antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2011/07/09

ANARKHERRIAK 25 URTE / Jaungoikorik eta legerik gabe



Argia aldizkariko 2282. alean (2011-06-26) argitaratuta.


Garai gatazkatsuak bizi zituen Euskal Herriak duela 25 urte.

Sormena eta elkartasuna baliatuz, gazteek aurre egiten zioten krisialdiak eta errepresioak beltzez tindatutako etorkizunari. Pirata zaharrek eta punk gazteek elkarri ematen zioten bostekoa. Ordukoa da euskal izaera antiautoritarioaren gaineko entsegua: Marc Legasse eta Jakue Pascualen Anarkherria (Txertoa, Donostia 1986).

Alvaro Hilario Pérez De San Román

1986 urtearen amaieran, Egin egunkarian agertutako artikulu batean, Marc Legassek "KAS ala hil" (kontrabandoa, anarkismoa, separatismoa) bere lelo zaharra berreskuratu zuen. Bertan plazaratutako tesiak bilduz, anarkismo eta separatismo haiek artean sortu berria zen autonomia gaztearekin (gaztetxeak, irrati libreak eta abar) eta punk mugimenduarekin uztartzen saiatu zen Jakue Pascual, Beltza, berdea eta zuria izeneko beste artikulu batean. Jaioa zen euskal nortasun matxinoaren gaineko hausnarketa berri bat, ondoren Anarkherria liburuak jasoko zuena. "Anarkismoa eta separatismoa lotzen zituen erreferente hura kristorena zen guretzat, garai haietako mugimendu berrietan sartuta geundenontzat. Punka zen, bestaldetik, guretzako beste erreferente garrantzitsu bat krisialdia ulertzeko: lan merkaturik ez eta gure belaunaldikook kalean ginen; tabernetan ezagutu genuen elkar eta bertan hasi ginen hainbat proiektu eratzen. Testuinguru hartan eutsi nien Legasseren ideiei, mugimendu autonomo gaztearen sentsibilitatearekin harremanetan", azaldu digu, 25 urteren ostean, Jakue Pascualek.


Legassek Pascual zoriondu zuen eta elkarlanari ekin zioten; horrela sortu zen Anarkherria. Erresistentziaren inguruko hainbat tesik osatzen dute testua. Euskal izaera antiautoritarioaren existentzia da haien artean nagusia. "Liburua egin genuenean Tejeroren estatu kolpetik gentozen, ZEN (Zona Especial Norte) Plana abian zegoen eta ez zegoen poliziak hormaren kontra jartzen ez gintuen egunik. Gure burua subjektu erreprimitutzat jotzen genuen heinean, hasi ginen nazio arazoa geureganatzen. Ez genuen ideia independentista argirik baina euskaldunak eta gazteak ginelako erreprimitzen gintuztela ikusi genuen. Hortik dator Anarkherriaren tesi nagusia: gurea beti izan da herri antiautoritarioa. Eta zergatik da antiautoritarioa? Estatu bik zapalduta dagoen herria delako, eta errepresio horretatik sortutako askatasun grina, askatasun eremuak lortzeko grina abertzaletasunetik harago doa: grina hori bat zetorren nuklearren kontrako borrokekin, antimilitaristekin, okupazioarekin... Hortik atera genuen tesia: Euskal Herriak, hizkuntza eta espazio propioa dituen herria izateaz gain, sentsibilitate antiautoritarioa dauka", dio Pascualek.


Separatismoa eta sabotajea dira Anarkherriak dakartzan beste tesi garrantzitsu bi; Pascualen ustetan, oraindik ere indarrean daudenak: "Gaur egun, Euskal Herrian ematen diren erantzunak ere azpigeruza antiautoritario horretan daude sustraituta. Separatismoa, esaterako, oraindik ere bizirik dirauen gatazka da. Zergatik gara separatistak? Zapaltzen gaituzten estatuak ez ditugu uxatzen beste estatu bat eraikitzeko asmoz; estaturik ez diezagutela ezarri nahi dugu. Gure arazoa ez da beste estatu bat eraikitzea, estatu bik zapalduta izatea baizik.


Horren aurrean, taktika bi daude: estatu propioa errebindikatzea edo gure egunerokotasunean estatuaren presentzia murrizteko lan egitea". Sabotajea, zenbait kasutan erabil daitekeen tresna baino zerbait gehiago da Pascualentzat: "Sabotajea ez da zerbaiti su ematea, erresistentzia da funtsa, zerbait ezartzearen kontrako jarrera. Auzi etikoa da, bizitza ulertzeko modua".


Aipatutako tesietatik abiatuta eta testua eskuliburua ez dela kontuan izanik,Anarkherriak dituen bertuteez mintzo zaigu egilea: "Oso testu plastikoa da. Ideia eta kontzeptu orokorrak ditu, 80ko hamarkadara egokituta daudenak. Esan dugun lez, badira bertan erresistentzia edota antiautoritarismoa bezalako kontzeptuak, oinarrizkoak, gaur egungo gazteentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Garrantzitsua da nork bere irakurketa egitea. Ideiek bat egiten dute pentsamendu libertario orokorra eta leku batekiko atxikimendua daukan edonorekin. Bestalde, mugimendu alternatiboak (intsumisioa, esaterako) zelakoak izan diren ikusita, haietan guztietan nolabaiteko etika libertarioa aurki daitekeela esan dezakegu. Nik uste etika hori organikoki finkatu ez bada ere, oso presente dagoela Euskal Herrian. Belaunaldi gazteak sozialismo ortodoxoan baino, irizpide horietan haziak dira".


Elkarlanerako proposamena

Kontzeptu orokorrak ez ezik, euskal ezkertiarren elkarlanerako proposamena ere luzatzen digu Legasseren eta Pascualen liburuak: "Orain dela 25 urte, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren esfortzuak estatuarekin negoziazioa bultzatzera zuzenduta zeuden –aurrerago Aljerian gauzatuko zena–, baita euskal gizartearen babesa lortzera ere. Gazte mugimenduaren beharra zeukaten, eta Jarraik, [Hego Euskal Herriko] lurralde guztietan zegoen arren, ezin zituen gazte guztiak bildu; askorentzat erakargarriagoa zen beste jarrera politikoetatik proposatzen zena. Liburuan, elkarkidetza posiblea eta beharrezkoa zela azpimarratu nahi genuen. Gurean errepresioa nagusi zela, oso une zaila bizi genuela; gure proposamen politikoa xumea eta argia zen oso: denok salbatuko gara edo inor ez da salbatuko. Norberaren autonomia errespetatuz, aldeen arteko harremanak garatu zitezkeen. Nor bere irtenbidearen bila ibiltzeak ez zuen ezertarako balio. Nire ustez, liburuak balio izan zuen ezker abertzaleak sortu berri zuen mugimendu hura kontuan izateko, baita ere sektore guztiek ikus zezaten elkartrukerako aukera bazegoela".


Egungo egoerarekin baikorra da Jakue Pascual: "Etorkizunerako aurreikuspenak duela 25 urte baino askoz hobeak dira; nahiz eta gaur ez dagoen garai bateko autoeraketarik, beharrezkoa izan denetan haren dirdira ikusi izan dugu, han¬hemenka, baita alderdien gainetik ere. Inportantea da hau, Anarkherriak proposatzen duenaren ildoan doalako: ez dugu esaten desobedientzia leku zehatz batean egin behar dugunik, baizik eta mota guztietako botere eta inposaketaren aurrean desobediente izan behar dugula. Kalea galdu badugu ere, desobediente izateko beste eremu batzuk berreskuratu ditugu, egungo neoliberalismo hau inolaz ere nahi ez dugula esateko eremuak sortu ditugu. Horrek bat egiten du azken garai hauetan agertzen hasi diren mugimenduekin, logika autonomoa duten mugimenduekin. Hori bai, geu ez bezala, irekiagoak dira gaurko hauek. Belaunaldi berriek boterea borrokatzeko, beren lekua errebindikatzeko modu berriak dituzten arren, ezetz esaten jarraitzen dute. Ongi gaudelakoan nagoen arren, botereak oztopo guztiak ipiniko dizkigu".


Gaur egungo politikari begiratuz, betiko euskal erakundeek (auzolana, batzarra) duten garrantzia azpimarratu du Pascualek: "Anarkherriak betiko antolakuntza modu hauek uztartu nahi ditu erakunde¬harremanak ulertzeko anarkismoak duen erarekin. Azken batean, zein da euskal erakundea ulertzeko modua? Batzarra. Ez da egia jauntxoen batzarrak zirenik, ezta emakumeek parte hartzerik ez zutenik. Egun, hauen gaineko arreta berpiztu da; programatikoki, duela gutxi sinatutako ezkerretako itunak gure erakunde ordezkaritzaren alde bat direla onartzen du; esaten du, beraz, bultzatu behar ditugula. Auzolanak partekatzen ditugun arazoak zein errealitate zehatzak konpontzeko balio du. Inportantea da erabakiak hartzerakoan prozesua behetik jaioa izatea. Hau da, erakundeak kudeatzen dituen logikari buelta emateaz mintzo gara, erakundeak behetik eraikitzeaz, erakundeak herriaren egunerokotasunetik eraikitzeaz. Horixe da faltan duguna eta politikagintzaren zilegitasuna kolokan jartzen duena".



"Ez dago pirata baino libertarioagorik"

Txertoa izan zen, duela 25 urte, Anarkherria plazaratu zuen lehenengo argitaletxea. Harrezkero, birritan egingo zuen Likiniano Kultur Elkarteak eta urteurrena ospatzeko Txalapartak aterako du urrian. Testuak hainbat aldaketa eta egokitzapen izan dituen arren, ez da berdin gertatu euskal irudikarian hain inportantea den alde grafikoarekin. Liburuaren azaleko ikurrin pirataz ari gara adibidez, garezurra nagusi duen bandera gorri¬beltzaz. Marrazkiak Jimmy Olaizolak egin zituen eta Jakue Pascualen hitzetan, "marrazkiak pentsatzerakoan Jimmyk oso ikuspegi zabala eta globala zeukan. Berak gauzatu zuen komunean genuen estetika apurtzaile hura. Denon buruan zegoen piraten kontua, ez baitago pirata baino libertarioagorik, normala da askatasunaren aldekoekin lotzea". Ikurrin horrek mota guztietako egokitzapenak ezagutu ditu hainbat esparrutan: surflariek, futbolzaleek edota gaztetxeek, adibidez, eurenganatu egin dute.

No hay comentarios:

Archivo del blog