"...Adingabe atzerritarrei dagokienez, adingabe horien nazio talde osoaren kontrako arrazakeriazko adierazpen xenofobok izan ditugu Euskal Herrian, lotsagarriro. Zenbait hedabidek beren harri koxkorra ekarri dute, jendearen asaldura biziarazita eta lehen hizpidera ekarri dudan gizarte iruditeria hori sendotuta; izan ere, adingabeen atzerritartasuna nabarmendu dute batez ere, indarrean dauden deontologia kode guztiak urratuta."
Cristina Berlanga.
Lehiatila-BERRIA
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak oraindik orain aurkeztu du hezkuntzaren esku-hartzeari buruzko ebaluazioa eta EAEko adingabeek justiziako arau-hausteren bat berriro egitearen gaineko azterketa; lan horrek, hain zuzen, komunikabideen eta zenbait demagogoren mitorik kutunena desegin du. Azterlan horretan ondorioztaturikoaren arabera, ezin dira parekatu gazte delinkuentzia eta adingabe atzerritarrak, arau-hausteen %17,6 bakarrik egiten baitituzte adingabe atzerritarrek. Hala ere, eta datuak ezin biribilagoak izan arren, adingabe gaizkilearen irudiak edo, behintzat, delitugile izan litekeen horrenak bere hartan dirau gizartearen iruditerian, aurreiritziek eta desinformazio interesatuek sortu eta zurkaiztuta.
Aste hauetako informazio eta gizarte kezka gehienek, hain zuzen ere, adingabeekin zerikusia duten albisteak izan dituzte ardatz. Ustez hainbat naziotako adingabeek egindako sexu erasoek eztabaida garrantzitsua bezain beharrezkoa piztu dute alde askotan, baina beti ez dira izan halako egoera delikatuek eskatu bezain azterketa zorrotzak. Deigarria da eraso ezinago larri horiei tratamendu desberdina eman dietela hedabideetan, eta gizartean nahiz politikan erantzun desberdinak eragin dituela, ustezko erasotzaileen jatorriaren arabera. Adingabe atzerritarrei dagokienez, adingabe horien nazio talde osoaren kontrako arrazakeriazko adierazpen xenofobok izan ditugu Euskal Herrian, lotsagarriro. Zenbait hedabidek beren harri koxkorra ekarri dute, jendearen asaldura biziarazita eta lehen hizpidera ekarri dudan gizarte iruditeria hori sendotuta; izan ere, adingabeen atzerritartasuna nabarmendu dute batez ere, indarrean dauden deontologia kode guztiak urratuta. Arreta osoa haien jatorrian jarri izaki, bai prentsak, bai politikariek, bai eta erakundeek ere ahaztu egin bide dute adingabe batzuez ari garela eta hainbat erantzukizun dagozkiela haiekiko. Ustezko gaizkileak ez-atzerritarrak izan direlarik, sumindura berberaz erantzun dute egintza hain larrien inguruan, baina guztiz bestelako eztabaida sortu da.
Egia da kasu bietan zigor neurriak bakarrik proposatu dituztela, hala nola Adingabekoen Legea gogortzea edo zigor adina jaistea; baina adingabe ez-atzerritarrek egindako delituak gizartearen porrot gisa hartzen dituzte, eta adingabe atzerritarrek egindakoak badira, aldiz, kriminaltzat jotzen dute giza talde hori, beren nazio jatorriagatik eta atzerritar izaeragatik. Sexu erasoei dagokienez, ez dute inondik inora esaten gizarte patriarkal batean bizi garela, ez eta zer-nolako balioak edo emakumezko eta gizonezko ereduak bultzatzen ditugun ere. Gure gizarte honetan, oraindik ere diskriminatu egiten dituzte emakumeak alor guztietan, indarkeria matxistaren tasak oso handiak dira, emakumeak oraindik ere sexu objektutzat jotzen dira, eta ezaugarri fisikoen arabera baloratzen; beraz, gure gizarteak ezin du nahi izan adingabeak bestelako balio batzuen arabera jarduterik. Adingabeak beren jatorriaren arabera diskriminatzen dituen gizarte batek, eta modu xenofoboan erantzuten duenak, arazo handi bat dauka funtsean. Gizarte gaixoa da gurea, eta halako egintzak dira horren adierazgarri eta gure eredu honen porrotaren erakusgarri.
No hay comentarios:
Publicar un comentario