antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2008/12/02

Xabier Makazagaren iritzi artikulua torturaz

Mikel Zabaltza hil zutela 23 urte pasatu diren honetan Makazagak idatziriko artikulua. Torturari egiaz aurre egin

Xabier Makazaga (Torturaren Aurkako Taldeko kidea)
Mikel Zabaltza 1985eko azaroaren 26an goizaldean atxilotu zuten, Idoia Aierbe bere neska-lagunarekin eta beste pertsona batzuekin batera. Handik egun batzuetara, Guardia Zibilak ihes egitea lortu zuela esan zuen -eskuburdinekin eta igerian jakin gabe Bidasoara jauzi eginez lortu ere, alajaina!-, eta 20 egun geroago «itota» agertu zen ibaian. Hain justu Gurutze Gorrikoek bezpera arte behin eta berriro inongo emaitzarik gabe miaturiko toki batean guardia zibilek gorpua «aurkitu» izanak eta gainerako atxilotuen testigantzek argi utzi zuten benetan gertatua: haiek bortizki torturatuak izan ondoren aske geratu ziren, eta Zabaltza, berriz, torturapean hil zen Intxaurrondoko kuartel beldurgarrian. Lasa-Zabala kasuan kondenaturiko Galindo jeneral ohiaren guardia zibilak izan ziren hiltzeraino torturatu zutenak, espainiar zerbitzu sekretuen barne-txosten batek onartu bezala. Hala ere, espainiar agintariek, bai PSOEkoek bai PPkoek, beti egin izan diote uko barne-txosten hori epaileen esku uzteari, hala egiteak Estatuaren segurtasuna arriskuan jarriko zuela argudiatuz, eta, horrenbestez, inoiz ez dituzte ezta epaitu ere egin torturatzaileak. Hogei urte geroago, bere heriotzaren urtemugan, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat egin zuen orduan gertatua gogoratuz eta justizia eskatuz Mikel Zabaltzarentzat eta haren senideentzat. Keinu txiki bat besterik ez zen izan, baina ezin uka garrantzia izan zuela. Dena den, agintari horiek beraiek uko egiten jarraitzen diote gutxienez antzeko keinu bat egiteari hura bezala torturatuak izan ondoren inongo justiziarik jaso ez duten beste milaka torturaturi, eta bereziki Ertzaintzaren biktimei. Horren ordez, behin eta berriro ukatzen dute duela urte gutxi arte Ertzaintzak tortura erabili ohi zuela Polizia eta Guardia Zibilak bezalaxe, eta horregatik egin ziotela luzaz uko, kosta ahala kosta, Arartekoak torturak eragozteko 1999an egina zien gomendio bat betetzeari: sei urte luze behar izan zituzten ezartzen ezin errazagoa zen neurri bat ezartzeko! Izan ere, Ertzaintzak inkomunikaturiko hainbat pertsonaren tortura salaketak jaso ondoren, Arartekoak zera gomendatu baitzuen 1999an: «Ertzaintza-etxe guztietan kontrol-sistema bat jar zedin, ziegen aldeko pasilloetan kokaturiko kamerek egindako bideo-grabaketetan oinarrituta». Argi azpimarratu zuen, gainera, «NBEko Kontalariak egindakoak baino mugatuagoa» zen neurri hura gauzatzen zeharo erraza zela, lehendik jarria zeukaten kamera-sistema erabiltzea aski baitzuten. Hala ere, bost urte geroago, 2004an, Arartekoak salatu behar izan zuen «Eusko Legebiltzarrari urtero-urtero egindako txostenetan azaldu diogun moduan, ustez zailtasun teknikoak zituztela eta, hasieran erreparoekin ibili ondoren», Herrizaingo Sailak onartu egin zuela gomendioa, baina urtetan Ertzaintza atxilotu oro grabatzen jardun zela, hain justu inkomunikatuak izan ezik. Eta kasu haietan zegoen, zalantzarik gabe, premia gehien. Salaketa gogor haren ondorioz, eta Euskal Herrian torturaren aurka dagoen presio sozial indartsuaren eraginez, urtebete geroago (sei urte luzeren buruan!) amore eman behar izan zuten eta, 2005eko irailaren 30an, Javier Balza Herrizaingo sailburuak agindu zuen handik aurrera inkomunikaturiko pertsonen atxiloaldiak ere grabatu egingo zituztela. Orduan PSOE eta PP erabat seguru azaldu ziren Ertzaintzaren kontrako salaketen etenik ez zela inondik inora izango polizia-etxeetan gertaturiko torturengatik, baina zeharo oker zeuden: geroztik ez da salaketa gehiagorik izan. Ezta bat bera ere. Eta horrek ez du preseski erakusten aurreko salaketak gezurrezkoak zirenik. Javier Balzak oso azalpen esanguratsua eman zuen Legebiltzarrean neurri hari buruz galdegin ziotenean: «Erraza da: ertzain-etxeetako ziegen % 95etan jada grabazio-sistema jarria zegoenez, bada, erabaki politikoa hartu ahala agindu genuen handik aurrera inkomunikaturiko atxilotuak grabazio-sistema zuten ziegetan atxikiak izan behar zutela». Hori baino argiago nekez hitz egin zezakeen. Neurria gauzatzen hain erraza bazen, zergatik ez zuten lehenago gauzatu? Ertzaintzak torturatzen jarraitzen zuelako, jakina. Horregatik behar izan zituzten hainbeste urte halako neurri erraz bat ezartzeko! Espainiar agintariek, bitartean, uko egiten jarraitzen diote grabazioei. NBEko torturaren gaietarako Kontalari bereziak bere azken txostenean aipatzen duenez, zeharo aitzakia itxuragabearekin uko egin ere: «Segurtasun Indarrek, gaur egun, ez dute gaitasun teknikorik inkomunikaturiko atxilotu guztiak une oro grabatzeko». Beraz, espazio publikoak hain aspalditik segurtasun-kamerez josi ondoren, hainbeste jende inkomunikatu eta torturatzen duten polizia-etxe eta kuarteletan gutxi batzuk jartzeko gaitasun tekniko eza argudiatzeko aurpegi ezin gogorragoa dute. Horren aurrean, ozen eta tinko esan beharra dago, tortura salaketak gertatzen direnean, frogak ematearen ardura ezin dela inolaz ere torturatuarena izan, inkomunikazioak ezinezko egiten baitu hark ezer frogatu ahal izatea. Agintariei dagokie ardura hori, nahi izanez gero oso erraz froga baitezakete torturarik ez dela izan. Aski dute horretarako atxiloaldia grabatzea, nazioartean torturaren aurka tinko dirauten hainbat erakunde entzutetsuk urtez urte eskatzen dieten bezala. Gasteizko agintariek ere hamaika aitzakia asmatu zituzten 2005a arte neurri ezin errazago hori gauzatzea saihesteko, eta geroztik ezer gutxi gehiago egin dute torturaren gaitz izugarriari aurre egiteko. Are okerragoa dena, betiko leloarekin jarraitzen dute tortura salaketei buruz: epaileak omen dira salaketak argitu behar dituztenak. Hain argi ez balego bezala nortzuei exijitzen dizkieten epaile horiek ezinezko frogak eta nortzuei ez dieten eskatzen ezta begi bistakoa dena ere! Torturari egiaz aurre egin nahi badiote, egiarekin besterik ezingo diote egin. Soberan dakite zein den bidea: milaka torturatu horiekin gertatua onartu eta salatu beharko lukete, eta gaitz izugarri horren kontrako lanean murgildu. Berandu baino lehen egingo ahal dute!

No hay comentarios:

Archivo del blog