Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentzia






2012/07/12

Jaiak bai, drogak ere bai?

"Droga menpekotasunaren aurkako borroka, askatasunaren eta zapalkuntzaren aurkako borrokaren atala baino ez da, droga menpekotasunak gure eguneroko bizitzan eta zer esanik ez jaietan izugarrizko eragina duelako"

Joseba Alvarez, Ezker Abertzaleko kidea
Pintxogorria

Droga menpekotasunaren arazoa gero eta ageriagoa da bizi dugun jendarte ereduan, eta zer esanik ez, gure herrietako jaiak ospatzen ditugun une hauetan. Urtero antolatzen ditugun auzo eta herri jaietan, gure jai eredu alternatiboa bideratzeko zenbait atentzio gune zaintzen ditugu, hala nola euskararen presentzia, eraso sexisten bazterketa, herritarren parte hartzea… Eta drogaren kontsumo neurrigabe eta basatiaren aurrean zer? Ez al dugu ikusten nolako egoera sortzen eta indartzen ari den gure jaietan?




Eta ez naiz sartuko betiko eztabaida antzuan, hala nola drogak bai ala ez, droga legalak ala ilegalak, bigunak ala gogorrak, sortzaileak ala alienanteak… ondorioak ezberdinak direla jakin arren. Droga menpekotasunaz ari naiz, zein-nahi delarik droga mota.



Zibilizazio bakoitzak bere drogak izan dituela gauza jakina da, baina esaten ez dena da zibilizazio horiek onartutako drogek, besteak beste, funtzio sozial jakin bat bete izan dutela, botere ekonomiko, politiko eta kulturalaren jabe izan direnen gizarte ereduaren alde jokatzea gehien-gehienetan, kontsumitzaileak horretaz jabetzen ez diren arren. Halaxe da gaur egun Euskal Herrian ere.



Euskal Herrian sinesmen paganoei, jaiei eta ohiturei lotutako bertako droga haluzinogenoak nagusi izan genituen. Erromatarren etorrerak eta kristautasuna gure herriko agintarien munduan nagusitzeak droga berria indartu zuten gure herrian; alkohola, alegia. Droga sintetikoak, berriz, 60ko hamarkadatik aurrera nagusitu ziren intentzionalitate politiko osoarekin. Eta XXI. mendean egoera ez da errotik aldatu, drogaren kontsumo neurrigabea, droga legalak izan ala ez, agintean daudenek inposatzen diguten jendarte ereduaren alde erabiltzen duten tresna da. Kontrako efektua izango balu, inork uste al du botere politiko eta ekonomikoak mota guztietako drogak gure auzo eta herrietan hain erraz barreiatzen utziko luketenik? Eta gu, kolaboratzaile bihurtu al gara? 



Gure auzo edo herriko jaietan, droga kontsumo neurrigabea dela medio (ala ez), taberna batean edota kalean pertsona baten aurkako eraso sexista txikiena gertatzen bada, erantzuna berehalakoa da: zero tolerantzia, eta kito! Bikain. Baina une berean taberna edota kale berean droga, legala izan ala ez, neurri gabe (baita gazteenei ere) banatzen, saltzen eta kontsumitzen dela ikusten dugunean, nolakoa da gure erantzuna? Zero tolerantzia ala tolerantzia osoa? Egia da drogaren presentziaren eta trafikoaren arduradun nagusiak, etekin handiena eskuratzen dutenak, agintean dauden klase politiko eta ekonomikoak direla, baina gure aldetik ez dut uste erantzunik egokiena ematen ari garenik. Drogazale kopurua eta drogekiko menpekotasuna areagotzen ari da Euskal Herrian, eta ez dut uste horrek zerikusirik duenik bideratu nahi dugun euskal jendarte ereduarekin.



Horrexegatik, droga menpekotasunaren aurkako borroka Euskal Herrian ezin da neutroa izan. Droga menpekotasunaren aurkako borroka, askatasunaren eta zapalkuntzaren aurkako borrokaren atala baino ez da, droga menpekotasunak gure eguneroko bizitzan eta zer esanik ez jaietan izugarrizko eragina duelako. Ez ikustea itsua izatea da, edota ikusi nahi ez izatea.



Arazo nagusia, beraz, ez datza, hein handi batean, behintzat, nola edota zein droga mota kontsumitzen dugun, baizik eta droga menpekotasunari aurre egiteko dugun jarreran, drogaren errealitatearen aurrean dugun tolerantzia mailan. Gertakari horrek borroka ideologikoaren alorrean dugun hutsune ikaragarria azpimarratu baino ez digu egiten. 



Faktore askok eragiten dute droga kontsumoan edota droga menpekotasunaren errealitatean: giza faktoreak, faktore kulturalak, hezkuntzari dagozkionak, sozialak, ekonomikoak, pertsonalak, kolektiboak… Arazoa korapilatsua da, beraz, zalantzarik gabe. Ez dago bat-batean konpontzerik, baina sozialki eta politikoki oso larria litzateke gaiari ez heltzea, ez ikusiarena egiten segitzea; batez ere, gazteriarengan duen eragina kontuan izanik. 



Gutxienez hiru erantzun ezberdin bideratu beharko genituzke. Alde batetik, drogaren trafikoari begira eginikoa, hau da, banatzaile nagusiei eta txikiei, distribuzio sareei begirakoa. Bestetik, saltzaileei begirakoa, gure auzo eta herriko taberna eta txoko guztietaraino sartzen zaizkigunak, milaka saltzaile txiki ezagun horiei begirakoa, alegia. Eta, azkenik, garrantzitsuena, prebentzioari begira eginiko lana, hezkuntza mailakoa, borroka ideologikoaren esparrukoa…



Duela hamarkada batzuk, besteak beste, hil zitzaigun Txus Congil lagunak droga menpekotasunaren aurkako borroka bere gain hartu zuen Askagintza izeneko herri erakundea sortu zuen, droga menpekotasunen aurkako borrokan oinarrituriko erakundea. Bi lan nagusi garatu zituen: prebentzioa eta salaketa. Uste dut horrelako zerbait berriz antolatzen hasteko unea iritsi dela.



Bitartean, eta gaurdanik, gure herriko edo auzoko jaietan has gaitezen gaia plazaratzen, kartelak jartzen, jai programetan droga menpekotasunaren aurkako lan ideologikoa egiten, kontsumitzen diren drogen kalitatea neurtzeko ekimenak martxan jartzen, arazoaz jabetzea lehen urratsa delako. Droga menpekotasunari ez! Jendarte osoak eskertuko digu.



Archivo del blog