"Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian,
Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik
mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen
zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea
kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko
asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian
lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan"
Apirilaren eta maiatzaren zehar klase borroka ardatz izango duen
kanpaina abiaraziko du Ezkerraldea Antifaxistak. Maiatzaren Batak duen
esanahi historikoa eta gaurkotasunez beteriko edukin osoa aldarrikatzeko
baliatu nahi ditugu data hauek, guretzat, eta aldarrikatzen dugun
borrokarentzat ezinbestekoa den ildoa argitzen jarraitzeko,
mobilizazioaren, propagandaren eta agitazioaren bidez Ezkerraldeko
langileria borrokalariari gure eskeintza zabaltzeko eta formakuntzari
klase borrokaren ikuskeratik eskeinitako dinamikak aurkezteko. Bere
lehen pausuak ematen doan antolakunde “gaztea” izan arren, orain artean
eta hemendik aurrera egin eta egingo dugun bezalaxe.
Faxismoaren agerpena, forma eta gure errealitate historikoan duen
egikaritze partikularraren inguruko hausnarketa burutu genuen gure
antolakundearen aurkezpen publikoa egin aurretik. Oinarri ideologiko
orokor batzuk eztabaidatu eta partekatu genituen, sortu asmo genuen
etxea lurzorutik eraikitzen hasteko. Oinarri horien arteko bat, gure
jarduera erabat ezaugarritu eta baldintzatu egiten duena antolakundearen
izaera antikapitalistarena da. Klase sozialetan banatutako, menperatu
eta menperatzaileen esistentziarekin ezaugarritzen den sistema
politiko-ekonomiko eta sozial guztia da faxismoaren agerpena eta forma
eragiten eta determinatzen duena. Kapitalismoaren garapenarekin eta
batez ere, gaur egungo bere garai monopolista eta inperialistan burgesia
menperatzaileak langileria menperatuaren esplotazioa eta zapalkuntza
betikotzeko erabiltzen duen euskarrietako bat delako faxismoa. Horixe da
gure erronka, faxismoaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkakoarekin
testuinguratzea, lotzea, eta beraren bidez antolatzea. Hortaz, “Klase
Borrokaz Kapitalismoa Suntsitu” izango da kanpaina honetarako aukeratu
dugun leloa.
Maiatzaren Bata 1890ean ospatu zen lehen aldiz Euskal Herrian,
Ezkerraldea zeharkatu zuten greba eta mobilizazioak burutu zituztelarik
mehategietako beharginek. Euren gainbalioa modu gupidagabean xurgatzen
zuten eta euren kontura oso azkar kapital eta botere meta paregabea
kontzentratu zuten oligarkek inposatutako esklabutzari amaiera jartzeko
asmotan eta lan eta bizitzeko gutxieneko eskubide batzuk gure historian
lehen aldiz mahaigaineratu zuten modu antolatu eta masiboan. Ordutik
asko izan dira azken mende eta erdian buruturiko manifestaldiak eta
klase borrokaren baitan emandako mota guztietako borroka-adierazpenak.
Meatzarien izerdi gorritik Sestaoko INEMaren kontrako ekintzan duela 25
urte Rosa, Jesus eta Marisolek isuritako odol gorrira klase bera da
burgesiak bere pribilegioak defendatzeko eta betikotzeko helburuarekin
sortutako egitura eta aparatuak borroka antolatuaren bidez kolpatzen
mantendu dena: Langileria konsziente eta borrokalaria.