"AHTarekin ikusten ari garenez, ez dakigu
proiektua gizarte ikuspegitik baliagarria izango den, baina hondamen
ekologikoa hor dago. Hau da garrantzia daukan bakarra: a) azpiegitura
horiek inposatzen dituen estatuaren autoritatea sendotzea, eta aurre
egiten dioten herriak mespretxatzea; b) premiak sortzea, lehen ez zeuden
lekuan; eta c) amore eman araztea, azpiegitura handien alternatiba oro
alferrikakoa eta are kaltegarria dela sinetsaraziz."
Olentzero antidesarrolistak
Haur maiteok:
2009ko abenduaren 22an zortzi
olentzerok protesta-ekintza bat egin genuen Barakaldoko Megaparkaren
erdi-erdian, desarrollismoaren aurka: AHT, Supersur, porlanaren
inbasioa. Horregatik, urriaren 6an epaituko gaituzte. Hiru urte eta 6
hilabeteko espetxe aldiko eskaerari aurre egin beharko diogu. Ekintza
honetan zementuzko bidoi batzuetara kateatu ginen Megaparken. Izan ere,
espazio hori gure herrialde txikiko kontsumismoaren izugarrikeria
handiena da. Ez hori bakarrik; bidoiak jarri genituen lekuaren ondoan
(Ikeako sarreran), AHTko obrak (Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea) eta
Supersur igaro behar ziren.
Izan ere, ekintzaren lekua eta
eguna ez ziren kasualitatea izan. Megapark, Barakaldoko kudeaketa
“sozialistaren” amarru handietako bat, hezegune baten gainean eraiki
zuten, Barakaldoko Desertua. Antzina ederra zen, Iberiar Penintsula
osoko “txokorik xarmangarrienetako bat”, hain zuzen ere, Wilhelm von
Humboldt hezeguneak izan zuen bisitari ospetsuaren hitzetan. Orain,
ordea, autoz joatera behartzen gaituzten lekua da, irabazten dugun diru
apurra xahutzeko; eta gainera pentsatzen dugu “ez garela tontoak”,
merkeago erosten dugulako.
Baina, horrez gain, ekintza egin
genuenean ingurunearen suntsiketa amaitu gabe zegoen. Supersurreko obrak
beranduxeago etorri ziren, Errekatxoraino, hau da, Ezkerraldeko “biriki
berderaino”. AHTari dagokionez, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea ez
atzera ez aurrera dago, baina baliteke proiektua berpiztea, baldin eta
krisia amaitzen bada eta “euskal Ya” eraikitzen bada, nahiz eta (erdi
eginda dagoen arren) dagoeneko gure herriko historiako azpiegiturarik
garestiena bihurtu den.
Ez da kasualitatea Gabonak
aukeratu izana protesta hau egiteko. Data hauetan bizitzen den
kontsumismo basatiak zuzeneko zerikusia du AHT eta Supersur bezalako
azpiegiturekin; horrelakoak ez dira bakarrik eraikitzen mugikortasuna errazteko, baizik eta, batez ere, areagotzeko.
Oso azkar joatea inoiz ez da nahikoa izango; beti ibili arazi ahalko
gaituzte are azkarrago. AHTarekin ikusten ari garenez, ez dakigu
proiektua gizarte ikuspegitik baliagarria izango den, baina hondamen
ekologikoa hor dago. Hau da garrantzia daukan bakarra: a) azpiegitura
horiek inposatzen dituen estatuaren autoritatea sendotzea, eta aurre
egiten dioten herriak mespretxatzea; b) premiak sortzea, lehen ez zeuden
lekuan; eta c) amore eman araztea, azpiegitura handien alternatiba oro
alferrikakoa eta are kaltegarria dela sinetsaraziz.
Protesta hura egitera eraman
gintuzten arrazoiak inoiz baino sendoagoak dira orain, Supersur
kaltegarri eta diru-xahutzailea amaituta dagoelako eta batez ere
Abiadura Handiko Trena eraikitzen ari direlako oraindik. Horrek zor
ekologiko, sozial eta ekonomiko izugarria sortuko digu. “Euskal Yaren”
obrak oso larriak dira honezkero eta oraindik asko falta da amaitzeko.
Bultzatzen duten bizimodua (Gabonetako “gehiegikeriak” horren adibide
garbia dira) ez da krisiarekin baretu; haatik, gero eta okerragoa da.
Eta AHT Gelditu!ren eta Mugitu!ren protesta-ekintzek behin eta berriro
gogorarazten digutenez, AHTren aurkako borroka ez da desagertu.
Orain hiru urte eta erdiko espetxe-aldiko eskaera egin digute, ez
bakarrik bidoietara kateatu ginen zortzi olentzeroei, baita ekintzan
zehar atxilotu zuten beste pertsona bati ere. AHTren aurkako borrokaren
hogei urtean protesta baketsu bat egiteagatik inoiz izan den
espetxe-eskaerarik handiena da, tartalarien kasuaren atzetik. Baina guk
geure ekintzaren erantzukizuna geure gain hartzen dugu, agintariek ez
bezala, urteak baitaramatzate proiektu garesti, kaltegarri eta ergel hau
bultzatzen, sortu dituen kalte ikaragarriak aitortu gabe (besteak
beste, zazpi langile hil dira lanetan).
Beraz, badakizue, haurrok: AHTren azken hitza ez dago esanda
oraindik. Olentzeroen aurkako epaiketaz gain beste prozesu bat dago
egiteke: 2010eko uztailean AHTko obrak eteteko asmoz Itsasondoko
meatzeetan kateatu ziren lau lagunena. AHTa gelditzea posible da.
CARTA EN CASTELLANO: http://eh.lahaine.org/eusk-cast-carta-del-olentzero
No hay comentarios:
Publicar un comentario