Lagun handi bati gertuko bi hil zaizkio
aurten. Pablo Molano Bartzelonan hil eta hurrengo egunetan, bere
gertukoek heriotza katarsi bihurtu zuten. Monoteismoengan fedea galdu
duten gure gizarteotan jende asko gelditzen da heriotzaren ostean zer
egin jakin gabe. Kristaua ez bazara, adibidez, eta lurperatu beharrean
erraustea hautatu baduzu: nork hitz egingo du gorpua errauts bilakatu
aurretik? Zer esango da errautsak airera botatzean? Abestu egingo da?
Zer? Bada bertaratutako guztiek ezagutuko duten abestiren bat? Molanoren
heriotzaren ostean, eraikin bat okupatu zuten bera okupa zelako.
Lehenago manifestazio bat egin zuten, memoria kolektiboaren bideetatik,
M-15ean parte hartu zuen Katalunia plazan. 2010eko greba orokorrean
okupatu zuten Banesto Bankuaren aurretik pasa ziren «una vaga no cap en un sol dia»
oihukatuz. Heriotzan ere bere gertukoak batu zituen eta bere etsaiei
aurpegian listu egin zien Lopez Petitek esan zuen bezala. Larunbatean
alde egin zuen Iruñean Andoni Iribarrenek. Eta nabarmentzekoa izan zen
asteazkenean, Iruñeko Ziudadelan senide lagun lankideek egin zioten
omenaldia. 300 lagun espazio publikoa behin-behinean okupatzen:
dantzatzeko, propio egindako abestiak abesteko, bertsoak botatzeko,
ipuinak kontatzeko, bizitzako pasadizoak kontatzeko, gogoko zuen abesti
bat entzuteko, bere akats eta bertuteez hitz egiteko. Bizitzaren
ospakizun bat frontoietan, erraldoien konpartsan, muntatu eta mantendu
zuten udal ikastolan, dantza taldeetan, mendi taldean.
Bai, bada alternatiba bat, heriotza bizitzarekin gainditzeko gaitasun bat, bizitza aktiboa, eskuzabala, militantea, tradiziozkoa, sortzailea izan dutenentzat. Haien komunitate biziek errekurtsoak dauzkate monoteismoaren erritoen mailara iristeko, gainditzeko, originalak izateko. Eta besteek? Lortuko al dute —Pound-en hitzekin esateko— «paradisura joan nahi ez eta borrokatzen jarraitzeko»?

No hay comentarios:
Publicar un comentario