antikapitalismoa-autogestioa-oroimena-komunismoa-herrigintza-duintasuna-formakuntza-asanblada-autodeterminazioa-parekidetasuna-borroka-elkartasuna-okupazioa-eztabaida-sozialismoa-lurralde batasuna-antinperialismoa-autonomia-iraultza-euskara-amnistía-internazionalismoa-langileria-kultura-erresistentziak.... KONTAKTUA: izartubuletina@gmail.com




2017/03/29

EDUARDO IZARZUGAZA BRIGADISTA INTERNAZIONALISTARI ELKARRIZKETA Mikel Rodriguez

"Erdoganek sistema presidentzialista bat ezarri nahi du, gobernu totalitario bat egiteko."

Turkiako Poliziak joan den ortzegunean atxilotu zuen Kurdistanen Eduardo Izarzugaza brigadista (Otxandio, Bizkaia, 1970). Deportatu egin zuten, eta larunbatean ailegatu zen Euskal Herrira. Turkiak ez du nahi bisitariek Kurdistango egoeraren berri ematea, Izarzugazaren ustez. Gatazkaren ondorioak ikusteko asmoz joan zen Kurdistanera, baina atxilotu eta deportatu egin zuten iragan astean.

Zein helbururekin joan zineten brigadistak Kurdistanera?

Newrozerako [kurduen urte berriko bestarako] joan ginen Diyarbakirrera, eta ondorengo egunetarako programa bat geneukan, baina, egoera oso txarra denez, apur bat inprobisatu egin behar izan genuen. Nusaybinera joan nahi genuen. Hiri hori setiatuta egon da, eta suntsituta dago. Asmoa zen kontaktu bat lortzea, hiria ikusi, argazkiak atera, eta, gero, hemen artikulu batzuk argitaratzea egoeraren berri emateko. Baina Nusaybinen ez dago inor, eta Licera joatea erabaki genuen.

Armadak operazio bat egin berri zuen Licen.

Lagun bat geneukan han, eta bagenekien armada operazio bat egiten ari zela 10.000 soldadurekin, eta herri osoa hartua izan zutela. Bagenekien hainbat herritar hil zituztela, atxiloketak egon zirela, eta testigantzak bildu nahi genituen. Joan ginenean, armada erretiratzen ari zen, eta errepide bazterrean ikusten genituen armatuta eta minak aurkitzeko tresnekin. Baina Licen polizia pila bat zeuden. Hasieratik etorri ziren gure atzetik, pasaporteak eskatu zizkiguten, ea han zertan ari ginen galdetu... Turismoa egiten ari ginela esan genien, gure lagunak han etxea zeukalako. Polizia etxeko arduraduna ere etorri zitzaigun galdetzera. Ez genuen arazorik izan, baina denbora guztian atzetik eduki genituen.

Mintzatu zineten inorekin?

Gizon batekin egon ginen, bankari bat. Azaldu zigun hamabost egunez egon zirela etxetik atera ezinda, eta iloba hil zitzaiola armadak botatako bala galdu bategatik. Baina ikusi genuen polizien aldetik ez ginela ongi etorriak, eta herritik alde egitea erabaki genuen, Diyarbakirrera bueltan.

Itzulerako bidean atxilotu zintuzten.

Diyarbakirrerako sarreran Poliziaren kontrol bat zegoen. Furgonetatik atera, eta neskak eta mutilak banatu gintuzten. Sakelakoak eskatu zizkiguten, eta, Newrozen ateratako argazkiak geneuzkanez, saiatu ginen ezabatzen, baina ez zigun denborarik eman. Orduan, hasi ziren esaten denok polizia etxera joan behar genuela, baina gurekin zegoen katalan batek esan zien eskubidea genuela enbaxadara deitzeko; italiar bat eta kolonbiar bat ere gurekin zeudenez, hiru enbaxada lirateke guztira, eta apur bat urduri ipini ziren. Orduan, polizia bat hasi zen turkieraz niri deika, hartu ninduten, eta ibilgailu batean sartu ninduten.

Zer arrazoi eman zizuten?

Komisarian denak turkieraz ari ziren, eta galdetu nien ea atxilotuta nengoen. Ezetz esan zidaten, baina ni ikertzen hasiko zirela.

Ez zeunden atxilotuta, baina ezin zinen handik mugitu?

Gero, nire lagun bat etorri zen polizia etxera, eta esan zidan «poliziaren zaintzapean» nengoela.

Zerk bereizten du atxiloketatik?

Praktikan, atxiloketa bat da. Ezin ninduten kalabozoetara jaitsi, eta aulki batean eduki ninduten. Hurrengo egunean, abokatuak etorri ziren, eta esan zidaten poliziak ikertzen aritu zirela eta ez zekitela nirekin zer egin. Horrela esan zidaten. Akusaziorik al nuen galdetu nien, eta «PKKren propaganda banatzea» leporatzen zidatela esan zidaten. Epaitegitik pasatu nintzen, eta fiskalak absoluzioa eskatu zuen. Baina poliziak etorri, eta berriz eraman ninduten, fiskalak deportazioa ere eskatu zuelako. Igandean joatekoak ginen, eta ordura arte polizia etxean egon behar nuela esan zidaten. Baina lagunei esan nien ez nuela egun eta erdi gehiago igaro nahi komisarian; polizia batzuk oso erasokor zeuden, joko ninduten keinuak egiten eta ni beldurtu nahian; horregatik, pentsatzen nuen baten batek azkenean joko ninduela. Hortaz, biharamunerako atera zidaten hegazkineko txartela.

Zer-nolako egoera politikoa aurkitu duzue?

Apirilaren 16ko erreferendumerako kanpainan daude. Erdoganek sistema presidentzialista bat ezarri nahi du, gobernu totalitario bat egiteko. Kurduen esku dago baietza edo ezetza, eta beldurra sartu nahian dabiltza ez daitezen botoa ematera joan. Turkiak ez du nahi horren berri izatea, eta kanpotik joaten direnei ohartarazpen bat egiteko atxilotu ninduten. Beste edonor izan zitekeen.

Iturria:
http://www.berria.eus/paperekoa/1872/012/001/2017-0329/kanpotik_joaten_direnei_ohartarazpen_bat_egiteko_atxilotu_ninduten.htm
 

No hay comentarios:

Archivo del blog