La editorial Gatuzain es uno de esos proyectos de impulso al pensamiento crítico, indispensables en estos momentos, donde el neofascismo y el pensamiento único resurgen a ambos lados del Pirineo. Sarkozy o Garzón, los nuevos inquisidores:
GATUZAIN ARGITALETXEARI SUSTENGU DEIA
Duela aste batzuk 33 banku kontu blokatzeko agindua eman dute ipar Euskal Herrian. Zenbait prentsa artikuluen arabera, epaile espainiar batek hartu omen du erabakia, banku kontuak izozteko eskaera frantses epaile bati eginez. Norbanakoen kontuen blokatzeaz gain, hiru elkarterena ere blokatu dituzte, norbanako horietako batzuek elkarte horien diru mugimenduetaz arduratzeko prokurazioa baitzuten.
Elkarte horien artean, Gatuzain argitaletxea. Erabaki hori dela eta, bere baliabide materialak izoztu dira, bere ibilmoldea ia guztiz gelditua. Baina egoera are larriagoa da kontuan hartzen badugu banketxeak ez duela azalpen ñimiñorik eman nahi izan : « Ez dizuegu xehetasunik eman beharrik, epaile batek hartutako erabakia baita » diote bankuek. Prozedurak luzaz iraunen duen eta prozedura horretatik zer aterako den ez dakigunez, arriskuan jartzen dena argitaletxearen etorkizuna bera dela erran dezakegu.
Argitalpengintzako eragile garen aldetik, Gatuzain euskal kultur paisaiaren eragile aktibo gisa ezagutzen dugu. Propioa duen ildo editorialarekin bat egin ala ez, nehork ez du zalantzan ematen ahal ezagutza, hausnartze eta jolas tresnak publikoari eskaintzen laguntzen duela argitaletxe horrek. Eta hori baitezpadakoa da irakurketaren garaiotako krisi egoeran. Gatuzainari diru baliabideak kentzea bere jarduera kulturala izoztea da, bere idazleen adierazteko eskubidea kolpatzea da, irakurlegoari duen hautatzeko askatasunaren zati bat kentzea da. Kultur eta pentsamendu munduko eragile garen heinean, adierazpen askatasunaren urratze itxura duen neurri horrek zinez kezkatzen gaitu.
Ez dagokigu guri aginte judizialek hartu erabaki baten arrazoiak komentatzea. Hala ere, gizartearentzat mehatxu bat dela frogatu ezean, argitaletxe baten jarduera galaraztea hemen eta mundu osoan ideien trukatze librea urratzea dela azpimarratu nahi dugu. Horrela, Gatuzainen kontuen blokatzeaz gain, argitalpenen beraien kontra prozedurarik ireki ez izana da zinez harritzen gaituena. Deliturik – ez dugu ikusten zein izaten ahal den – leporatzen ahal bazaio Gatuzaini, zergatik banku kontuak bakarrik hunkitzen ditu erabaki judizialak? Neurria editore bat baliabiderik gabe uzteko hartu dela dirudi, editore hori diruz hiltzera kondenatuz, ordaindu ezingo dituen zorrek itorik. Gero beti izango da barkamena eskatzeko garaia, nahastu egin garela eta erabakia funtsik gabekoa zela aitortuz. Ez dezagun ahantz bestalde Gatuzaini errespetagarritasuna eta funtzio kulturala batek baino gehiagok aitortu dizkiotela, aski da ikustea bestela lurralde instituzio eta erakundeek erregularki luzatzen dizkioten diru-laguntzak.
Epaile baten balizko erabaki bat aitzinatuz bankuak erakutsi duen jarrera onartezina da. Horrelako erabakirik egonez gero, horren berri eman behar du bankuak; eta horrelakorik ez badago, Gatuzaini diru-mugimenduak egiteko eskubidea eman behar dio eta kalte-ordainak itzuli.
Eta bankuaren erranak egia balira, epaileen jokamoldea ere ezin genuke onartu. Prozedura judizialak – edonolakoak izanik ere eta zuzenbidearen aldetik justifikatuak izanik ere – beti dira erabaki larriak eta ondorio latzak dituztenak; ezin dira azalpen minimorik eman gabe eta errekurtso biderik utzi gabe aplikatu. Gatuzainen kasuan horrelakorik ez denez, neurri libertizidoaren itxura hartzen du erabakiak.
Erdi Aroan gutun zigilatuak erabiltzen ziren: edonor presondegian sartzen ahal zuten, bere ondasunak bahitu, printze batek hala erabakirik. Desagertu zirela uste bagenuen ere, garai hartako metodoak XXI. mendean ere erabiltzen direla ohar gaitezke. Guantanamon bahitu talibanek, Txinako erregimenaren aurkakoek, mundu osoan debekatutako liburuen autoreek... gaur egun horiek denek badakite zer leporatzen zaien. Eta beren burua defenditzeko nondik jo badakite. Gatuzainen kontra akusaziorik bada, epaileak bere burua defenditzeko eman behar dio editoreari. Akusaziorik ezean, hartu erabakia lehenbailehen ezeztatu eta damu-domaiak berak ere itzuli behar ditu.
Erdi Aroan gutun zigilatuak erabiltzen ziren: edonor presondegian sartzen ahal zuten, bere ondasunak bahitu, printze batek hala erabakirik. Desagertu zirela uste bagenuen ere, garai hartako metodoak XXI. mendean ere erabiltzen direla ohar gaitezke. Guantanamon bahitu talibanek, Txinako erregimenaren aurkakoek, mundu osoan debekatutako liburuen autoreek... gaur egun horiek denek badakite zer leporatzen zaien. Eta beren burua defenditzeko nondik jo badakite. Gatuzainen kontra akusaziorik bada, epaileak bere burua defenditzeko eman behar dio editoreari. Akusaziorik ezean, hartu erabakia lehenbailehen ezeztatu eta damu-domaiak berak ere itzuli behar ditu.
Nehor ez daiteke legeen gainetik pasatu, ezta epaileak ere; legeek denentzat berdinak izan behar dute. Eta Gatuzainen kontrako prozedura gehiegikeriazkoa dela frogatzen bada, inpunitate osoz hartutakoa edo, okerrago litzatekeena, bere ahotsa isilarazteko borondate politiko hutsez hartutakoa, Gatuzainek bere ondoan ukanen gaitu.
Puntu horien guztien inguruan xehetasunik ez dugunez eta adierazpen askatasunaren izenean, Gatuzainen kontrako neurri hori gogor salatzen dugu eta argitaletxeko kideei elkartasun osoa adierazten.
Baiona, 2008-ko ekainaren 5a.
No hay comentarios:
Publicar un comentario