"Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia
euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski.
Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu
eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. "
Hitanoak gaur egun bizi duen errealitatea Tolosaldeko gazteen
prismatik ikertu du Josu Ozaita Ibarrako antropologoak. 18 eta 28 urte
arteko eskualdeko gazteekin elkartu eta hitanoari buruz duten ikuspegia
bildu du, “Hurbilpen bat: Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten
pertzepzio, diskurtso eta praktikara” izeneko azterketan. Ikerketak
hainbat ondorio ateratzeko balio izan dio. Bere iritziz, azken
hamarkadotan euskararen alde «lan handia» egin da, eta «izugarrizko
bultzada» izan du, baina ez da gauza bera gertatu hitanoarekin.
Garrantzirik ez zaiola eman eta ez dela bultzatu uste du. Eta ez hori
bakarrik: zenbait kasutan «baztertua» izan dela dio. Horren erakusle da,
bere esanetan, hitanoaren inguruko ikerketarik ez egotea edo eskualdean
hitanoaren erabilera zenbatekoa den ez jakitea. Horrek guztiak
hitanoaren prestigioan zeresana du, Ozaitaren ustez. Hala ere,
hizkuntzaren adierazkortasuna bultzatu eta euskararen erabilera
handitzeko baliabide aproposa delakoan da, «euskarari eskua sartu diogu
toki guztietatik, bada hitanoaren berreskurapenean ere berdina egin
beharko litzateke», dio.
GAUR8
Zerk bultzatu zaitu hitanoari buruzko ikerketa bat egitera?
Hainbat arrazoi izan ditut. Euskararen adituen argudioen baitan gauza
asko irakurri eta entzun izan ditut hitanoari buruz: sekulako
potentzialtasuna duela, gazte hizkerari pertsonalitatea ematen diola…
Baina ideia horiek ez zirela garatzen iruditzen zitzaidan, batetik. Eta,
bestetik, deigarria egiten zitzaidan errealitate bat ere bazegoen:
nahiz eta euskara gure eguneroko hizkuntza izan, tarteka, lagun konkretu
batzuekin, gaztelerara jotzen genuela, inkontzienteki, informaltasun
eta freskotasun bila. Denbora tarte bat igarota, ohartu nintzen
gazteleraren espazio hori hitanoak okupatu zuela. Baina guri ez digute
hitanoa eskolan irakatsi, ez da ikasi dugun zerbait. Gero, ordea, kalean
entzutean, erakargarri bihurtzen da. Hori zergatik gertatzen den jakin
nahi nuen.
Zergatik Tolosaldean, eta zergatik gazteen artean?
Gazteek hitanoa gaizki erabiltzen dutela esaten da askotan, baina
beraien iritzia eta egoera ez da kontuan hartu orain arte. Nik beraien
ikuspegia jaso nahi nuen. Tolosaldean egin dut ikerketa, nire bizitokia
delako eta, ikerketaren baldintzak kontuan izanda, egokiena zelako.
Hamabi gazterekin egin ditut elkarrizketak. Generoa baloratuz, herri
txiki eta handiak bereiziz eta adin tarteak kontuan izanda hautatu dut
lagina.
Lagin hori nahiko txikia da. Azterketa zabalagoa eginda emaitza aldatuko litzateke?
Ziurrenik bai. Gerturapen bat izan da nirea, etorkizunean egin
daitekeen ikerketa sakonago baten abiapuntua. Diskurtso eta erabilpen
anitzak bildu eta mahai gainean jartzeko balio izan duela uste dut. Hala
ere, beharra dago ikerketa handiago bat egiteko, baita Tolosaldean ere.
Eta Tolosaldetik kanpo, are gehiago. Izan ere, Euskal Herrian
errealitate anitzak bizi ditu hitanoak. Polita eta beharrezkoa litzateke
lurralde guztiko errealitate ezberdinak bildu eta aztertzea. Hala ere,
zaila da honen inguruko informazioa lortzea, ez baitago. Ikerketa batzuk
egin izan dira, baina hizkuntzalaritzaren esparrutik, batez ere.
Antropologiaren bitartez ikertu nahi nuen nik hitanoa.
Hitanoa gutxietsia izan dela da ikerketaren ondorioetako bat. Hori uste duzu?
Bai. Euskararen inguruan diru asko inbertitu da azkenaldian, baina ez
zait iruditzen hitanoa bultzatzen denik. Azken urteotan batuaren
ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor
ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia
alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta
indarraren inguruan hausnartzeko. Hezkuntzan oso gutxi landu da hitanoa
eta metodologia oso zaharkituekin, euskalgintzako eragileek ez dute
erabilpenerako apustu bezala ikusi, instituzioetatik ez da inbertsio
ekonomikorik egin, zenbait euskal hiztunen partetik alboratua ere izan
da… Horregatik diot hitanoa gutxietsia izan dela. Eman zaion garrantzia
gutxiarekin iraute hutsa harrigarria da, eta hori indar berezi bat
duelako da.
Zein presentzia du hitanoak gaur egun? Bere erabilera ugaritu edo murriztu egin da azken urteotan?
Ezin daiteke zehatz jakin. Guk ez dakigu zehazki non erabiltzen den,
ehuneko zenbatek egiten duen... Neurtzen ez bada, estatistiketan
azaltzen ez bada, desagertzen ari den pertzepzioa du jendeak. Baina
Tolosaldean, adibidez, uste baino indar handiagoa du. Nahiz eta ez den
bultzatzen, esan daiteke hitanoak presentzia nahiko handia duela gure
eskualdean. Indarra badu ere, gazteek oso eremu zehatzetan soilik
erabiltzen dute.
