Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentzia






2010/02/20

Facebook

"Kontrol erabatekora bideratutako tresneria gure arnas bihurtzea lortu dute. Ez dakigu telefonorik gabe egoten, Internet gabe bakartuta eta bakarrik sentitzen gara eta beraiek jada ez dute gure atzetik ibili beharrik."



Xabier Silveira bertsolaria
GARA


Zipaioak, pikoloak, maderoak eta Facebook. Eta horrela ezin leike hemen ibili, ezin leike hemen bizi...
Sarea txakur festa bat dela esatea ez da gauza berria, baina ez da horregatik esan gabe utzi beharrekoa. Aspaldi idatzi nuen MSNk eskaintzen duen messenger zerbitzua guztiz zaurgarria zela; (zaurgarri: vulnerable. Badaezpada ere). Adibide argia izan zen ni Altzan bertsotan nenbilela nire erabiltzailea martxan jarri eta norbait lagunen galderetatik ihesi ibili zenekoa. Eta ez nintzen ni, noski! Esaten da ere irteten den e-mail oro iritsi egiten dela eta, beraz, niri bidalitzat eman badit eta zuk jaso ez baduzu, norbaitek ezabatu duelako dela.

Baina horiek guztiak txorakeriak dira sare sozialek sortu duten egoera absurdo bezain arriskutsuarekin konparatuz gero. Imajina ditzakezue zuen buruak, zuen lagunak, astean hiruzpalau aldiz kuartel edo komisaria hurbilenera joan eta bezperan egindakoa kontatzen? Zein zeinen laguna den eta nor norekin haserretu den esaten? Azken parrandako argazki bilduma entregatzen? Horrek, hemen, orain gutti arte behintzat bai, prezioa izaten zuen.
Oraintxe bertan, aurreko lerroa idatzi eta hurrengoari zein forma eman nenbilela ikusi dut CNN Plus-en azken atxilotuen Facebook orriekin egiten ari direna. Ba horixe eta bera, baina egunero. Auskalo zenbat pertsonak egiten duen lan Facebook, Twenti eta gisa horretako webguneak zelatatzen. Gaitz erdi enpresa erraldoien erosle profilak osatzeko besterik ez balitz!
Komunikaziora bideratutako teknologia ez dut uste gure mesederako jarri digutenik hain eskuragarri. Militarrek asmatu zuten Internet eta arrazoi militarrak baizik ez daitezke egon edonondik telefonoz hitz egiteko beharraren atzean. Hori bai, dagoeneko gure ezinbestekoen artean ditugu nola bata hala bestea.
Kontrol erabatekora bideratutako tresneria gure arnas bihurtzea lortu dute. Ez dakigu telefonorik gabe egoten, internet gabe bakartuta eta bakarrik sentitzen gara eta beraiek jada ez dute gure atzetik ibili beharrik. Dena eginda ematen diegu, dena txukun-txukun, ongi uler dezaten, detailerik galdu gabe.

Beste gai bat tarteko, sarritan hitz egin da erabilera egokiaz. Uste dut honen inguruan ere hobe genukeela hausnarketa sakon bat egitea. Baina ez bakarrik poliziaren jazarpenaren inguruan.
Atzo Lander Garrok egunkari honetan idazten zuen bezala, interneti esker desastre bat bestearen atzetik bulkatzen ari gara. Sortzaileen eskubideak izan edo izan kazetarien lana, doan edo merkeago erostearen uste faltsuan gure herriari min ikaragarria egiten ari gatzaizkio. Zergatik dugu nahiago Telefonica-ri dirua eman herrietan langile direnei baino? Zergatik uste dugu internet guztia dela eta guztia interneten dagoela? Zergatik da dena hobea gezurrezkoa denean?

Lagun batek esaten duen bezala, internet ez da paradisua, kaguendios!

Archivo del blog