Joxe Iriarte, «Bikila» idazlea (GARA)
Defenda ditzagun auzoak krisitik! Aurre egin diezaiegun Iztieta bezalako auzoetan dauden arazo sozialei! Baina ez gaitezen eror arrazakeria merke bezain kaltegarrian
Bortxakeria sexuala, edozein delarik bortxatua eta bortxatzailea, izugarrikeria bat da. Salagarria, guztiz gaitzesgarria eta kontra egin beharrekoa, ezbairik gabe. Horregatik joan nintzen, uztailaren 6ean (San Fermin bezperan) Oreretako emakume taldeak bortxaketa bat salatzeko deituriko elkarretaratzera. Askotariko jendea zegoen bertan. Baita arabiar talde bat ere, gehienak gazteak. Beraien ahotik jakin nuen bortxaketaren ustezko egilea gazte arabiar bat omen zelako aitzakian, auzoko arabiar komunitateak (eta beraien denda eta mezkitak) mota desberdineko mehatxuak jaso dituztela. Hori kontuan izanik, elkarretaratzea bukatuta, SOS Arrazakeriako lagun bat tarteko, mehatxuak jasan dituen Ondartxo auzoko arabiarren tabernara joan ginen zenbait lagun, arazoa bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Baita ezagutzea lortu ere.
Hizketan ari ginela, auzotarrek osaturiko salaketa-manifestazioa hurbildu zitzaigun eta aurrez aurre jarri. Benetan, egoera bitxia bezain gogorra. Gorrotoa zenbait manifestariren aurpegietan (batzuk ezagunak gainera, garai bateko herriko manifestazio eta asanbladetan parte hartutakoak, eta orain manifestazio xenofobo batean). Bai, manifestazio xenofobotzat jotzen dut, jarrerak eta oihuak oso esanguratsuak eta zoritxarrez oso garbiak zirelako: «Alde hemendik!», «Moroak kanpora!», eta gisakoak. Alegia, ezin da aitzakiarik jarri (horrelako kasuetan esaterik balego) «bortxatzaileen aurka» ari zirela esanez, zeren ustezko bortxatzailea jadanik atxilotuta baitzegoen, eta tabernan bilduta zeudenak (zer esanik ez mezkitan) arazoan erantzukizunik ez zuten gazte eta zahar arabiarrak ziren... eta gu. Zertara zetozen, horrelakoetan erru eta erantzukizun kolektiboak badirela sinisten ez badugu behintzat...? Eta ez dirudi hala denik usu: esate baterako, duela urte bete Iruñeko sanferminetan bertako familia ezagun eta dirudun bateko semeak Irungo neska gazte bat bortxatu eta hil zuenean, inori ez zitzaion burutik pasa «Nafarrak kanpora!» edo «Dirudunak kanpora!» oihukatzea.
Denok kezkaz beterik geunden. Izuturik. Hori garbi utzi nahi dut. Kanpoko giroa ikusita, lagun marokoarrekin batera izua sentitua nuen taberna barruan. Haiekin batera neure burua mehatxatua ikusi nuen herritar askorengandik. Eta Ertzaintza agertu zen. Ni ez nago edozein manifestazio, eta beti, erregulatzearen alde; inprobisazioari, protesta eta salaketa egiteko bat-batekotasunari bidea eman behar zaio. Alabaina, gehienetan hain zorrotz jokatzen duen Ertzaintzak kasu horretan ez zion garrantzirik eman manifestazio hura baimenik gabekoa izateari. Mehatxu xenofoboak delitutzat jotzen dira, baina ez nuen ikusi inongo atxiloketarik, ezta nortasun agiri eskaerarik ere, edota ohikoak diren bideo filmaziorik. Aldiz, taberna barruan zeudenei, bai: ertzainek, bertan sartu eta gazte batzuei ohartarazi zieten ez ateratzeko kanpora istiluak sortzera! Amorruz erantzun nion ertzainari: «Jauna: hauek dira mehatxatuta daudenak, ez kanpokoak!».
Dena den, izua baino mingarriagoa egin zitzaidan egoerak eragindako auzo-lotsa. Izan ere, beti harro egon naiz Errenteria-Oreretan jaio izanaz eta, batez ere, bere borroketan parte hartu izanaz. Herri errebeldea, injustiziaren aurkako borrokalariz betea eta, esate baterako, homofobiaren aurka egotea hain zaila zen garaietan puntan izandako herria. Badakit distira duen guztia ez dela urrea, eta herri ezkertiarrean ere badaudela atzerakoiak eta era guztietako jendilajea. Baina urte batzuk lehenago Iztieta auzoan ikusi eta entzun dudana gurean gerta zitekeela esan balidate, ezingo nuen sinetsi. Bai. Etorkin arabiarrekiko (moroekiko, beraien hizkeran) herrikide askok agertu duten jarrera oldarkor eta mehatxugilea ikusita, euskalduna eta errenteriarra izateaz lotsatu egin nintzen. Nazka sentitu nuen.
Halaz ere, larriena ez da nazka sentitzea edo zenbait herritarrekin lotsatua egotea. Gehien larritzen nauena horrelako gertaerek etorkizunari begira adieraz dezaketena da. Alde batetik, logikoa iruditzen zait Iztieta bezalako auzategietako bizilagun asko oso kezkaturik, are haserreturik egotea auzo horien gainbeherak sortu dituen arazoak (langabezia eta marjinazioa, segurtasun eza, eta abar luzea) ikusita. Eta onuragarria iruditzen zait gainbehera horren aurka antolatzea eta protesta egitea. Baina, erroetara joz. Hori zen antzinako Errenterian egiten genuena: erroetara jo. Alegia gizarte kapitalistak sortzen dituen arazoak hausnartu, eta gizarte berri baten alde borrokatu. Erradikalak, ez erreakzionarioak.
Horretan datza desberdintasuna. Izan ere, ikuspegi erradikalik ezean, arazoek sorrarazten dituzten erreakzioak guztiz atzerakoiak izan daitezke. Krisi garaiak oso aproposak izaten dira arazoak leherrarazteko. Arrazakeria da arazoei aurre egin beharrean ihes egiteko eta auzoa defendatzeko biderik okerrena. Europa osoan ikusi ditugu garai bateko auzo langile ezkertiarrak eskuin xenofoboaren gotorleku bihurtzen arrazakeriaren eskutik. Eskuinak, kapitalistek, faxistek, edota auzoetan sortzen diren demagogo populistek bultzaturik edo xaxaturik, arrazakeriak eta xenofobiak dena kiskal dezake. Ezkerra bera, etorkinekin batera, izanik kaltetuena, kiskaliena.
Defenda ditzagun auzoak krisitik! Aurre egin diezaiegun Iztieta bezalako auzoetan dauden arazo sozialei! Baina ez gaitezen eror arrazakeria merke bezain kaltegarrian. Oraindik garaiz gaude!
No hay comentarios:
Publicar un comentario