antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2016/10/04

AUTONOMOETAKO "BAKUNIN" Iñaki Petxarroman

"Lagunek eta kideek Naparra eta Bakunin deitzen zioten. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen Ziburura (Lapurdi), norbaitekin zuen topaketa batera. Orduan desagertu zen; Ziburun ikusi zuten azkeneko aldiz, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. Batallon Vasco Español (BVE) erakundeak ohar batzuen bidez jakinarazi zuen bahitu eta Donibane Lohitzuneko Txantako inguruan ehortzi zuela."
                     
              Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra Iruñean jaio zen, 1958ko apirilean. Haren aitona Nafarroako hiriburuko alkateorde errepublikanoa izan zen. Hiru anaia-arreben arteko bigarrena, Iruñean ez ezik, Alegian (Gipuzkoa) ere igaro zuen haurtzaroaren zati handi bat, hangoa baitzuen aita.

Jesuiten eskola batean hezia izan zen, eta gaztetatik piztu zitzaion Euskal Herriak bizi zuen egoera sozial eta politikoarekiko kezka. Ikasle erakundeetan aritu zen, artean adingabea zela, frankismoaren aurkako borrokan. Militantzia politikoan sakontzearekin batera, bere burua trebatzen hasi zen testu politiko klasikoak irakurriz. Besteak beste, ezkerreko mugimendu iraultzaileetako erreferenteak zituen gustuko: Leon Trotski, Mikhail Bakunin eta beste hainbat. Frankismoaren hondarreko eta trantsizioaren hasierako urte odoltsuen lekuko izan zen; tartean, Iruñeko 1978ko sanfermin odoltsuetan. Francoren heriotzaren ondoren, LKI-ETA seigarrenean sartu zen Naparra. Merkataritzako eskolak ematen hasi zen unibertsitatean, baina ez zen eskoletara askorik agertzen. Kalean zegoen zurrunbilo politiko biziari grina handiz kasu egiten zion Etxeberriak. Eztabaida ideologiko handiak izan zituen LKI-ETA seigarreneko kideekin, eta ETApm-ra egin zuen jauzi; hain zuzen ere, Komando Berezietara. Egitura horiek adar politiko-militarreko zuzendaritzarekin izan zituzten tirabiren ondoren, ETA militarrera igaro zen Naparra, talde berezietako gainerako militanteekin batera.

Alabaina, ETAren egitura hierarkikoarekiko desadostasuna gero eta ageriago azaltzen zuen, eta horrela pasatu zen Komando Autonomo Antikapitalistetara. 1978ko abenduan Bidasoako muga pasatu, eta Ipar Euskal Herrian finkatu zuen bere zeregin politiko-militantea. Urte haietan, eztabaida handiak izan zituzten autonomoek eta ETAko gainerako bi adarretako kideek, besteak beste, Naparrak eta beste kide autonomoek zilegitzat jotzen zutelako sistema kapitalistari ideologikoki eusten ziotenen aurka jotzea, nahiz eta zuzenki Espainiako Estatuaren egituretako adar ez izan. Hala, adibidez, abortuaren aurka zeuden medikuen aurkako ekintzak zilegi ikusten zituzten autonomoek.

Lagunek eta kideek Naparra eta Bakunin deitzen zioten. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen Ziburura (Lapurdi), norbaitekin zuen topaketa batera. Orduan desagertu zen; Ziburun ikusi zuten azkeneko aldiz, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. Batallon Vasco Español (BVE) erakundeak ohar batzuen bidez jakinarazi zuen bahitu eta Donibane Lohitzuneko Txantako inguruan ehortzi zuela.

Haren senide eta adiskideek egunak eman zituzten Naparraren bila, baina ez zuten aurkitu. Bitartean, BVE erakundeak ohar gehiago kaleratu zituen lurperatuta zegoen beste toki batzuk adieraziz —besteak beste, Mont de Marsan (Frantzia) aipatu zuen; orain Iñaki Errazkin kazetariari informazioa helarazi dionak Mont de Marsan gertuko udalerri bat aipatu du—, baina inon ez zen agertu haren gorpurik. Efe Espainiako albiste agentziak argitaratu zuen Naparra bere kideek hil zutela, eta horrek haren desagertzearen anabasa korapilatu besterik ez zuen egin.

Frantziako Estatuko auzitegiek 1982an artxibatu egin zuten kasua, ikerketan zantzu berriak agertu bitartean. Senideek 1999an Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarri zuten, eta eskatu hainbat lekuko deitzeko deklaratzera; besteak beste, Jose Antonio Sanchez de Santamaria, garai hartako Espainiako Poliziaren buru zena; Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño inspektorea; eta Manuel Ballesteros, MULC Borroka Antiterroristaren Zuzendaritza Bakarraren gidaritzan aritutakoa.

Auzia ikertu zuen Ismael Moreno epaileak, eta Jose Diaz Herrera eta Rafael Cide Cambio 16 aldizkariko kazetariak ere deklaratzera deitu zituen. Haiek esan zioten BVEko Perret anaien taldea zegoela nahastuta Naparraren desagertzean. Dena dela, epaileak inor ez zuen deitu deklaratzera, eta 2004an artxibatu egin zuen kasua.

Gero, NBE Nazio Batuen Erakundera jo zuten Etxeberriaren senideek, eta 2014an desagertze behartu gisa onartu zuen Naparra auzia. NBEk informazioa igorri zion Espainiako Gobernuari, kasuari heltzeko gomendio batzuekin batera; Frantziari ere eskatu zion informaziorik. Bi gobernuek, ordea, ez dute ezer egin.

Berriki, «estatu terrorismoarekin» lotutako pertsona batek eman du informazioa Naparra lurperatuta non dagoen. Auzia berriro irekitzeko bidean egon liteke.

http://www.berria.eus/paperekoa/2019/013/001/2016-10-02/autonomoetako_bakunin.htm 

No hay comentarios:

Archivo del blog