Maite Ubiria (Gara)
1937ko ekainaren 19a. Franco jeneralaren aginduetara borrokatu ziren soldaduak Bilboko karriketan desfilean. Ez zuten herriaren besarkadarik merezi. Sakonki minduta, beldurra zainetan, bilbotarrek ez zuten besta giroan errezibitu Armada faxista.
Aste guti batzuk aski izan ziren «askatzaileak» zekartzan manerak ezagutzeko. Uztailaren 8an, Albia Koliseoan hitza hartu zuen okupatutako hiriaren buruak, Jose Maria Areilzak. Armada faxistari eskainitako omenaldian horrela mintzatu zen: «Euskadi izenarekin ezaguna zen amesgaizto maltzurra betiko lurperatua izan da».
«Gutakoak» bezala goraipatu zituen Errepublikaren aurka matxinatutako soldaduak. Areilza mintzatu aurretik, Gasteizen, «tiraniaren atzaparretatik askatu ditugu euskal herritarrak» erran zuen Francok berak.
Kontua galdu dugu, geroztik, zenbatetan agerrarazi zaigu zanpatua erasotzaile gisa eta zapaltzailea askatzaile jitea hartuta.
2009ko ekainaren 19a. Arrigorriaga. Espainiar Poliziaren Informazio Zerbitzuetako burua hil dute. Ustez, ETAk hil du Puelles. Ke eta su arteko egunak amaigabe -amaitu nahi gabe?- bilakatu dira alkate faxistak lurperaturik irudikatu zuen Euskadi hartan; Euskal Herri honetan.
Orduan bezala, desfileak ez dira falta karriketan, ezta propaganda lurrin nabarmena duten mintzaldi sutsuak ere.
Orduan bezala, desfileak ez dira falta karriketan, ezta propaganda lurrin nabarmena duten mintzaldi sutsuak ere.
Areilzaren erranetan «gure zerbitzariek» Bizkaian isuritako odol-jarioa, luzaro, bizitza osoan alegia, memorian gorde duen emakumea joan zaigu. Ekainaren 19an itzali egin da, isiltasunean, zalapartarik egin gabe.
«Euskal herritarrak askatzeko» sartutako Armadak etxea, herria, bizitza erosoa atzean utzita erbesteko bidea hartzera behartu zuen. Gerrako umeen ondoan, zaintza lanetan ibili zen Donibane Garaziko zitadelan.
Sarritan amestu zuen egun berria ez zen, alta, samurra izan. Ez garai hartan, ezta gaur ere; uniformea daramatenen mehatxupean bizitzea latza baita.
JEL izpirituak kulunkaturiko sehaskan sortu eta eman zuen gaztaroa, gerrak heldu arazi zuen, eta erbestea, kartzela, tortura eta desagerpenak atzo bezala egun ere badirela ahantzi gabe bizi izan da, ekainaren 19a arte. Gutako bat, Euskadi defendatu duen herri zerbitzaria joan zaigu. Agur eta ohore, Etxebarria'tar Kontxa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario