antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




Mostrando entradas con la etiqueta frankismoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta frankismoa. Mostrar todas las entradas

2017/02/19

PEDRO IBARRARI ELKARRIZKETA, EUSKAL MUGIMENDU ANTIFRANKISTAREN INGURUKO LIBURUAREN EGILEA Gotzon Hermosilla

"...demokraziarik ez zegoenez, eta asmo kolektibo horiek bideratzeko alderdi politiko legezkorik ez zegoenez, jendeak egitura bateratzaileetara jotzen zuen"

Pedro Ibarrak (Getxo, Bizkaia, 1942) liburu berria argitaratu du oraindik orain, Memoria del antifranquismo en el Pais Vasco. Por qué lo hicimos, 1966-1976 (Antifrankismoaren memoria Euskal Herrian. Zergatik egin genuen, 1966-1976). Bere esperientzia eta bizipen pertsonaletatik abiatuta, euskal antifrankismoaren erradiografia egiten du EHUko Ideia Politikoen Historiaren eta Zientzia Politikoaren katedradun emerituak.

Liburuaren izaera bikoitz horren kariaz, ohar autobiografikoak eta euskal mugimendu antifrankista osatu zuten militanteen egunerokoaren zertzelada xeheak agertzen dira, baina, horiekin batera, mugimendu haren nondik norakoak azaldu nahi dituzten hainbat teoria interesgarri ere bai.


Zure azken liburuak badu azterketa historiko eta soziologikotik, baina zure bizipenetatik abiatzen zara behin baino gehiagotan. Zergatik aukeratu zenuen molde hori?

Abiapuntua nire bizipen pertsonalak ziren, uste nuelako berez interesgarriak izan zitezkeela, nire jatorriagatik, hartutako konpromisoengatik, abokatu laboralista gisa izan nuen jardueragatik eta abar. Baina geroago pentsatu nuen nire esperientzia maila kolektiboan gertatu zenaren adibide izan zitekeela, liburuaren gakoa zelako azaltzea zergatik jendea sartu zen frankismoaren kontrako borroka horretan. Eta pentsatu nuen nirea adibide bat izan zitekeela.

Gertaerak baino gehiago, arrazoiak azaltzen saiatu naiz. Horregatik, konpromiso pertsonala eta konpromiso kolektiboa uztartzen saiatu naiz. Beharbada, irakurle batzuek pentsa dezakete uztarketa horrek ez duela funtzionatzen, baina nik uste dut badagoela halako oreka bat.

Por qué lo hicimos da liburuaren azpititulua. Zergatik egin zenuten?

Hori da liburuaren funtsa. Arrazoi batzuk agertzen dira: erlijioaren osagaia, esaterako, garai hartan oso garrantzitsua izan zena, gure kasuan eta jende askorenean. Erlijioaren mezu alternatiboaz ari naiz, garai hartan bazegoelako erlijioaren mezu ofizial bat horrekin zerikusirik ez zuena. Gizarte eredu hura jasanezina zela ikusteak ere garrantzia izan zuen, ikuspegi sozial, politiko eta kulturaletik. Saiatzen naiz aztertzen beste multzo batzuetan ere zeintzuk izan ziren arrazoiak, eta hor agertzen dira tradizio kristaua, sozialista, komunista, eta nazio arazoa ere, nazioaren agoniaren pertzepzio hori.

Jatorria aipatu duzu lehen, eta horrek garrantzi handia du zure liburuan; izan ere, zu Neguriko oligarkiako familia batean jaio zinen. Noraino baldintzatu du jatorri horrek zure ibilbidea?

Galdera ona da hori, eta nire adinean oraindik ez dut lortu horri behin betiko erantzuna ematea. Haustura traumatikoa da, eta sekulako aldaketa dago gizarte elitista batean bizitzetik auzo arrunt batean bizi eta abokatu laboralista gisa lan egitera. Baina egia da iragan hori, nola edo hala, beti dagoela hor. Zertan? Bada, agian, badaude halako joera elitista batzuk, kultur arloan eta maila intelektualean batez ere, garatuagoak ziren ideia eta jarrerak gogokoago izatera eraman nautenak, nire ustez.

Zure liburuan diozu frankismoaren kontrako borrokaren ingurumarian badagoela «euskal herria komunitate gisa» eraikitzeko prozesu bat, eta garai hartan komunitate hori hegemoniko izatera ere iritsi zela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Horrekin saiatzen naiz gertatzen ari zen zerbaiti izena jartzen. Orduan egon zen bat egite moduko bat askotariko indarren, taldeen, mugimenduen eta jendearen artean, helburu bakar baten inguruan: frankismoa eraistea, alegia. Egoera hori ez zen batere ohikoa izan. Ez zen mobilizazio hutsa, hori une jakin bateko kontua izan daitekeelako, zerbait iraunkorragoa baizik.

Zer da bat egite egonkor eta egituratu hori? Nik horri batzuetan komunitate deitzen diot, baina uste dut herria terminoak indar handiagoa duela, badagoelako herri kontzientzia bat, kolektibitate baten partaide izatearen sentimendua. Herria hitzak izan ditzake nazio konnotazioak, baina ez naiz horretaz ari.

Eta uste duzu komunitate hori hegemoniko izan zela?

Komunitate egonkor eta egituratu horrek sekulako indarra izan zuen, eta nire tesia da horrek denboran gehiago iraun izan balu trantsizioan aurreko egoerarekin gertatutako haustura are indartsuagoa izango zatekeela. Hipotesi bat da, jakina, eta kontrakoa ere egin liteke: alegia, demokraziarik ez zegoenez, eta asmo kolektibo horiek bideratzeko alderdi politiko legezkorik ez zegoenez, jendeak egitura bateratzaile haietara jotzen zuela, baina hori desagertzera kondenaturik zegoela askatasun demokratikoak agertu bezain pronto. Litekeena da, baina nik nireari eusten diot.

Zergatik hondatu zen hegemonia hori? Izan ere, begien bistakoa da komunitate horrek ez zuela indar nahikorik izan garai hartako hainbat aldarrikapen gauzatzeko.

Batez ere, subjektua aldatzen da. Herri edo komunitate dei dezakegun subjektu bateratzaile horretatik alderdi eta sindikatuen arteko lehiara pasatzen da. Alderdiak eta sindikatuak legeztatu ostean, agertzen diren estrategietako asko ez daude aldaketa soziala eragitera bideratuak, eta hauteskundeen bidez boterea hartzea dute helburu.

Bizkaian antifrankismoan aritu zirenen zerrenda argitaratu duzu liburuan. Ia 4.000 lagunen izenak agertzen dira.

Frankismoaren kontra aritu zen mugimendu hartaz ari bagara, gutxieneko aitortza da behintzat esatea horiek nortzuk izan ziren. Eta, aldi berean, hortik zehar dabilen teoria bat errefusatu nahi nuen: alegia, frankismoaren kontra lau katu baino ez zirela aritu borrokan. Ez da egia: jende mordoa ibili zen horretan.

Zein bide erabili duzu zerrenda egiteko?

Buruhauste handiak eman dizkit. Garai hartako erakunde eta mugimenduetako jendearekin hitz egin dut, eta, horrela, apurka-apurka osatu dugu zerrenda, baina, 4.000 inguru agertzen diren arren, badakit jendea falta dela, liburua argitaratu ondoren esan egin didatelako. Eta Bizkaikoa baino ez dugu egin, gainerako herrialdeetako zerrendak egitea gure ahalmenetik kanpo zegoelako erabat. Kasu hauetan normala den moduan, beste batzuen kexa kontrakoa izan da: alegia, norbait falta dela baino gehiago, ea zergatik sartu dudan urlia edo sendia, horiek bere garaian oso gutxi egin omen zuten eta.

Edozein moduz, zerrenda hau lehenengo hurbilketa baino ez da. Gustatuko litzaidake, hau oinarri hartuta, ni baino historialari trebeagoek lan zehatzagoa egin ahal izatea, uste baitut jende horrek aitortza merezi duela

2015/11/23

AZAROAK 28, AMNISTIA ALDARRIKATZEKO MANIFESTAZIOA BILBON

"...militante politikoak dira eta pentsatzen zutenarekin koherenteak izateagatik daude preso, deportatuta ala ihesean. Militante hauek hamarkadak bizirik daramatzan eta oraindik ere milaka eta milaka jarraitzaile dituen kultura politiko baten parte dira. Hortaz, errez ondoriozta daiteke militante politiko hauek etxean libre ez dauden bitartean gatazka ez dela konponduta egongo."                         
  

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

                      Kartzeletako harresien beste aldean sakabanaketa, isolamendua, bizi osorako zigorrak, irainak, jipoiak, intimitatearen urraketa, komunikazioetan murrizketak, deserriratzea, bakardadea, tortura eta heriotza. Hori da euskal preso politikoek 55 urtetan zehar Espainiako eta Frantziako estatuen partez jaso dutena. Biolentzia honen aurrean preso politikoek elkartasunez, duintasunez, ausardiaz eta borrokaz erantzun egin dute, beti borrokaz.


Gure herriaren mugetatik kanpo eta batzuetan gure herrian bertan jazarpena, mehatxuak, bahiketak, atxiloketak, estatuen gerra zikina, tortura eta heriotza. Hori da 55 urtetan zehar iheslari eta deportatu politikoek Espainiako eta Frantziako estatuen partez jaso dutena. Biolentzia honen aurrean deportatu eta iheslariek tinkotasunez, inteligentziaz, eskuzabaltasunez eta borrokaz erantzun egin dute,  beti borrokaz.



Eta egoera krudel hauen aurrean beti mobilizatu izan den Euskal Herria daukagu, herri zaharra, txikia, irmoa. Espainiako eta Frantziako estatuen errepresio nazional eta sozialaren gainetik bizirik dirauen herria, zapalkuntzari borrokaz aurre egin dion herria, beti borrokaz.


Gauza asko aldatu dira Euskal Herrian Franco hil zenetik eta baita azken sei urteetan ere, baina errepresioari eta zapalkuntzari dagokionez 1975ean ainguraturik jarraitzen dugu. Errepresaliatu politikoak borrokara bultzatu zituzten arrazoiek, hots, zapalkuntza nazionalak eta sozialak, indarrean jarraitzen dute eta iheslari, deportatu eta preso politikoak ez dira iraganeko kontua. Gaur egun 450 euskal preso politiko inguru gelditzen dira, haien artean 30 urteko espetxealdiak gelditzen zaizkien hainbat.  Beste batzuek, ordea, etxera itzuli ezinik jarraitzen dute atxilotuak izan litezkeelako.


2015/10/26

JOSU OZAITA ANTROPOLOGOARI ELKARRIZKETA EUSKERA HITANOAI BURUZ

"Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. "

Hitanoak gaur egun bizi duen errealitatea Tolosaldeko gazteen prismatik ikertu du Josu Ozaita Ibarrako antropologoak. 18 eta 28 urte arteko eskualdeko gazteekin elkartu eta hitanoari buruz duten ikuspegia bildu du, “Hurbilpen bat: Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzio, diskurtso eta praktikara” izeneko azterketan. Ikerketak hainbat ondorio ateratzeko balio izan dio. Bere iritziz, azken hamarkadotan euskararen alde «lan handia» egin da, eta «izugarrizko bultzada» izan du, baina ez da gauza bera gertatu hitanoarekin. Garrantzirik ez zaiola eman eta ez dela bultzatu uste du. Eta ez hori bakarrik: zenbait kasutan «baztertua» izan dela dio. Horren erakusle da, bere esanetan, hitanoaren inguruko ikerketarik ez egotea edo eskualdean hitanoaren erabilera zenbatekoa den ez jakitea. Horrek guztiak hitanoaren prestigioan zeresana du, Ozaitaren ustez. Hala ere, hizkuntzaren adierazkortasuna bultzatu eta euskararen erabilera handitzeko baliabide aproposa delakoan da, «euskarari eskua sartu diogu toki guztietatik, bada hitanoaren berreskurapenean ere berdina egin beharko litzateke», dio.

GAUR8
 
Zerk bultzatu zaitu hitanoari buruzko ikerketa bat egitera?
Hainbat arrazoi izan ditut. Euskararen adituen argudioen baitan gauza asko irakurri eta entzun izan ditut hitanoari buruz: sekulako potentzialtasuna duela, gazte hizkerari pertsonalitatea ematen diola… Baina ideia horiek ez zirela garatzen iruditzen zitzaidan, batetik. Eta, bestetik, deigarria egiten zitzaidan errealitate bat ere bazegoen: nahiz eta euskara gure eguneroko hizkuntza izan, tarteka, lagun konkretu batzuekin, gaztelerara jotzen genuela, inkontzienteki, informaltasun eta freskotasun bila. Denbora tarte bat igarota, ohartu nintzen gazteleraren espazio hori hitanoak okupatu zuela. Baina guri ez digute hitanoa eskolan irakatsi, ez da ikasi dugun zerbait. Gero, ordea, kalean entzutean, erakargarri bihurtzen da. Hori zergatik gertatzen den jakin nahi nuen.
 
Zergatik Tolosaldean, eta zergatik gazteen artean?
Gazteek hitanoa gaizki erabiltzen dutela esaten da askotan, baina beraien iritzia eta egoera ez da kontuan hartu orain arte. Nik beraien ikuspegia jaso nahi nuen. Tolosaldean egin dut ikerketa, nire bizitokia delako eta, ikerketaren baldintzak kontuan izanda, egokiena zelako. Hamabi gazterekin egin ditut elkarrizketak. Generoa baloratuz, herri txiki eta handiak bereiziz eta adin tarteak kontuan izanda hautatu dut lagina.

Lagin hori nahiko txikia da. Azterketa zabalagoa eginda emaitza aldatuko litzateke?
Ziurrenik bai. Gerturapen bat izan da nirea, etorkizunean egin daitekeen ikerketa sakonago baten abiapuntua. Diskurtso eta erabilpen anitzak bildu eta mahai gainean jartzeko balio izan duela uste dut. Hala ere, beharra dago ikerketa handiago bat egiteko, baita Tolosaldean ere. Eta Tolosaldetik kanpo, are gehiago. Izan ere, Euskal Herrian errealitate anitzak bizi ditu hitanoak. Polita eta beharrezkoa litzateke lurralde guztiko errealitate ezberdinak bildu eta aztertzea. Hala ere, zaila da honen inguruko informazioa lortzea, ez baitago. Ikerketa batzuk egin izan dira, baina hizkuntzalaritzaren esparrutik, batez ere. Antropologiaren bitartez ikertu nahi nuen nik hitanoa.

Hitanoa gutxietsia izan dela da ikerketaren ondorioetako bat. Hori uste duzu?
Bai. Euskararen inguruan diru asko inbertitu da azkenaldian, baina ez zait iruditzen hitanoa bultzatzen denik. Azken urteotan batuaren ezagutzan eta hedapenean egin da lanketa berezia euskalgintzako alor ezberdinetatik. Beharrezko lana izan da, noski. Baina bada garaia alboratuta geratu diren beste elementu batzuk hartu eta beren balio eta indarraren inguruan hausnartzeko. Hezkuntzan oso gutxi landu da hitanoa eta metodologia oso zaharkituekin, euskalgintzako eragileek ez dute erabilpenerako apustu bezala ikusi, instituzioetatik ez da inbertsio ekonomikorik egin, zenbait euskal hiztunen partetik alboratua ere izan da… Horregatik diot hitanoa gutxietsia izan dela. Eman zaion garrantzia gutxiarekin iraute hutsa harrigarria da, eta hori indar berezi bat duelako da.

Zein presentzia du hitanoak gaur egun? Bere erabilera ugaritu edo murriztu egin da azken urteotan?
Ezin daiteke zehatz jakin. Guk ez dakigu zehazki non erabiltzen den, ehuneko zenbatek egiten duen... Neurtzen ez bada, estatistiketan azaltzen ez bada, desagertzen ari den pertzepzioa du jendeak. Baina Tolosaldean, adibidez, uste baino indar handiagoa du. Nahiz eta ez den bultzatzen, esan daiteke hitanoak presentzia nahiko handia duela gure eskualdean. Indarra badu ere, gazteek oso eremu zehatzetan soilik erabiltzen dute.

Archivo del blog