antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2009/12/06

'Egunkaria' libre nahi dugu

"Egunkaria itxi zutela badira jada ia zazpi urte, kartzelan egonarazi, horietako zenbait torturatu, eta oraindik epaitzeke daude. Dagokionari galdetzen diogu nola litekeen, oraindik muturreko neurri horrekin jarraitu..."

M. Carmen Oiarbide, Kontxita Beitia, Nekane Auzmendi eta Arantza Allur
Andereño aitzindariak
BERRIA
Kezkatuta gaude. Urteak eman ditugu ikastoletan irakaskuntzan. Euskara zabaldu eta erabilera normalizatzeko beharrezkoa ikusten genuen euskarazko egunkari bat, eta saiatu ginen Egunkaria izan arte. Egun gutxi barru bost euskaldun epaituko dituzte Egunkaria auziarekin lotuta. Ez gara indiferenteak izango. Garai batekoak zirela uste genituen gauzak ari gara berriro ere ikusten.

Azken urte hauetan, andereño historikoei buruz zenbait berri agertu da hedabideetan. Garai hartako, aldarri nagusia, irakaskuntza euskaraz izatea zen; gure eskubidea zen, eta da. Eskubide horri erantzun nahiz sortu ziren ikastolak. Gerra bukatu ondoren, Elbira Zipitria andereñoa erbestetik Donostiara itzuli eta gerra aurreko ikastolak berreskuratzen hasi zen. 1942an eman zion hasiera bere asmoari.

Elbirak zituen idealismoa, ausardia, ahalegina, zentzu eta ikuspegi pedagogiko aurrerakoia gure egiten saiatu ginen. Oraindik normalizatu gabe zegoen hizkuntzan eskolak ematen hasi ginen. Orduko legeen arabera ezinezkoa zen euskara eskolan erabiltzea; beraz, ikastola haiek ez ziren legalak.

Hirurogeiko hamarkadan urrats garrantzitsua egin zen, ikastolaren historian: Iruñean, Gasteizen eta Baionan sortzeaz gain, ikastola hirietatik herrietara zabaldu zen; Bilbon ordurako sortua zen. Bilakaera zail horretan, andereñoak ez ginen bakarrik suertatu; sentsibilitate politiko ezberdinetako guraso, herritar, eta zenbait elizgizonen partaidetza garrantzitsua izan zen. Beraien laguntzarik gabe, ez genituen gaur ditugun ikastola sareak edukiko.

Ikastola ez zen euskararekin bakarrik identifikatzen; ikastolak pedagogia berri bat ekarri zuen: neska-mutilak elkarrekin, arrazoibidean oinarritutako irakaskuntza, ingurumenarekiko harremana, gure herri kulturan txertatutako eskola.

Ikastolekin batera, andereño izango zirenak prestatzeko Andereñoen Erresidentzia ireki zen. Irakasleen Elkartea eta Euskal Udalekuak ere sortu ziren segidan. 30 urte inguru behar izan ziren ikastolen sarea osatzen joateko; ez ziren urte errazak izan. Garai berean, euskara irakasteko alfabetatze taldea, gau eskolak eta euskal abeslariak ere hasi ziren bidea egiten. Euskaltzaindiak ere 68an egin zuen Arantzazun «euskararen batasunari» buruzko Biltzar Nagusia.


Orain sarituak izan gara, eta gutaz gogoratzea pozgarria bada ere, argi gera bedi gurekin elkarlanean ikastola aurrera ateratzen ibili ziren guziei luzatzen diegula sari hau.

Ezin ahaztu, 1968ko udan ezarri zuten salbuespen egoera hura. Gipuzkoako Oltra Moltok, orduko Gobernadore Zibilak, ikastola guztiak ixteko asmoa azaldu zuen. Asmo hura ez zen aurrera atera, orduko ikuskari bat Oltra Moltorekin, gauean, ordu luzez ideia hura burutik kentzen saiatu omen zelako. Gure iritziz, ikuskariak ondo ezagutzen zuen momentu hartan ikastola hartzen ari zen indarra, eta bere inguruan zebilen jende multzoak sor zezakeen gatazka ere. Ikastolak itxi ordez, legalizatzera behartzen zuen dekretu bat atera eta zabaldu zuten orduan garaiko agintariek.

Euskal Herrian oso gurea izan dugu auzolana. Hau da, elkarrekiko solidaritatea. Esan genezake ikastolak ere modu solidario batean joan zirela sortzen eta hazten, batak besteari lagunduz, herri mugimendu baten ondorioz.

Euskara irakaskuntza sisteman sartzeko ikastola beharrezkoa izan zen, baina ez nahikoa, euskara hobetu eta normalizatuko bazen, ezin bestekoa zen hedabideak ere euskaraz izatea.

Euskaldunok irakaskuntza euskaraz antolatzeko eskubidea gurea dugun bezalaxe, euskaraz informatuak izatearena ere gure eskubide dela aldarrikatu nahi dugu. Guztiok dakigun bezala, pertsona askok epe luzez eztabaidatu eta ekinaren ekinean, behar ziren baliabideak lortzeko emari txiki asko bilduz, Euskaldunon Egunkaria sortu arte egin zuten lan. Bide hori ez zen erraza izan, nekea baizik. Euskaldun anitzen pozerako 1990. urtean ikusi zuen argia.

Egunkaria, sortu eta beste askoren artean, urteetan (1990-2003) bizia eman zioten Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, eta Txema Auzmendi, oraindik ez dakigun zein lege urratzegatik epaituko dituzte abenduaren 15etik aurrera. Tamalez, ikastolak ixteko zorian zeudenean horiek izan zuten laguntza, ez zuen Egunkaria-k izan. Itxi zuten eta itxirik dirau. Horrek dakartzan ondorio guziekin noski.

Egunkaria itxi zutela badira jada ia zazpi urte, kartzelan egonarazi, horietako zenbait torturatu, eta oraindik epaitzeke daude. Dagokionari galdetzen diogu nola litekeen, oraindik muturreko neurri horrekin jarraitu, hori justifikatuko lukeen zentzuzko arrazoi juridikorik aurkeztu gabe.

Angel Lertxundik Eusko Ikaskuntzako XVII. kongresuan esan zuenetik jaso dugu pentsamendu hau:

«Confucioren ikasleak galdetu zioten maixuari: Zer egingo zenuke zuk herri bat gobernatzeko?

Confunciok erantzun zien:

Hizkuntza hobetuko nuke. Hizkuntza zehatza ez bada, ez da pentsatzen dena zehaztasunez esaten. Esaten dena, pentsatzen den bera ez bada, ez dago benetako lanik. Benetako lanik gabe, ezin lortuko dira artea eta morala. Benetako arte eta moralik gabe ez dago justiziarik. Justiziarik gabe, nazioak ez du jakingo nora jo. Sutan dagoen ontzi bat izango da jitoan eta noraezean dabilena. Horrela bada, hemen duzu zergatik hobetu behar dugun hizkuntza».

Hizkuntza zehatza izango bada eskola eta hedabideak ezin bestekoak dira, baina agintariek ez dute Confuciok bezala pentsatzen nonbait; euskaraz genuen egunkari bakarra izan arren, hura itxi egin zuten gure eskubideak urratuz.

Ikastoletako irakasle garen aldetik, eta euskararen normalizatze bidean, Egunkaria tresna baliotsua zenez, haren itxierak galera izugarria ekarri zigula esan behar dugu. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu epaituko dituzten bost kide horiei. Ez da ez hau Euskal Herrian gertatzen den injustizia bakarra. Nahikoa da!

Bukatzeko, Andoni Egañak Egunkariaren itxieraren bosgarren urteurrenerako idatzi zituen bertsoetatik zati hau aukeratu dugu:


Dena zulo beltz bihurtuz

Den-dena bilakatuz gau

Oihu ta umilazio

Txilio eta alarau

Denbora asko joan da...

Izu-ikarak hor dirau.

No hay comentarios:

Archivo del blog