antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2014/06/28

Ezker Abertzaleko partaide den Kizkitza Gil de San Vicenteri egindako elkarrizketa

"...ezker abertzaleko gizon eta emakume askok ez zuten feminismoa txertatzeko beharrik ikusten. Prozesu pedagogiko eta parte hartzailea egin genuen, militante orok ikus zezan arazo bat genuela eta neurri batzuk hartu behar genituela."

Oihana Llorentek Gaur8n Kizkitza Gil de San Vicenteri egindako elkarrizketa

Irribarre handia duen emakume txikia da Kizkitza Gil de San Vicente. Ahots goxoarekin, baina, tinkotasunez, azaltzen ditu bere bizitzaren joan-etorriak, ez nolanahikoak gainera. Gaztetatik militante, gertutik ezagutu ditu ezker abertzaleko erakunde guztiak, bai eta erbestea eta espetxea bera ere. Parekidetasuna amets, ezker abertzalea feminista bihurtzeko lanetan tematutakoa da Kizkitza. Hendaian hartu gaitu, Lapurdiko herria baitu bizitoki eta etxerako bidean geltoki. Militantziaz, feminismoaz eta maitasunaz hitz egiten orduak eman genitzake. 

 
Donostian jaio zinen 1974an. Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Nahiko memoria txarra dut, oroitzapenak baino sentipenak ditut gogoan. Babesarekin eta lasaitasunarekin lotzen dut haurtzaroa. Etxean asko irakurtzen zen, musika asko entzuten genuen... Itsasotik hurbil bizi ginen eta leiho handietatik euria ikusten ere ematen nuen denbora asko.

Arraroa ere sentitu izan naiz umetan. Eskola publikoan eta gazteleraz ikasi dut; ondoren euskaldundu naiz. Eskolan ni nintzen arraroena, ez nuen jaunartzea egin eta ez nuen erlijioa ematen. Gurasoek garrantzi handia ematen zioten baloreetan hezteari, baina txoke bat sentitzen nuen inguruko baloreekin.


Iñaki Gil de San Vicente pentsalari marxista duzu aita. Etxean jaso duzu konpromisoaren garrantzia?

Modu zuzen batean ez nuke esango. Politikaz asko hitz egiten zen, noski, baina ez modu alderdikoi batetik, eta horrek ez du lerrokatzen. Etxean giro berezi bat bizi izan dut, ondoren nire erreferente izango zen jende asko bertan ezagutu dut, asko jaso dut, baina nik uste dut bideak egin nauela militante.

Nor da Kizkitza Gil de San Vicenteren ama?

Nire ama Josune Gurrutxaga da, militante politikoa izan den eta baden emakumea. Eztabaida politikoetan iritzi propioa duen emakumea gainera. Nik ez ditut bereizten, ez dakit nork izan duen eragin handiagoa nigan.

Zure ama hizkuntza ez da euskara, baina beti aritzen zara euskaraz.

Amonarekin zer edo zer egiten nuen euskaraz, baina nire ama hizkuntza gaztelera da. Murgiltze izugarri bat egin nuen institutu garaian. Gaztelerazko eskolatik etorri eta euskara hutsez hasi nuen institutua. Euskara izugarri ikasi nuen, baina azken ikasturteak gazteleraz egin behar izan nituen berriz.

Ondoren nire kasa aritu naiz ikasten eta hobetzen. Eta nire bizitza militantea markatuko zuen erabaki bat hartu nuen Ikasle Abertzaleak taldean nenbilela: une horretatik aurrerako dokumentu guztiak euskaraz idatziko nituen. Erabaki horrek politikoki asko mugatu nauela badakit, hizkuntza, pentsaera eta jario hoberenak gazteleraz ditudalako, hautu argia egin nuen, ordea, beharrezkoa zela bainekien.

Ikasle Abertzaleak gertutik ezagutu duzu.

Institutuan hasi nintzen. Ondoren, Leioara Soziologia ikastera joan eta bertan ere aritu nintzen. Aljer eta Bidarteko erorketaren ondorioz ezker abertzalea krisi potolo batetik atera eta bere estrategia egokitzen ari zen garai horretan. Borroka paradigma berri bat martxan jartzen ari zen unea da ni militatzen hasi nintzenekoa. Independentzia eraikitzea erabaki zen, komunitate berezitu egiten gaituzten zutoinak eraikuntza ikuspegiarekin landuz. Era berean, konponbiderako proposamena moldatu zen Alternatiba Demokratikoarekin. Estrategia horrek borroka eskaintza oso zabala eskaini eta herrigintzaren balio politikoa indartu zuen. Nik irakaskuntzan egiten nuen lan, baina Euskal Herria eraikitzeko proiektu oso baten parte sentitzen nintzen.

Eta pertsonalki zer eman zizun ikasle mugimenduak?

Eskola praktiko bat izan zen niretzat. Talde dinamika batean milititatzen nuen lehen aldia zen, proiektuak elkarrekin aurrera ateratzen genituen eta horrek sortzen duen elkartasuna, kohesioa, dinamika ezagutu nuen. Praktika politiko horretatik egin dut, gainera, nire kultura politikoa. Garai horretan hezitakook Euskal Herria ikasi genuen, beste elementu politikoak baino lehen.

Egizaneko militantea ere izan zinen.

Aitortuko dut Egizanera pasatzea krisi moduko bat izan zela niretzat. Pertsonalki ez nengoen ehuneko ehunean, eta gazte militantziatik helduen militantziara igarotzea gogorra izan zen. Trauma txiki bat izan zen. Ikasle Abertzaleak barruan bizitako fase berdina egokitu zitzaidan gainera. Egizan barne hausnarketa handi batean zegoen, bere burua birkokatu nahian.

Zu sartu eta berehala Egizan disolbatu egin zen.

Bai. Konstatazio batetik abiatu ginen: ordura arteko ereduak ez zuen balio. Guk erakunde bisagra deitzen genion, izan ere, ezker abertzaleko antolakundea izanik, ezker abertzaleko gainontzeko erakundeetan irizpide feministekin eragin, eta, bestalde, estrategia feminista garatu behar zuen Egizanek. Ez zuen funtzionatu, ez batean ezta bestean ere. Horren aurrean txoke terapia bat proposatu genuen: disolbatu eta ezker abertzaleko antolakunde guztietan prozesu pedagogiko bat martxan jartzea erabaki genuen, ezker abertzalea feminista izan zedin konpromisoak eta inbertsio politikoak zehazteko. Era berean, mugimendu feministan eraikuntza nazionalean oinarritutako estrategia garatzeko antolakunde feminista autonomoa osatzeko apustua egin genuen.

Ezker abertzalea feminista izateko asmoarekin prozesu feministaren sukaldean ibili zinen.

Batzar pila bat egin genituen eta arazo batekin egin genuen topo: ezker abertzaleko gizon eta emakume askok ez zuten feminismoa txertatzeko beharrik ikusten. Prozesu pedagogiko eta parte hartzailea egin genuen, militante orok ikus zezan arazo bat genuela eta neurri batzuk hartu behar genituela.

Ikasle Abertzaleak erakundearen baitan nire pentsamendu eskema egin nuen, baina prozesu honetan ezagutu nituen benetako ezker abertzalea eta bertako emakumeak. Herrietan sekulako jakinduria topatu nuen, hor konturatu nintzen zer-nolako potentziala dugun. Ezker abertzaleko militanteei diedan errespetuak hor hartu zuen forma, ezker abertzalea sentitzeko eta bertan aritzeko baloreak piztu zitzaizkidan orduan. Antolakundeen gainetik, gainera, emakumeon arteko aliantza bereziak osatu ziren. Batzuek arrisku moduan ikusi zituzten, baina nik uste aktibo bat izan zirela eta badirela.

Eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorrera nola gogoratzen duzu?

Oso-oso polita izan zen, asko ikasi nuen, oso berria zen dena... Abiatu aurretik diagnostiko sakon bat egin genuen, sexuen arteko harremanen egoera arloka aztertuz. Euskal Herria ezagutzeko beste ariketa izugarri bat izan zen hura. Euskal Herri berri bat eraikitzeko anbizioa zuen antolakunde autonomoa nahi genuen, baina Euskal Herrikoa eta abertzalea. Era berean, estrategia erreal eta pragmatiko-praktiko bat gauzatu nahi genuen, eta, horretarako, plan estrategikoa egin genuen. Ez genuen, gainera, erakunde klasiko bat egin nahi, eta, hortaz, sare moduko funtzionamenduaren alde egin genuen: feministei, dauden tokian egonda –lantokian, taldean edo talde mistoetan–, praktika feminista bat aurrera eramateko tresnak eskaintzea zen gure bokazioa, eta, bidez batez, praktika feminista horiek saretzea.

Nola ikusten duzu euskal feminismoa?

Faktore desberdinek eraginda beste inflexio puntu batean ikusten dut orain. Feminismoak berak izandako ibilbide eta teorizazioak, sistema sozialak jasandako aldaketak eta Euskal Herrian prozesu politiko berri bat martxan egoteak eragina du; horregatik, euskal feminismoak hiru elementu horien gaurkotze eta egokitzea burutu behar du nire ustez. Autonomiatik feminismoaren lekua eta aliantzak zehaztu, trantsizio feministarako proposamena eskaini eta feminismo desberdinak erronka konpartitu honetan batzeko proposamena egin behar da. Feminismoak emakume guztien solaskide izan behar duela ahaztu gabe; ez gara bakarrik kontzientzia feminista duten horiekin aritu behar. Praktika feminista herriratu egin behar da; azken garaian nahiko elitizatuta egon delakoan nago.

 Eta nola ikusten duzu ezker abertzalea ikuspegi feminista batetik?

Prozesuak bazituen berezko zailtasunak, inoiz ez baitzegoen ezer irabazia. Ilegalizazioek, baina, haustura politikoak ekarri eta transmisio politikoa behin eta berriz eten zuen. Prozesu feminista bera ere eten egin zen, baina berriz gaude bidean. Aurretik egin genuenaren garapen gisa bizi behar da oraingoa. Lehen fase hura denon artean egin beharreko ariketa zen, mugimendu gisa berretsi behar dena, baina oraingo erronka antolakunde bakoitzak bete behar duen funtzio politikoan perspektiba feminista nola txertatu behar duen asmatzea da.

Eta gainontzean nola ikusten duzu ezker abertzalea?

Ezker abertzalearen iniziatibaz ziklo politiko berri bat ireki da. Urte hauetan iniziatiba horrek benetako kontraesan politikoak jarri ditu agerian; oso argiki gainera. Orain iniziatiba politiko berriak beharko ditugu kontraesan horiek norabide independentista batean gidatzeko. Estrategia politiko berriak borroka paradigma aldatu du era berean. Orain ezker abertzaleak ez du bere baitan salto kualitatiboak eta haustura politikoak behartzeko borroka molde espezifikorik, orain haustura horiek dinamika politiko eta sozialak bultzatu behar ditu. Salto kualitatibo horiek Euskal Herrian egin behar dira, bertako eragileen artean, Euskal Herrian dauden indarren artean. Konplizitateak eta adostasunak bilatu beharko dira. Hortaz, ezker abertzaleak bere burua egokitu behar du estrategia politiko berria garatzeko eta beharrezkoa den aktibazio soziala eragiteko. Hori da antolakunde baten funtzioa, baldintza politikoak sortu eta bere eremua eragile politiko bihurtu.

Nola egin behar du berrasmatze hori?

Berrasmatzea mugimendu gisa egin behar dugu, baina baita antolakundez antolakunde ere. Kontutan hartu behar da, gainera, sindikalgintzak eta eremu politiko instituzionalak zilegitasun eta eraginkortasun krisi orokorra bizi dutela. Ariketa bikoitza egin behar da, beraz. Nik uste dut, alabaina, ezker abertzaleak badituela bitarteko egokiak prozesu horretan asmatzeko. Aldaketa politiko eta soziala bilatzeak tentsionamendu eta autokritika gaitasun handia sortzen digu, mugimendua gara, gure espresio politikoa ez da alderdi bat, herritar batasuna baizik, eta, bestetik, sindikalgintza sozioekonomiko eta ez korporatiboa garatzeko nahia dugu. Badago, baina, kezkatzen nauen elementu bat: ezker abertzalea bere antolakundeak baino gehiago izan da beti, sentimendu bat izan da, borroka jarrera bat, pertsona ezberdinak lotu dituen leialtasun hari bat eta hori mantendu egin behar da.

Erbesteratu ere egin zinen. Ama zinen ordurako, ez zen erabaki samurra izango.

Ez, ez. Horrek indartu zuen ezker abertzalearekin eta egiturazko aldaketarekin nuen betebeharra. Parez pare jarri ninduen borroka eta militantziarekin. Nik uste dut emakumeei maizago gertatzen zaigula hori. Emakumeok asko dugu kudeatu beharra: seme-alabak, familia... Horrelako urrats bat ematen duzunean parez pare jartzen zara irabazi eta galdu duzunaren aurrean. Oso ariketa gogorra baina zintzoa izan zen nire buruarekin egin nuena, indartu egin ninduen. Sasiratzeko urratsa politikoki oso-oso sendoa izan zen, behartua, baina politikoki oso sendoa.

Espetxea ere barrutik ezagutu duzu.

Denbora gutxi eman dut kartzelan, lau urtez egon naiz Fresnesen. Niretzat espetxea borroka eremu bat izan zen. Ez zen nire militantzia eten, egokitu egin zen eta ikaragarri ikasi nuen. Kanpoan egiterik izan ez dudana egin nuen barruan. Nire pena bakarra denbora gehiago ez aprobetxatzea izan zen. Rosa Luxemburgok bere idatzietan zioen lehenengo espetxealdia ez zuela asko profitatu, bigarrena gehiago eta hirugarrena are gehiago. Bigarren bat baldin badator, ikasitakoarekin gehiago profitatuko dut!

Nola bizi da amatasuna kartzelan? Eta erbestean?

Nik oraindik badut askatu gabeko korapilo bat. Askok bezala, bakoitzak bere motxila darama, eta nik nirea hor dut. Baina bai sasian eta baita espetxean ere ama izan daiteke. Niretzako militantzia esparrua izan zen amatasuna ere. Nik nire burua behartu nuen ama izatera, nire mugekin, nire ikuspegi eta eragiteko aukera mugatuekin, baina ama izatera behartu nintzen. Distantziak ekar dezakeelako ez urruntze bat, hori ezinezkoa delako, baina bai eragiteko ezintasuna, eta horrek erabakiak ez hartzera, ez egotera eraman zaitzake. Baita minak ere, batzuetan hobeto da-eta ez pentsatzea, pentsatzen jartzen zarenean... ufa! Zaila da modu inteligentean pentsatzea, minari aurre egin eta eragiteko pentsatzea. Ariketa horiek egin nituen sasian eta espetxean, eta, ez dakit, denborak esango du. Baina ama izan daiteke, senide edo bikote izan daitekeen bezala; sasian eta espetxean maita daiteke, harremanak izan daitezke, desberdinak, baina bere horretan duten balioa gutxitu gabe.

 Amatasuna arma gisa erabili zuten zure aurka.

Atxilotu eta epaile aurrera eraman nindutenean horiek izan ziren epailearen lehen hitzak: nolatan joan zara senarra eta semea utzita? Nik utzi ez nituela esan nion, borrokan ari nintzela eta ezin nuela haiekin egon, baina ez nituela utzi, ez genuela hautsi, harremana birformulatu genuela. Espetxean ere emakumeekin, bereziki amekin, errepresio moral handia erabiltzen dute. Indarra izan behar duzu hura identifikatu, babes mekanismoak jarri eta pertsona bezala autodeterminatzeko, erabakiak hartzeko eta zure lekua babesteko.

Orain Hendaia duzu bizitoki.

Hendaian bizi naiz, bertan lan egiten dut, baina oraindik ez naiz etxera iritsi eta horrek egoera koiuntural etengabean zauden sentsazioa eragiten dizu. Hori militante askori gertatzen zaigu, eta agian hori ere bada gure bizitzeko modua. Ez gara inoiz egonkorrak izango, beti edukiko dugu egoera koiuntural batean gauden sentsazioa eta horrek dakarren askatasuna, inplikazioa, momentua bizitzeko modu desberdina... Hor nago ni orain.

Iheslariok etxeratze prozesua kudeatzeko erabakia hartu dugu. Iheslari batzuk etxeratu dira jada eta beste iheslari batzuek borondate bera dugu. Bilatu beharko dira bideak, eta behar diren babes eta akordioak. Orain arte ezin izan dut, baina iritsiko da.

LABeko militantea zara orain. Zein da zure lana?

Ipar Hegoa Fundazioan egiten dut lan. Oso lan polita da. Sindikalgintza eta LAB erronka handi baten aurrean daude, asmatzeko obligazioa dugu; egoera ekonomiko eta soziala oso larria da eta gure herriaren biziraupena bere bideragarritasun ekonomikoan oinarrituko da hein handi batean.

Formakuntza eremuan bi eginkizun ditugu. Batetik, ordezkari eta militante sindikalen ahalduntzea, ezinbestekoa dena nire ustez. Eta, bestetik, ildoa elikatzeko gogoan sakontzea. Egun gure gogoeta hiru ataletan kokatzen da nagusiki: aldakorra den egoera ulertzeko bitartekoak ematea, eredu sindikala berritzeko hausnarketa elikatzea eta Euskal Herriak behar duen estrategia sozioekonomikoa bultzatzeko ekarpena egitea.

No hay comentarios:

Archivo del blog