion eta baita ere Comite Andalucia-Donbassek igorritakoa. 1.850 kilo guztira.

Uztailaren 11an Ondarroatik atera zen kamioiez bildutako laguntza guztia. Asociación de Solidaridad Aragón-Donbassek kudeatutako bidaia izan zen eta egun berean Madrilen zegoen non Blagoe Delo elkarteak 700kg material gehitu zizkion. Elkarte honek guztira 2 tona baino gehiagoko kargamentua Moskura bidaliko zuen hegaldia ordainduz eta han Errusiar Larrialdietako Ministerioaren bitartez Ukrainia ekialdeko hiri garrantzitsuenetakoa zen Lugansk hirira heldu zen uztaileko hirugarren astean. Izen berdina duen Herri Errepublikaren hiriburura, Ukrainia ekialdeko Donbass eskualde langile eta meatzarian kokatua.

36ko gerran Bilbo izaten saiatu zen bezala, bere burujabetzarako borondatea eta nortasunaren defentsan erresistentziaren nolabaiteko sinbolo bihurturiko hiria da Lugansk. 2014an Maidaneko fenomenoa zeharo (inoiz at egon bazen) Mendebaldeko interes eta ultraeskuinaren menpe geratzeak ekarri zuen Gobernu kolpista eta nazionalistak bidalitako Ukrainiar Estatuaren indar militarraren oldarkeriari aurre egin ziona.

Errusiarekin kultur eta hizkuntz lotura handiak eta baita Sobietar Batasunarekiko ideologi-loturak ditu Donbasseko biztanlegoak. Horregatik ez da harritzekoa Sobietar Batasuna desagertu zenean sorturiko Ukrainia parlamentarioan eman diren hauteskundeetan Europar Batasuna eta bere aliatuak zein Errusiar Federakundearekin erlazioak mantentzearen aldeko indar politikoak garaile ateratzea bertan. 2014an guztia aldatu zen batez ere Lugansk eta Donetsk Herri Errepubliketako biztanlegoarentzat, orduko Ukrainiako presidentea zenak ezezkoa eman zion Europar Batasunari akordio politiko eta ekonomiko bat sinatzeko garaian, Errusiar Federakundera hurbilduz. Gaur egun nabaria da inperialistek beraien makineria, Sirian egin zuten bezalaxe, martxan jarri zutela hau ekiditzeko eta horregatik dago mundua dagoen tokian.

Ez genuke ahaztu behar Errusiar Federakundea munduko energia, mineral eta baso baliabide handienak dituela eta munduko ur gozo ez izoztuaren laurdena. Jakin beharko genuke baita, antza Putin kapitalistak SESB dezargetzean neoliberalismoak ekarri zuen oligarken ondasun kolektiboaren lapurretak nolabait eten zituela eta Federakundean ordena jarri. Dirudienez baita, Putinek ez du munduko jauntxoen, hau da, mendebaldeko inperialisten morroi izan nahi.

Ematen du inperialismoarentzat Donbasseko bi Herri Errepublikak menderatuz Errusiar Federakundearen aurkako setioa indartuko zela… baliteke, baina ni ez naiz aditua.

Egun, 2016an, bi urte daramatzate gudan Ukrainako ekialdeko biztanleek. Guda honek, 10.000 bat herritarren heriotza, eta milioitik gora pertsonen erbestea ekarri du; Donetsk, Lugansk, Makeevka, Debaltsevo, Slaviansk eta halako hiri garrantzitsuak suntsitzearekin batera.

http://uriola.eus/ 

2016/01/20

Urtarrilaren 23an Bilbon ELKARRETARATZEA Donbassen alde eta inperialismoaren aurka!

1936ko data esanguratsutik 80 urte igaro diren honetan, une hartako Nazioarteko Brigadistak gogoan ditugularik, mugarik ez duen inperialismoaren eta faxismoaren aurka eta mugarik ez dugun herri langileon askatasun, berdintasun eta elkartasunaren alde, demokrataz ta bakezalez aurkezten zaizkigun hiltzaileen sarraskien biktima diren herri guztien sufrimenduaren garrasia gure egiteko joan behar gara Bilbora

                                          Datorren urtarrilaren 23an elkarretaratze bat dago deituta Bilboko Gran Viako 45.zenbakian, Moyua Plazako Gobernu Zibilaren atzekaldean dagoen Privat Bank banketxe ukrainarraren egoitzaren parean. Abendutik martxan dagoen giza laguntzarako bilketa eta elkartasun kanpaina berri baten baitan kokatzen da Euskal Herria-Donbas Komiteak eta mugimendu antifaxistak antolatutako deialdi hau. Bere helburua oso argia da: Ukrainako Junta oligarkiko eta nazi-faxistak Bilbon duen ordezkari baten egoitzaren esistentzia baliatzea Donbass lurraldeko Donetsk eta Luganskeko herri errepubliketako erresistentzia antifaxistaren alde eta Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek finantziatutako, armatutako eta babestutako erregimen sarraskizalearen aurka herri langilea mobilizatzea Euskal Herrian.

Privat Bank horren sortzaile eta akziodun nagusien artean dago Igor Kholomoisky. Jatorri judutarra duen pertsonai hau, Ukrainako erreakzio oligarkikoaren adierazpen borobilena da, Azov bataloi nazi-faxistaren sponsor nagusia eta sionismoak lurralde hartan duen ordezkaririk gorenetakoa. Lobby sionistaren instituzio ezberdinak ekonomikoki bideragarri egiten ditu Kholomoiskyk. Ukrainako gizon aberatsenen zerrendan hirugarren tokia okupatzen du eta bankari bezala, primeran ari da bere zeregina betetzen, oligarkiaren botereari herri antolaketa eta borroka demokratikoaren bidez aurre egiten diotenen aurkako indar mertzenario hiltzaileak sortuz eta mantenduz.

Donbass eskualdeko egoera tamalgarria, herri langile xume bati inposaturiko eraso militarra alegia, luzera jotzen hasten da. Mozorrotutako estatu kolpea eman zenetik Kieveko Maidaneko udaberrian, oinarrizko edozein eskuliburuk nazi-faxistatzat joko lukeen erregimen berriak, Stepan Banderaren ondarea berrezarri du politika instituzionala eta jendartearen egunerokotasuna argitzeko iparrorratz gisa. Armada naziaren okupazioa jasan zuenean Ukrainak, botere boltxebikearen aurkariak batu zituen Banderak UPA deiturikoan, arrazan eta mitoetan oinarritutako ikuskera ultranazionalistak bultzatuz ukrainar nazioaren inguruan, okupatzaileekin bat eginez. SESBak Ukrainar errepublikaren lurralde auziari aterabidea eskeintzeko, Ukrainar Errepublikaren antolaketan eta bere kultura bultzatu eta sendotzeko asmoz buruturiko prozesuan erabilitako metodologien egokitasunaz ez gara arituko oraingoan. Ezta SESBaren eraispena eman zenetik errusiar kapitalismoak gatazka honetan izan ditzakeen aldeko edo aurkako aldagaien inguruan ere.

2016 honetan oso argi izan behar dugu inperialismoak herri langileak esplotatu, elkarren aurka egin eta suntsitzen jarraitzeko instrumentalizatzen ari den baliabideak arsenal ideologiko atzerakoienarenak direla, izan fundamentalismo erlijiosoak, muturreko aberkoikeriak, xenofobia ala arrazen menderaezintasuna. Donbass: 11 mila zibil hilik, beste 17 mila gehiago zauriturik, bi milioi lagun deserrian. Ukrainar estatua: 200 antifaxista, komunista, sindikalista eta kazetaritik gora basatiki erailak edota bizirik erreta Odessako 2014ko sarraskian eta bestelako ekintza faxistetan, ideologia eta antolaketa komunista eta langileriaren antolakunde ezberdinen legez kanporatze eta espetxeratzeak, homosexualen aurkako jazarpen eta erasoen biderkatzea, bestelako minoritateen aurkako legeria eta bortxa, garai sobietarreko ondare historiko, politiko eta kulturalaren erabateko “garbiketa”,…. Hau dena EBak eta AEBk bultzatuta eta euren adar militarra den OTANek armatuta eta babestuta. Herrien aurka, eta kasu zehatz honetan, europar Ekialdeko baliabide naturalen kontrola eta Errusiari estatu ezberdinekin zituen harreman ekonomikoak oztopatzeko helbururarekin Mendebalde kapitalista guztia burutzen ari den jazarpen inperialista errukigabe agertzen da kasu honetan, behin eta berriz herri langileak maltzurki erabiliz eta elkarren aurka xaxatuz egitasmo krudelenen mesedetan ari direlarik. Eskuineko zein “ezkerreko” hedabide konbentzionaletako esatari eta kazetariek Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka bat aurkezten digute, azaleko baieztapen zozo batzuen bidez munduko langileok bertan gertatzen ari denaren aurrean itsu, mutu eta gor gera gaitezen eta aurreiritziz beteriko baieztapen okerrak plazara ditzagun.

Larunbata 23an Gran Viako Privat Banken aurrean elkarretaratzeko deialdiari positiboki erantzuteko deialdia eginda, beste alde batera ez begiratzeko dei xumea egin nahiko genuke. 1936ko data esanguratsutik 80 urte igaro diren honetan, une hartako Nazioarteko Brigadistak gogoan ditugularik, mugarik ez duen inperialismoaren eta faxismoaren aurka eta mugarik ez dugun herri langileon askatasun, berdintasun eta elkartasunaren alde, demokrataz ta bakezalez aurkezten zaizkigun hiltzaileen sarraskien biktima diren herri guztien sufrimenduaren garrasia gure egiteko joan behar gara Bilbora. Besteak beste, duela 30 urte Euskal Herrian NATOri emandako ezezko borobila kalean, modu praktiko batean biziberritzeko aukera aproposa iruditzen zaigu urtarrilak 23ko hitzordua. Gaur egungo Ludmila Pablichenko eta Vasili Zaitsev guztien alde, zapaltzen gaituzten estatuek ordaindutako bonbek suntsitutako eskola eta erietxerik gabe noraezean dabiltzan ume eta agureen alde, duintasunagatik eta kontzientziagatik borrokan dauden milizia antifaxista guztien omenez eta Euskal Langile Herriaren elkartasunez beteriko arima antinperialista eta borrokalariari hauspoa emateko, elkar ikusiko dugu Bilbon datorren 23an sionismo faxistaren jabetza den Privat Bank erakunde kapitalistaren aurrean.

Herrien arteko Bakea, Klaseen arteko Guda.

Archivo del blog