antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




Mostrando entradas con la etiqueta errefuxiatuak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta errefuxiatuak. Mostrar todas las entradas

2016/12/29

ERREFUXIATUAK ETA EUROPAR BATASUNA: LORETTA NAPOLEONI KAZETARIARI ELKARRIZKETA Saioa Baleztena

"EBk migrazio mugimenduak kontrolatzeko Turkiarekin egindako akordioa tragedia bat da eta tamalgarria. Gainera, hitzarmena ez dago erabat itxita, Europak blokeatu egin baitu. Ez da dirurik transferitu, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak argi utzi du turkiarrei paperik gabe Europan sartzeko biderik ematen ez bazaie mugak irekiko dizkiela errefuxiatuei. Turkiarekiko itunak, zalantzarik gabe, jihadisten belaunaldi berri bat sortuko du."
 
Loretta Napoleoni (Erroma, 1955) ekonomialaria, kazetaria eta nazioarteko politikako aditua da. Errefuxiatuen krisia sakon aztertu du bere azken liburuan, eta pertsona-trafikatzaileen negozioez solastatu da BERRIArekin. Traficantes de personas: El negocio de los secuestros y la crisis de los refugiados (Pertsona-trafikatzaileak: bahiketen negozioa eta errefuxiatuen krisia) berriki aurkeztu du, Bartzelonan. Hamar urte eman ditu liburua idazten, berezko duen estilo zorrotzean eta zuzenean, eta kazetaritza lan kritikoa osatu du. Europako Batasunaren etorkizuna ezkor ikusten du, eta aukerarik hoberena desegitea dela aitortzen du. Brexit-a gertutik bizi izanaren eragina izan daiteke; Italian jaio den arren, Londres du bizitoki.

Zure salaketa irmoa da. Gobernuek jihadismoa ordaintzen dutela diozu. Nolakoa da harreman hori?

Jihadistek azpiegitura jartzen dute; kriminalek bahiketa egin, eta gobernuak bahitutakoak aske uzteko zerga ordaintzen dute. Diru hori, beraz, zuzenean doa jihadisten eskura. Jihadistek baliatzen dute azpiegitura, eta haiek dira kriminalei bahituak erosten dizkietenak.

Europan erraza al da pertsonekin trafikatzea?

Munduko gainontzeko tokietan baino errazagoa, zalantzarik gabe. Negozio hau Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan dago gehien garatuta. Baina egia da Europan errazagoa dela, sistemak berak ahalbidetzen duelako. Gainera, itsaso bidezko ibilbide bat baino gehiago dago, eta, oso arriskutsua den arren, hamaika aukera daude sartzeko, batetik ez bada bestetik.

Zein dira pertsona-trafikatzaileak?

Gaur egun, Europako pertsona-kontrabandista gehienak errefuxiatuak dira. Euren jatorrizko herrien miserietatik ihes egin, eta negozio horretan murgiltzen dira. Kriminalen sare bat da, gehienbat Europatik kanpokoek osatua, baina tartean aurki daiteke europarren bat edo beste, euren xedea babesten duena.

Ba al dago harremanik kontrabandisten eta jihadisten artean?

Bai, noski. Jihadistek lurralde eremua kontrolatzen dute, eta kontrabandistek zerga bat ordaintzen dute eremu hori gurutzatzeko. Batak elikatzen du bestea.

Zein iritzi duzu Europako Batasunak migrazio mugimenduak kontrolatzeko Turkiarekin egindako akordioaren inguruan?

Tragedia bat da, eta tamalgarria iruditzen zait. Gainera, hitzarmena ez dago erabat itxita, Europak blokeatu egin baitu. Ez da dirurik transferitu, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak argi utzi du turkiarrei paperik gabe Europan sartzeko biderik ematen ez bazaie mugak irekiko dizkiela errefuxiatuei. Turkiarekiko itunak, zalantzarik gabe, jihadisten belaunaldi berri bat sortuko du.

Europara aurten etorri diren errefuxiatuen kopuruak behera egin duela diote. Ez al da beste datu manipulatu bat?

Erabat, eta nik ez dut sinesten. Behera egin du errefuxiatu ofizialen zenbatekoak; izan ere, badira hainbat eta hainbat errefuxiatu Europara iritsi eta inongo erregistrorik egiten ez dutenak, euren herrialdera bueltan bidaliko dituzten arriskua ikusten dutelako. Beraz, errefuxiatuen arazoa eten dela esaten duena gezurretan dabil.

Kazetaritzak zein rol eduki beharko luke egoera honetan?

Hedabideek munduan gertatzen denaz, hots, errealitateaz solastatu beharko lukete. Arazoa da kazetaritzak gaur egun ez duela baliabiderik horretarako. Ez dugu dirurik kazetariak ikerketa sakonak egitera bidaltzeko, eta, gainera, jendeak ez du prentsa ofiziala irakurtzen. Jendeak orokorrean jasotzen du sarean dagoenaren berri, eta horregatik dago desinformatuta.

Tira, 2017aren atarian, nola ikusten duzu Europa?

Oso gaizki. Krisi sakon batean murgilduta dago Europako Batasuna, eta 2017an egoera are larriagoa izango da. Frantzian hauteskundeak egongo dira, eta Marine Le Penek erreferenduma egingo du Europatik ateratzeko. Urte garrantzitsua izango da EB mantendu edo desegiten den ikusteko.

Zein da irtenbidea?

Zintzoa izango naiz: ez dut irtenbiderik ikusten. Aukera bakarra desegitea da. Globalizazioa hil egin da, eta nazionalismoa eta protekzionismoa goraka doaz. Europa, hein batean, globalizazioaren inguruan eraiki zen, eta, beraz, hura hiltzen den heinean akabatzen da EBren zentzua ere. Aukera bat da 1989 aurreko hitzarmen ekonomikora itzultzea, baina ez dut uste hala gertatuko denik. Okerra izan zen ekialdeko herrialdeak EBn sartzea…

Horren ondorioa da, hein batean, brexit-a. Espero zenuen?

Jakina, eta sekulako aukera iruditzen zait Ingalaterrarentzat. Zertarako izan existitzen ez den Europako Batasun bateko kide? Ingelesek luzaroan irabaziko dute!

Ezkorra zara etorkizunari begira. Europatik haratago nola ikusten duzu mundua? Zer duzu esateko Donald Trumpen garaipenaz?

Trumpen garaipenak herriaren eta elitearen arteko apurketa berresten du, baina bitxiena da bera elitearen parte dela, aberatsa oso, eta elitearen aurkako programa faltsu baten bitartez irabazi dituela hauteskundeak: aginteko elitearen aurkako mezu populista erabili du, bera talde horretakoa izanik. Gakoa izan da sozialismoaz ez dela hitz egin, eta horrek eman dio irabazteko giltza, zalantzarik gabe. Espainiako M-15aren mezua lapurtu du.
 
Iturria:

2016/12/19

MOBILIZAZIOAK ETA ELKARTASUN NEURGAILUAK: GUDAREN NARRATIBAREN BULTZATZAILE Oxandabaratz

"Orain badirudi gerrak errefuxiatuak sortzen dituela, baina soilik gerrak bestelako biraketa egin duenean. Artean, ez zegoen gudaren kontrako protestarik, eta ezta ere guda probokatzen zenbiltzanen kontrako adierazpenik, ez NATOri errebeldeak armatzen utz zizan."
 
                  Azken astean, bi mobilizazio mota izan ditugu Euskal Herrian. Alde batetik Alepo askatzearen inguruan “Gerrarik Ez!” lelopean egin ziren kontzentrazioak, Ongi Etorri Errefuxiatuak kanpainaren ikurrak erabiliz; eta bestetik, larunbat honetan hainbat erakundek “Gora Kurdistan!” lelopean deitu duen manifestazioa.
 
Deigarria izan zait doinu ezberdintasuna. Alde batean, doinu “neutroa” (?): gerrarik ez, gerrak sufrikarioa besterik ez dakar, gerrak jendeak errefuxiatu beharra dakar, gerra tragedia bat da. Gogoan dut duela hilabete batzuk errefuxiatuen krisiaren epizentroa Siriako Gudan jartzen genuenok, “konspirazionista” bezalakoak entzun behar izan genituela leunenean, eta gogorrenean, xenofobiaren edota Fronte Nazionalaren bidaide ginela, erabatekoa behar zuen erruki hori erlatibizatzen genuelako, gure agenda promozionatzeko erabiltzen genuela eta abar. Orain badirudi gerrak errefuxiatuak sortzen dituela, baina soilik gerrak bestelako biraketa egin duenean. Artean, ez zegoen gudaren kontrako protestarik, eta ezta ere guda probokatzen zenbiltzanen kontrako adierazpenik, ez NATOri errebeldeak armatzen utz zizan. Ez digute esaten adibidez, Siriako populazio gehiena Assadek kontrolatutako zonaldeetan bizi denik (urtarrilean, azken aurrerakaden aurretik, populazioaren %67), ezta ere, Sirian bertan, “errebeldeek” kontrolatutako zonaldeetatik Assadek kontrolatutako zonaldeetara jendeak nola ihes egiten zuen (2015eko beste iturri bat hemen, konparatzerik besterik ez dago 2015 eta 2016an nola hazi zen desoreka): 2016eko urrian Eki Alepon, soilik 30 edo 40 mila pertsona geratzen ziren, Mendebaldeko Alepon milioi eta erdi (NBEren datuen arabera), zirelarik. Hots, ez ziguten esan errefuxiatuak nork sortzen zituen. Azkenik inperialismo humanitarioaren beste itzuli bat izan dugu: sarraski faltsuen bidezko xoka, Alepon Siriar Armada Arabiarrak hilketak egiten omen zituela. Kanpaina hau ez dator bat errealitetan ikusi izan dugunarekin: bertan egon diren kazetariek, Eva Bartlett kanadiarrak kasu esan dute “Eki Alepon ez dagoela giza-erakunderik, errebeldeen propaganda erakundeak ez badira” (tartean White Helmets eta GARAk hainbeste aipatzen duen “Siriako Giza Eskubideen Behatokia” aipatu ditu propaganda-zerbitzu gisa), beraz istorio horiek propagandaren parte direla. Izan ere, ez datoz bat ez askapenaren aurretik Eki Alepon dagoen populazio baxuarekin, ez hiritaren poza adierazten zuten irudiekin, ez Siriako Armadak izan duen aurrerapen erritmoarekin (ezinezkoa da hiriko 45 kilometro karratu hamar egunetan bertako populazioaren laguntzarik gabe askatzea), ez ebakuaziorako korridoreak proposatu izanarekin. Interesgarria da baita ere, kanpaina hau nork hasi duen jakitea: Lina Xami jihadista, eta Chicagoko CBSko kazetari bat eta Alderdi demokrataren aldeko publizista bat (Becky Carrolli buruzko informazio gehiago hemen) Bestetik aipatu beharra dago White Helmets “inpartzialen” papera, Alepon bat bera ere ez dute ikusi errebeldeen erretiratzean zehar. Ez al dute lanik, edo euren kideekin egin dute ihes?

2016/11/04

ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK Asier Blas

"Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin"
 
XX. mende hasieran nazioarteko mugimendu sozialista gerraren aldeko eta kontrakoen artean zatitu zen. Mende bat beranduago gauzak ez dira gehiegi aldatu. 2003ko gerraren aurkako mobilizazioak oso handiak izan ziren. Mundu osoan milioika pertsonek hartu zituzten kaleak Irakeko inbasioaren aurka protestatzeko. Atzean geratu zen Mendebaldeko ezkerraren parte handi batek izan zuen jarrera inperialista, 1999an NATOk Jugoslaviaren aurka egin zuen gerra ilegala babestuz.  
 
Ordutik AEBek asko ikasi du. NATOko kideen esku-hartze inperialistak ugaldu egin badira ere, ez dute errepikatu Irakeko akatsa. Nazioarteko legeak hausten jarraitzen dituzte bonbardaketekin eta unean uneko inbasio militarrekin, baina orain kontrolatu nahi dituzten herrialdeen aurkako erasoetan delegaturiko (proxy) gerrek irabazi dute protagonismoa. Hamarnaka milaka atzerritarrek borrokatu zuten Libiako estatu soberanoaren aurka eta hamarnaka milaka ari dira Siriako estatu soberanoaren aurka. Qatar, Saudi Arabia, Israel, Turkia, AEB, eta NATOko herrialdeen inplikazioa Ekialde Hurbileko gerretan sekulakoa da, noizbehinka Al Qaeda eta ISIS laguntzen edota zuzenean edo zeharka armatuz. Modu batera edo bestera, Clark jeneralak, McCain senatariak edo Hillary Clintonek ere onartu dute. Ez da berria inperialismo angloamerikarrak muturreko islamismoa erabiltzea, mendeak daramatza hori egiten.
 
Halere, orain ehun urte bezala, Mendebaldeko ezkerrean jarrera inperialistak hartu du hegemonia. Honen arabera, gure sistema politikoak munduko guztien gainetik daude, gu gara eskubide indibidualak, askatasun zibilak eta demokrazia behar bezala gordetzen ditugunak. Garai batean jaungoikoa edo garapen sozioekonomikoa eramateko aitzakiapean herrialdeak inbaditu eta kontrolatzea justifikatzen zen bezala, orain ezker hegemonikoak joko bera egiten du demokrazia eta askatasun zibilen mantrarekin. Kasu batzuetan Mendebaldeko herrialdeetan inperialismoaren propaganda masiboaren abangoardia bilakatu da, frogak eta protagonisten adierazpenak sinetsi gabe eta erasotzaileak eta eraso jasotzaileak (bide batez, nazioarteko legedia hausten ez dutenak) parekatu nahian.
 
Milaka pertsona batzuk mobilizatu eta bizpahiru astetan armak eta milaka borrokalari lortu ditzaketela sinetsarazi nahi digute, nahiz eta aldi berean sinetsarazi nahi diguten munduko “diktadura lazgarrienetako” batean gertatzen dela hori. Ez da inuzentekeria, kopeta handia dute. Esplika diezagutela bestela nola den posible inperialismorik gabe Qatarreko biztanleen aztarna ekologikoaren batez bestekoarekin bost planeta behar izatea eta AEBetako biztanleenarekin lau behar izatea. Hau horrela da munduko baliabideak kontrolatzen dituztelako eta hori lortu ahal izateko herrialde soberanoak suntsitu eta beraien kontrolpera eramateko edozer egiteko prest daudelako.
 
Hori bai, bitartean kontzientziak lasaitzeko ezkerra “Gerrarik ez” oihutik “Ongi etorriak errefuxiatuak” lelora pasa da. Horrela XXI. Mendeko Caritas berriaren antzera aritzen da, noski, errefuxiatuei behar bezalako harrera egin behar zaie, baina horiek ez dira meteorologiazko fenomeno baten ondorioa, Mendebaleko herrialdeen eta bere aliatuen estrategia inperialista baten ondorio baizik. Une zehatz batean pobreziari aurre egiteko limosna beharrezkoa izan daiteke, baina ez bada esplikatzen zergatik gertatzen den,  eta ez bada borrokatzen egoera iraultzeko, betikotu daiteke. Herrialde bat suntsitzea eta populazioz hustea drama humanitarioa izateaz gain, herrialde horren soberania ostu eta bere garapen sozioekonomiko eta kulturala oztopatzeko biderik eraginkorrena da.

Iturria:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2528/ongi-etorri-errefuxiatuak

Archivo del blog