Martxoak 8an emakume langileon nazioarteko eguna dela eta, mugimendu feministak abortatzeko eskubidearen aldarriaz beteko ditu kaleak. Aldarrikapen hau ez da berria ordea, izan ere aborto eskubidea, emakumeon autonomia eta gorputzaren gaineko kontrolaren aldarrikapenarekin batera Euskal Herriko mugimendu feministaren borroka gai izan da sorreratik. Beraz, urteak daramatzagu gure gorputzaren jabe garela aldarrikatzen.
Egoera legalari begiratuz gero, errealitate ezberdinak pairatzen ditugu euskal emakumeok:
Estatu espainolean abortua kode penalaren baitan kokatua dago eta hiru egoera zehatzetan izan ezik delitutzat jotzen da. Emakumearen osasun fisiko eta psikikoa arriskuan dagoenean, bortxaketaren ondorio denean edo fetua arriskuan dagoenean soilik abortatu daiteke baldin eta mediku batek aurrez egiaztatzen badu. Gainera 16urtetik beherakoek gurasoen baimena beharrezkoa dute. Nahiz eta legeak osasun sare publikoan abortatu daitekeela esaten duen, bertako langileek kontzientzia eragozletzat jotzen dute euren burua eta hortaz, sare publikoaren bitartez ez da eskubidea bermatzen legeak onartzen dituen baldintzak beteta egon arren. Estatu frantsesean ordea, haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen barruan abortua legala da, eta epe hau gainditzen denean ama edo fetua arriskuan badago egin daiteke.
Edozein egoeratan, bi medikuen egiaztapena beharrezkoa da. Estatu espainiar zein frantsesean, mediku batek erabakitzen duen bitartean emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea ukatua dugu.
Egungo egoerari begirada azkar bat botatzen badiogu honako gakoak azpimarratzea ezinbestekoa da:
o Emakumeok abortatzeko beharra dugunean oztopo ugari gainditu behar ditugu, legalak, ekonomikoak, moral zein etikoak.
o Hego Euskal Herrian abortua delitu izaten jarraitzen duenez, emakumeak delitugile egiten dira.
o Eskuinak eta elizak egindako presioa dela eta, haurdunaldiaren borondatezko etenaldi gehienak sare pribatuan egiten dira. Nafarroan presio hori dela eta ez dira ez sare publiko ez pribatuan ere egiten.
o Sare pribatuan egin beharraren ondorioz, emakume asko abortatzeko aukerarik gabe gelditzen dira.
o EAE-n abortuen % 95,02 zentro pribatuetan egiten dira, Nafarroan %99,8 eta herrialdearen kanpoa egin behar izaten dira.
Honen aurrean, Euskal Herriko emakume zein gizonek mugimendu feministak egiten dituen aldarrikapenekin bat egin behar dugulakoan gaude. Halaber, Ezker Abertzaleak ere aldarri hauen aldeko hautua egiten du:
- Abortoa ez da delitua, eskubidea da eta horregatik despenalizazioa urgentea da.
- Abortua libre eta dohain! Emakumeok modu askean ama izan nahi dugun edo ez erabaki behar dugu eta abortoak nahitaez doakoa izan behar du. Osasun zerbitzu publikoak eskubide hau bermatu behar du horretarako beharrezkoak dituen bitartekoak sortuz.
Beraz, abortatzeko eskubidearen alde eta oro har, emakumeon eskubideen defentsan kalera atera behar gara; bai Martxoaren 8ko mobilizazioetan bai egunerokotasunean emakumeon eskubideen aldeko borrokari helduz.
Ezker Abertzalea
No hay comentarios:
Publicar un comentario