Independentismoa-antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herria-kontrainformazioa-duintasuna-formakuntza-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-dialektika-iraultza-euskara-amnistía-nortasun nazionala-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak

2014/10/29

XXI. mendeko sozialismoa. Arnaldo Otegi euskal preso politikoari elkarrizketa

"...dugun fase historikoari erreparatuz, aspaldian ari naiz proposatzen —behar den denbora hartuz— mundu mailako ezkerrak Internazional berri bat eraikitzeko beharra eta presa duela. (...) gure espeziearen iraupena arriskuan jartzen ari delarik, mundu mailako estrategia jarri behar da martxan"

BERRIA

Elkarrizketa batean, esan zenuen sozialdemokraziaren helburuak defenditzea iraultzaileen zeregin bihurtzen ari dela gaur egungo Europan. Nola ikusten duzu egoera?
Ez gaude kapitalismoaren krisi zikliko arrunt batean. Dugunaren moduko krisiak kapitalismoaren historian hiruzpalau aldiz baino ez dira izan —XX. mende luzea liburuan G. Arrighik ongi azaltzen duen bezala—. Krisi horiek guztiek metaketa kapitalistaren ziklo oso baten amaiera eta berri baten hasiera iragarri izan dute. Eta ez dago soberan gogora ekartzea gerla handiekin bukatu izan direla.

Zer du berezi egungo krisiak? 
Krisi honek badu aurrekoen aldean berezitasun bat: kapitalismoaren agortzea ere iragartzen du, izan hainbat lehengairen agortzearen hasieragatik, izan klima aldaketagatik edo balizko konfrontazio nuklear batengatik. Beraz, jada, giza espeziaren beraren iraupena dago arriskuan. Ez dut apokaliptikoa izan nahi, baina munduan gertatzen ari diren hainbat gatazka —Ukrainarena, adibidez— edota Japoniaren berrarmatzearen aldeko erabakiak ez dute etorkizun lasairik iragartzen. Beraz, planeta mailako berrantolaketa ekonomikoa zein politiko-militarra da.


Nora goaz, orduan?
Krisiak ez du aterabide ekonomikorik, politikoa baizik. Orain oligarkia finantzario eta industrialak bere irabazte tasa handitzeko Ongizate Estatua desegin, diru publikoa xahutu eta esku pribatuetara eraman, eta lehengaien arpilatzeari zein gain-ustiatzeari ekin dio. Hori da haien eredua krisitik ateratzeko. Testuinguru horretan ulertu behar da sozialdemokraziak —iparraldeko ereduak hartuz— defendatu dituen hainbat neurri ekonomiko eta sozial egun iraultzaileak direla —sektore publikoaren defentsa, politika sozialak...—, besteak beste, oligarkiaren aurkako neurriak daudelako. Beraz, erradikaltzat gaituztenei zera esango nieke: errepasatu, adibidez, Suediako Alderdi Sozialistaren programa historikoa —80ko hamarkadakoa—, eta konturatuko zarete zertaz ari garen. Ez gara kea saltzen ari, nahiz eta garbi eduki sozialdemokraziaren —benetakoaren— programak ezin direla izan gure azken geltokia, baina bai berdintasunean eta justizian oinarritutako den gizartea eraikitzeko lehen geltokia sozialismorantz.

Sortuk sozialistatzat jo du bere burua. Zer da sozialista izatea 2014ko Europan?
Laburtuz, hauxe esango nizuke: gizaki ororen zoriontasunerako bizi baldintzekin konprometitua egotea, izan ekonomikoak, sozialak edo kulturalak. Protagorasek esandakoa balio bakartzat hartzea: «Gizakia da —hark gizona esan bazuen ere— gauza guztien neurria». Horrela, ekonomia gizakion beharrak asetzeko garatu behar da, eta ez gutxieneko hutsal baten metatze gosea asetzeko, kapitalismoak egiten duen bezala. Sozialista izatea gerlaren aurka eta bakearen alde egotea da, herrien askatasunaren alde eta inperialismoaren aurka. Eta gauza horien guztien gainetik printzipio etiko eta moral honen jabe izatea: munduan edozeinen aurka gertatzen den injustizia bat guri egina balitz bezala sentitzea. Munduko gizon eta emakume guztiek sendi unibertsala osatzen dugulako.

Eta Euskal Herriko ikuspegitik?
Sozialismoaz galdetzen denean —galderak asko pozten nau— oso ohikoa delako entzutea gure alternatiba sozioekonomikoak edo erokeriak direla, edo ateraldiak, edo beste eredu batzuetatik inportatuak (Kuba, Venezuela...). Horrek gure proposamenak desitxuratzea du helburu. Guk, aldiz, esan behar dugu Euskal Herrian modelo sozialista propioa eraiki behar dela, non euskal jendartearen ezaugarri kultural, soziologiko eta sozioekonomikoak kontuan hartu behar diren eta haietan oinarritu. Bigarrenik, esango dizuet gure iritziz kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa baino gehiago hil edo bizikoa dela gure giza espeziearentzat, baina garbi edukita hori ezin daitekeela egin egun batetik bestera, ezta herri bakar batean ere. Hori mundu mailan egin behar da, eta jendartearen oniritziarekin; ez dago beste modurik.

Lotura daukate burujabetza politikoak eta ekonomikoak?
Nire ustez, burujabetza politikoarekin batera burujabetza ekonomikoa berreskuratu behar dugu. Behin hori eginda, sektore publiko indartsu ahalik eta eraginkorrena eraiki. Sektore estrategikoetan —energia, kasurako— kontrol publiko eta demokratikoa berreskuratu. Jabego pribatua, halako kasuetan, jendarte osoaren zerbitzura jarriz. Hezkuntza eta osasun zerbitzu publiko eta unibertsala bermatu, horren kontrol herritarra eta demokratikoa indartuz, gizon eta emakumeen parekidetasuna bultzatuz eta errespetatuz... Finean, gizaki ororen zoriontasuna bermatzeko oinarri material zein kulturalak eraikiz.

Munduko ezkerraren egoeraz baikor zara?
Badira baikorrak izateko arrazoiak, baina baita kezkatzeko motiboak ere. Lehen aipatu dugun fase historikoari erreparatuz, aspaldian ari naiz proposatzen —behar den denbora hartuz— mundu mailako ezkerrak Internazional berri bat eraikitzeko beharra eta presa duela. Berriro diot: gure espeziearen iraupena arriskuan jartzen ari delarik, mundu mailako estrategia jarri behar da martxan: besteak beste, bakearen eta desarmatze nuklearraren alde; bigarrenik, klima aldaketaren aurkako dinamika pizteko, eta baita neoliberalismoari alternatiba oso bat emateko ere. Nola? Lehen aipatu kontzientzia unibertsal horren harira, Nazio Batuen berrantolaketa erradikala planteatu eta munduko nolabaiteko gobernantzarako tresna alternatiboak eraiki behar dira, munduko jendartearentzat erreferente etiko eta moralak direnekin osatuz. Adibidez, hilda badaude ere, Mandela, Rosa Parks eta oraindik bizirik diren Pepe Mujica, Al Gore, Malala Yousafzai, Desmond Tutu, Perez Esquivel eta beste Bake Nobel saridun batzuk... Betiere beren alderdien ikuspegitik ateratzeko gaitasuna eduki eta jendarte ororen interesak aurretik jarri dituzten hainbat politikari —Fidel Castro, Ibarretxe ere izan zitekeen— edota zinemagile —Oliver Stone—... Beraz, laburtuz, beharrezkoa kontzientzia unibertsal hori bultzatuko duen munduko kontseilua antolatu behar da Nazio Batuen berrantolaketa horretan. Halako proposamenei forma eman behar diegu, eta polita litzateke horretarako lehen lanak Euskal Herrian abiatzea, berriro ere frogatuko genukeelako txikia handia dela bere txikitasunean.

Espainian Podemosen sorrerak burrunba handia sortu du. Ikusten diozu etorkizunik mugimendu horri? Zer iruditzen zaizu egin dezakeen lana?
Nik Podemosen inguruan esan dezakedan guztia haien aurka erabiliko dutenez, oso zuhurra izango naiz erantzunean: badirudi haize berria dakarkigula.

Archivo del blog